Ez da etxe orratzentzako herrialdea

Euskal Herria ez omen da etxe orratzentzako herrialdea. Euskal herri eta hiri gehien-gehienen irudi orokorrak, kostaldeakoak zein barnealdekoak, hirigune bereziki ez oso handi batzuena izaten jarraitzen du, altuera askotako eraikinik gabe. Azken hamarkadetan horrelako eraikinen eraikuntza nabarmen hazi bada ere, nagusiki, Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoan nagusi dira solairu gutxiko eraikinak. Horregatik, hainbat herritan, gehien nabarmentzen den eraikina elizetako kanpandorrea izan ohi da.

Euskadin hiru eraikinetatik bik hiru solairu edo gutxiago dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoan 2020an kontabilizatutako eraikin eta lokalen Eustaten erroldaren arabera, EAEko udalerri gehienetan etxe orratzen kopurua oso eskasa da.

Euskadiko hiri-egoera 225.679 eraikinek osatzen dute, eta horietatik guztietatik 4.348 eraikinek baino ez dituzte 10 solairu edo gehiago, hots, eraikin guztien % 2 baino gutxiago.

Eraikin altuenak

EAEn diren etxe orratz guztien ia % 35 Bilbon daude (1.510). Horietatik guztietatik gehien nabarmentzen direnak honako hauek dira: Iberdrola Dorrea (2011) César Pellik diseinatuta eta 165 metroko altuera eta 41 solairu dituena; eta, Bizkaia Dorrea (2019) 103 metro eta 32 solairurekin. 2023. urterako aurreikusita dagoen Anboto Dorrea, 36 solairu eta 119 metrorekin, Euskadiko bizitegi-etxe orratz altuena izango da, eta Bizkaiko hiriburuko bigarren eraikinik altuena.

10 solairu edo gehiagoko 100 eraikin baino gehiago dituzten EAEko beste udalerriak honako hauek dira: Donostia (711), Gasteiz (665), Barakaldo (254), Basauri (148), Santurtzi (104) eta Portugalete (100).

Gipuzkoako eraikin altuena ez dago Donostian, Eibarren baizik: Unzaga Dorreak 77 metroko altuera du. Atotxako Dorreak 76 metro ditu eta Artzain Onaren Katedralak 75. Arrasateko Eguzki Dorreak 72 metroko altuera du eta 71 metroko altuera duen Hernaniko Onddi Dorrean Orona enpresak bere igogailuak probatzen ditu.

Gasteiz, historian zehar lau kanpandorre ikonikoz markatuta egon den silueta horizontala duen hiria, mende honetan bere skyline-aren altuera igotzen hasi da. Salburua Dorrea, 20 solairurekin eta 73,5 metrorekin da hiriko eraikinik altuena. Jarraian, Electra Gasteiz-en probarako dorrea (60 metro) eta Santa Maria Katedrala (58,75), Katedral Zaharra, aurkituko lirateke.

Iruñean, 1976. urtez geroztik, Eraikin Singularra da Iruñeko eta Nafarroako eraikinik altuena (70 metro eta 19 solairu). Basoko Dorrea da, 65 metro eta 20 solairurekin, hiriko bigarren eraikin altuena. 

Azken urteetan, etxebizitzaren prezioak izan duen gorakadaren ondorioz, biztanleria sakabanatu da eta udalerri txikietarako nolabaiteko exodoa gertatu da, hiri handietako biztanleria murriztuz. Gertaera demografiko horrek, neurri handi batean, eraikuntza txikiko bizitegi-eremuak ugaritzea ekarri du.  

Hamar higiezinetatik sei etxebizitzak dira

Pasa den urteko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, orotara, 225.679 eraikin daude eta horietatik % 58,7 etxebizitzak dira bakarrik. Higiezin horien guztien % 21,9 erabilera mistokoak dira, hau da, etxebizitzak eta lokalak eta azken % 19,5ean lokalak daude bakarrik. 

Bizkaian EAEko biztanleriaren erdia biltzen da eta, horregatik, eraikinen erdia inguru ere bertan aurkitzen da, bai etxebizitzetara zuzendutako horien kasuan, bai mistoetan zein lokaletara zuzendutako horietan.

Eustaten erroldaren arabera,  Bizkaian 105.000 eraikin daude. Kopuru horrek Araban dauden 49.000 eraikineko kopurua bikoizten du eta Gipuzkoan diren 71.000 eraikinen kopurua ere aise gainditzen du. 

EAEn diren higiezin guztien erdia, gutxi gorabehera, Bizkaian daude, bai etxebizitzetara zuzenduta dauden horien kasuan bai lokaletara edo erabilera mistora bideratutako horien kasuan. 

