Elikagaien Krisien aurkako Sare Globalak (GNAFC) egin duen azken Elikagaien Krisien Inguruko Munduko txostenaren (GRFC) arabera, 58 herrialdetako 258 milioi pertsona inguruk elikadura-segurtasun falta akutua izan zuten 2022an, 2021ean baino 65 milioi gehiagok.
Maiatzaren hasieran argitaratu den txostenak ohartarazten duenez, hurrengo hilabeteetan egoerak ez du hobera egingo eta, gainera, herrialde kaltetuen erresilientzia ekonomikoa nabarmen murriztu da azken hiru urteetan. Herrialde horiek susperraldi luze bati aurre egin beharko diote, baina, bitartean, etorkizunean izan daitezkeen krisiei aurre egiteko gaitasun txikiagoa izango dute.
Gerraren eragina
Azterlanaren arabera, Ukrainako gerrak herrialde pobretuenei eragin die bereziki, elikagaien inportazioen mende daudelako. Ukrainak eta Errusiak izugarri laguntzen dute munduko erregaien, nekazaritza-intsumoen eta premiazko elikagaien ekoizpenean eta merkataritzan, bereziki garia, artoa eta ekilore-olioa. Horri gehitu behar zaizkio, azken urteotan, krisi ekonomikoen ondorioak, prezioen igoera eta krisi klimatikoa.
Egoitza nagusia Erroman duen Elikagaien Krisien aurkako Sare Globalaren barruan, besteak beste, honako erakunde hauek parte hartzen dute: Europar Batasuna, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO), Unicef, Elikagaien Munduko Programa eta Munduko Bankua.
2022ko datua aintzat hartuta kopuru hori laugarren urtez jarraian igo dela azpimarratu behar da. Ez hori bakarrik, 2016an azterketa hau egiten hasi zenetik, iazkoa erregistratu den kopururik altuena da. 2016. urteaz geroztik, elikadura-estresa jasan behar duten pertsonen kopurua hirukoiztu da, 83,3 milioitik 258 milioira, hain zuzen ere. Kopuru hori tentuz aztertu behar da, txostengileek azaltzen duten moduan, azken txostenetan aztertu den biztanleria zabalagoa baita.
Joera kezkagarria
Oro har, 2022an, elikagaien segurtasun falta akutua % 22,7ra iritsi zen, aurreko urtean baino 1,4 puntu gehiago. Txostenaren hitzaurrean NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek deitoratu duenez “kopuru hori onartezina da”. Guterresen ustez, ondorioek erakusten dute gizateriak porrot egin duela elikagaien segurtasunerantz aurrera egiteko orduan.
Pasa den urtean izan ziren hamar krisi larrienak honako herrialde hauetan izan ziren: Kongoko Errepublika Demokratikoa, Etiopia, Afganistan, Nigeria, Yemen, Birmania, Siria, Sudan, Ukraina eta Pakistan. Herrialde hauetan elikadura-segurtasun falta egoeran dauden 163 milioi pertsona bizi dira, hots, mundu osoan egoera horretan aurkitzen diren pertsonen % 63. Ikerketak azaltzen duenez, horietako askok hainbat urtez jasan behar izan dute egoera hori, 38 herrialdek pertsona horiek erregistratu baitituzte txostenaren aurreko edizioetan.
Zazpi herrialdetako biztanleriak aurre egin behar izan dio ahuleriari edo gose akutuari 2022an zehar. Horietatik guztietatik, erdia baino gehiago Somalian bizi dira (% 57). Muturreko egoera azaltzen duten beste sei herrialdeak honako hauek dira: Afganistan, Burkina Faso, Haiti (lehenengoz bere historian), Nigeria, Hego Sudan eta Yemen.
Krisiek elikadura-segurtasun falta sustatzen dute
Elikadura-krisiak elkarri lotuta dauden, elkarren artean indartzen diren eta elikadura-segurtasun falta akutuan eta nutrizioan ondorio negatiboak eragiten dituzten faktoreen emaitza da.
2022an, covid-19ak eragindako pandemiaren ondorio sozioekonomiko iraunkorrek, Ukrainako gerraren ondorioek eta lehorte errepikatuek eta muturreko beste fenomeno meteorologiko batzuek elikadura-segurtasun falta areagotu zuten.
Elikagaien Krisien inguruko Munduko Txostenak azaltzen duenez, Ukrainako gerra izan zen faktorerik esanguratsuena 19 herrialdetan, zeinetan 117,1 milioi pertsona baitzeuden elikagaien segurtasun falta akutuko egoeran.
