Pasa den ekainaren 27an UEMAk antolatzen dituen Salto! Udalekuetan parte hartu duten 100 gazteek, bi zutabetan banatuta, astebeteko ibilbidea hasi zuten. Lehenengo zutabea Tolosatik abiatu zen eta bigarrena, berriz, Etxarri Aranaztik. Ekainaren 30ean bi zutabeek bat egin zuten Leitzan eta hor izan ziren uztailaren 3ra arte.
Udalerri euskaldunetako gazteen Salto! Udalekuen xede nagusia da gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta elkarren arteko sareak sortzea. Hori lortzeko, ibilbidean zehar hainbat eragilerekin batera antolatutako jarduerekin gozatu ahal izan dute parte-hartzaileek: igaro dituzten herrien historia, kultura edota euskararen egoera ezagutzeko bisita gidatuak; Euskal Herriaren eta euskal kulturaren historia Iñaki Perurenaren ahotik Peru-Harri museoan; Gazte Euskaltzaleen Sarearen aurkezpena; euskararen inguruko tailerrak, bertso afariak, euskal kantuekin girotutako gaubeila…
Gazteak eta arnasguneak
Udalekuetan euskararen etorkizunerako funtsezkoak diren bi elementuren inguruan hausnartu dute gazteek: gazteria eta arnasguneak. Alde batetik, gazteek euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazi nahi izan da. Bestetik, arnasguneek duten garrantziaren berri eman zaie UEMAk berak garatu duen euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektuaren bidez.
Udalekuetan euskararen etorkizunerako funtsezkoak diren bi elementuren inguruan hausnartu dute gazteek: gazteria eta arnasguneak
Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute eta datorren urteari begira, egitasmoa hobetu nahian, zenbait berrikuntza aztertuko direla aurreratu dute, hala nola, udalekuak 10 egunera luzatzea edo hasieratik kide guztiak zutabe bakarrean batzea.