New York hondoratzen ari da etxe orratzen pisuagatik

‘Sagar Handia’ inguratzen duen urak 22 zentimetro inguru egin du gora 1950. urteaz geroztik

New York hiria hondoratzen ari da bere etxe orratz handien pisuaren eraginez. Earth’s Future aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batek agerian utzi duenez, hiriak gero eta uholde-arrisku handiagoa du, eraikin handi horien pisua dela eta.

Ikerketan, Pei-Chin Wu, Meng Wei, Steven D’Hont eta Tom Parsons ikerlariek hirian diren eraikinen masa kalkulatu eta horren arabera hurrengo urteetan hiria modu naturalean zenbat hondora daitekeen aurreikusi dute. Kalkulu horien arabera, hiria urtero 1-2 mm hondoratzen da, baina zenbait gunetan tasa hori handiagoa da.

New York ez da arazo horri aurre egin behar dion hiri bakarra: ikerketa askok ziurtatu dute kostan dauden hiriak pixkanaka hondoratzen ari direla izan duten hazkundearen ondorioz. Izan ere, kostaldeko hiriak zabaldu ahala, eraikuntzaren trinkotzearen eta itsas mailaren igoeraren konbinazioak (mundu osoan 2050erako 200 mm-tik 600 mm-ra bitartekoa izatea espero da) uholdeen arriskua areagotzea dakar.

Azterlanaren egileek New York osatzen duten bost barrutietako 1.084.954 eraikinen masa kalkulatu dute eta baita horien azpian diren zoru motak eta baldintzak ere. Egitura erraldoi horien guztien masa, One World Trade Center eta Empire State Building barne, 760.000 milioi kilo ingurukoa omen da.

Ikerketaren egileen esanetan, litekeena da hondoratze tektonikoaren eta antropogenikoaren konbinazioak, itsas mailaren igoerak eta urakanen intentsitatearen hazkundeak arazo azeleratua eragitea kostaldeko eta ibaiertzeko eremuetan.

New York hiria inguratzen duen uraren maila 22 zentimetrotan igo da 1950. urteaz geroztik. Ikertzaileen ustez, ekaitzek eragindako uholde handiak orain baino lau aldiz ohikoagoak izan litezke mende amaierarako. Erronka horiei aurre egiteko, New York hiriak erresilientzia-neurriak ezarri ditu, hala nola uholdeen aurkako hesiak eraikitzea eta kostaldeko azpiegitura hobetzea.