Arrazoi ekonomikoak, berriz, pandemiaren ondorengo ondorio sozioekonomikoak eta Ukrainako gerraren ondorioak barne, elikagaien segurtasun falta izateko arrazoi nagusiena izan dira 83,9 milioi pertsona biltzen dituzten 27 herrialdetan. Herrialde pobreen erresilientzia ekonomikoa izugarri murriztu da azken urteetan eta, gaur egun, susperraldi luzeei egin behar diete aurre, etorkizunean izan daitezkeen krisiei aurre egiteko gaitasun txikiagoarekin.
Azkenik, muturreko fenomeno klimatologikoak, hala nola luzaroko lehorteak, uholdeak, ekaitz tropikalak eta zikloiak, gosetea eragiteko faktore nagusia izan ziren 56,8 milioi pertsona biltzen dituzten 12 herrialdetan. Faktore horiengatik kaltetuta izan diren pertsonen kopurua bikoiztu egin da azken hamabi hilabetetan.
Gosea eta nahitaezko joan-etorriak
Nahitaezko joan-etorriak edo lekualdaketak elikadura-segurtasun falta sustatzen duten elementuetako bat da eta, aldi berean, baita horren ondorio bat ere. Beren etxeetatik alde egitera behartuta dauden pertsonek iraupenerako bitartekoak galtzen dituzte eta, aldi berean, oztopo handiak gainditu behar izaten dituzte diru-sarrerak, laguntza humanitarioa, osasun-laguntza eta bestelako oinarrizko zerbitzuak lortzeko. Horrek guztiak pertsona horien elikadura-segurtasunarekiko zaurgarritasuna eta desnutrizioa areagotzen ditu.
2022ko erdialdean, mundu osoan lekualdatutako pertsonen kopurua, errefuxiatuak, asilo-eskatzaileak, barne-desplazatuak eta nazioarteko babesa behar duten beste pertsona batzuk barne, 103 milioira iritsi zen, 2021eko amaieran baino 14 milioi inguru gehiago.
Haurren malnutrizioa
Elikagaien Krisien aurkako Sare Globalaren txostenak agerian uzten duenez, elikagai-segurtasun falta akutua duten eskualdeetan haurren malnutrizio maila altua izateko joera dago. Horrek biztanleriaren garapena eta ongizatea oztopatzen du epe labur, ertain eta luzera. Txostenaren arabera, bost urtetik beherako 35 milioi haur baino gehiagok malnutrizioa pairatzen du. Horietatik, 9,2 milioi inguruk malnutrizio akutua pairatzen dute. Azken hori da desnutrizio-modurik hilgarriena eta haurren heriotza-kausa nagusietako bat.
Mundu mailan den elikadura-krisiak nerabeen eta emakumeen desnutrizioa ere areagotu du. Horien iraupenerako baliabideak, diru-sarrerak eta elikagai nutritiboetarako sarbidea nabarmen jaitsi dira gatazka ezberdinen, klima-aldaketaren, pobreziaren eta bestelako gorabehera ekonomikoen ondorioz, pandemiak eragindako ondorio ekonomikoak barne.
Etorkizun beltza
Elikagaien Krisien aurkako Sare Globalaren txostenaren ustez ez dirudi aurten egoerak hobera egingo duenik. Klima-aldaketaren ondorioz muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ugariagoak izango direla aurreikusten da. Ekonomiaren alorrean ziurgabetasuna nagusitzen ari da mundu mailan eta gaur egun zabalik darraiten gatazkek beran jarraituko dutela dirudi.
Aurtengo martxorako 58 herrialdeetatik 38tan eskuragarri ziren proiekzioen arabera, 153 milioi pertsonak, edo aztertutako biztanleriaren % 18k, behar larriei aurre egingo diete, eta 310.000 pertsona inguru hondamendi egoeran egongo direla aurreikusten da, Somalian (horien ia hiru laurden bizi dira bertan), baita Burkina Fason, Haitin, Malin, Nigerian eta Hego Sudanen ere.
Krisi ekonomikoak elikadura-segurtasun falta akutuaren arrazoi nagusia izango dira 22 herrialdetan, lurralde horien erresilientzia ekonomikoa larriki ahuldu baita covid-19aren pandemiaren susperraldi motelaren ondorioz. Ukrainako gerraren ondorioek egoera are gehiago larritu dute. Ukrainan bertan, eta beste bederatzi herrialdetan, gatazka armatuak izango dira faktore nagusia.
Azkenik, El Niño fenomenoa 2023ko ekainean itzultzea aurreikusten da, eta horrek baldintza meteorologiko lehorrak eragin ditzake Erdialdeko Amerikako, Hegoafrikako eta Asiako Ekialde Urruneko laborantza-eremu nagusietan. Asiako Ekialde Hurbilean eta Afrikako ekialdean, berriz, prezipitazio handiegiak eta uholdeak egon daitezkeela aurreikusten da.