Esan bezala, EAEko hamar higiezinetatik sei inguru etxebizitzak dira (% 58,7). Gipuzkoa da kopuru horretatik behera aurkitzen den herrialde bakarra: eraikin guztietatik etxebizitzetara soilik bideratutako horiek 39.334 dira, hots % 55,4. Araban diren 49.000 higiezinetatik 30.649 etxebizitzak dira eta Bizkaiak ere arinki gainditzen du EAEko batezbestekoa: 62.455 eraikin etxebizitzak dira (% 59,3).

Etxebizitzak eta lokalak dituzten higiezinen kasuan, bai Bizkaian (% 24,2) bai Gipuzkoan (% 23,3), hamar higiezinetatik bik erabilera mistoa dute. Bere osotasunean lokaletara zuzendutako eraikinen kasuan, berriz, Araba nabarmentzen da 11.402 unitaterekin (% 23,1). Eustaten txostenak agerian uzten duenez, Euskadin hamar eraikinetatik zortzi bizitegi-higiezinak dira (181.757). Jarraian erabilera industriala duten eraikinak aurkituko lirateke (17.974). Merkataritzara bideratutakoak 5.475 dira eta bulegoak, berriz, 4.637.

Badira bestelako erabilerak dituzten eraikinak, baina horien kopurua ez da hain esanguratsua: kirolak eta ikuskizunak (3.485); gurtza (2.860); kultura (2.459); ostalaritza (1.086); eta, osasuna eta gizarte zerbitzuak (844).

Igogailua, trastelekua eta garajea 

Errolda horretan ageri den datu deigarrienetako bat da, higiezinen kopurua aintzat hartuta, oso igogailu gutxi daudela. Etxebizitzak bakarrik dituzten eraikinak soilik kontutan hartzen badira, horien % 28k du igogailua. 

Kasu horretan, Gipuzkoako eraikinak dira igogailu gehien dituztenak, heren bat, gutxi gora behera. Bizkaiaren kasuan kopuru hori % 27raino jaisten da eta Araban % 21eraino (bost eraikinetatik bakarra). Dorre kopuru handiena duenez gero, Bilbo ere da igogailu gehien dituen udalerria. Bizkaiko hiriburuan higiezin gehienek (% 61,4) igogailua dute. 

Halaber, ez da oso ohikoa Euskadin eraikinek garajeak izatea; higiezinen %33,3k bakarrik dauka horrelako ekipamendua. Kasu horretan ere Gipuzkoa da garajea duten eraikin kopuru handiena duen herrialdea (% 42,9) eta jarraian Bizkaia (% 30,4) eta Araba (% 25,9) daude. Donostia aparkatzeko toki zailenetako eta garestienetako bat da eta bertan higiezinen % 44,8k garajea dute.

Erroldan aztertzen den beste ekipamendu mota bat trastelekuena da. Higiezinen % 44k horrelako ekipamendua dute eta berriz ere Gipuzkoa da sailkapen horren buruan (% 47,8). Bizkaian trastelekua duten eraininen kopurua % 41,2koa da eta Araban, berriz, % 44,7koa.

Tabernak inguruan

2020ko Eraikin eta Lokalen Erroldak, halaber, etxebizitzek oinez 10 minutuko erradioan dituzten zerbitzu eta ekipamenduak ere aztertu ditu. Ohikoena taberna edo kafetegia da, higiezinen % 62k horrelako establezimenduren bat baitu hurbileko erradioan. 

Oinez hamar minutu baino gutxiagora dagoen bigarren zerbitzu ugariena farmazia da; etxebizitzen % 49k bat dauka eskura. Antzeko portzentajean, % 44 eta % 48 artean, okindegiak, Haur Hezkuntzako zentroak, harategiak edo elikadura-dendak aurkituko lirateke. Aipatu erradioaren barruan zailagoa da fruta-dendak eta arrandegiak
(% 37) aurkitzea.

Erradioa zabaltzen bada, adibidez, 20 minutura, bestelako establezimenduak ugariagoak egiten dira: jatetxeak (% 74,5); osasun-zentroak (% 70,5); Lehen Hezkuntzako zentroak (% 62,3); banketxeak (% 58)… Nahiz eta erradioa zabaldu, kopuruz urriagoak dira beste establezimendu mota hauek: posta-bulegoak (% 46,5), liburutegiak (% 39,5) edo zinema/antzokiak (% 20). 

Prezioak 

2020ko Eraikin eta Lokalen Erroldak eraikinen tarteen edo espazioen erabilera mota eta katastroko balioa ere zehazten ditu. Etxebizitzak dira nagusi, alde handiarekin, 1,07 milioi baitaude eta, jarraian, dendak (141.973) eta industriak (38.132) aurkituko lirateke.

Erroldak agerian uzten duenez, Euskadin diren ‘tarteen’ 2/3 inguruk 10.001 eta 100.000 euro bitarteko balio katastrala dute. Kasu horretan, tarte gisa ulertu behar da era estrukturalean bananduta dagoen (normalean hormaz, paretaz, eta hesiz inguratua eta sabai batek estalia) edo independentea den (sarrerarekin kaletik edo lursail publiko edo pribatutik, komun edo partikularretik, edo edozein eskailera, korridore edo igarobidetik…) esparru oro. % 31,6k 10.000 eta 50.000 euro bitarteko balioa du eta % 35,8k 50.000 eta 100.000 bitartekoa.

100.000 eurotik gorako katastro-balioen maila bikoitza da Gipuzkoan, tarteen % 56,4k balio hori gainditzen baitute. Euskadin balio hori gainditzen duten tarteen kopurua % 28,2koa da. Hondarribin eta Donostian tarteen % 15 inguruk 300.000 eurokobalioa gainditzen dute.

Tarteen % 15,1ek 100.000 eta 150.00 euro bitartekoa balioa du eta % 6,1ek 150.000 eta 200.000 euro bitartekoa. Tarteen % 4,3ren balioa 200.000 eta 300.000 euro bitartekoa da, eta % 2,9k 300.000 eurotik gorako balio du. Azkenik, tarteen % 4,55ek soilik du 10.000 eurotik beherako balioa. 100.000 eurotik gorako katastro-balioen maila bikoitza da Gipuzkoan, tarteen % 56,4k balio hori gainditzen baitute. Euskadin balio hori gainditzen duten tarteen kopurua % 28,2koa da. Arabako ehunekoa oso antzekoa da (% 24,2). Bizkaia da balio hori duten tarteen proportzio txikiena duen lurraldea (% 12,2). Araba nabarmentzen da 50.001-100.000 euro bitarteko katastro-balioen kontzentrazioagatik (% 45,6) eta Bizkaia 10.001 eta 50.000 euro bitartekoagatik (% 45).

Hamar udalerritan soilik 300.000 eurotik gorako tarteek % 5eko langa gainditzen dute. Horietatik 6 Gipuzkoan daude, 3 Araban eta bakarra Bizkaian. Honako hauek dira: Hondarribia (% 15,1), Donostia (% 14,9), Aduna (% 8,6), Legutio (% 8,3), Zarautz eta Oiartzun (% 7,8), Zuia (% 6,9), Laukiz eta Olaberria (% 6,0) eta, azkenik, Burgelu (% 5,4). 

Nafarroan 324.804 etxebizitza daude 

2020. urteko abenduaren 31ko Nafarroako Estatistika Institutuaren datuen arabera, Nafarroako Foru Erkidegoan 324.804 etxebizitza daude. Kopuru hori aurreko urtean erregistratutakoa baino % 0,6 altuagoa da. Etxebizitza hotietatik guztietatik, hamarretik ia zortzi bizileku nagusia  dira.

Esan bezala, 2020an Nafarroako etxebizitzen parkea % 0,6an hazi zen, aurreko urtean izan zen joerari eutsiz. Etxebizitza nagusien kasuan, hots, ohiko bizitoki diren horien kasuan, hazkunde erritmoa moteldu da 2019ko % 1etik 2020ko % 0,7ra. Hutsik dauden edo bigarren etxebizitza diren higiezinek, aldiz, gora egin dute (+% 0,2).

Desparekotasun handia

Nafarroan desparekotasun handia dago etxebizitzaren okupazioari dagokionez eta hori, hein handi batean, udalerriaren tamainari lotuta dagoen fenomeno bat da. Horrela, tamaina txikiko udalerriak nagusi diren eskualdeetan, hots 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak, hutsik dauden edo bigarren etxebizitza diren higiezinen kopurua askoz handiagoa da. Horren adibide garbia dira Pirinioaldea, Estellerria eta Erdialdeko Ekialdea, non etxebizitzen % 30etik gora hutsik dagoen edo bigarren etxebizitzarako erabiltzen den. Eskualde horiek eta orden horretan dute, proportzionalki, tamaina txikiko udalerri gehiago.

Udal esparruan, etxebizitza hutsen eta/edo bigarren etxebizitzen portzentajerik txikiena Aranguren ibarrean dago (% 7,2), eta baliorik handiena, berriz, Estellerian den Azuelori dagokio (%76,2). Azken datu horrek, adibidez, Iruñean den etxebizitza hutsen edo bigarren etxebizitzen ehunekoa bikoizten du. Izan ere, etxebizitza hutsen eta/edo bigarren etxebizitzen portzentajerik txikienak Iruñean biltzen dira eta bat egiten dute tamaina ertain eta handiko udalerriekin. 

Aldiz, etxebizitza hutsen ehuneko handiena duten udalerriek ezaugarri komun bat dute: guztiak 200 biztanletik beherako udalerriak dira. Azueloz gain, Nafarroako beste udalerri batzuek, hala nola Castillonuevok, Guesak eta Uxuek, egoiliarrik gabeko etxebizitzen parkearen % 70,0 baino gehiago erregistratzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.