Zein zaila den emantzipatzea!

Espainiaren kasuan, Eurostatek emandako datuen arabera, 25 eta 34 urte bitarteko gazteen kasuan, bataz beste % 35 gurasoen etxean bizi da oraindik. Kopuru hori Europako batez bestekoaren gainetik dago (% 25,8).

Adin tarte txikiagoetan antzeko joera ematen da, bai datu orokorrei dagokionez bai herrialdeen arteko aldeei dagokionez. Horrela, 18 eta 24 urte bitarteko gazteen inguruan hitz egiterakoan daniarrak dira azkarren emantzipatzen direnak eta, ostera, Esloveniakoak dira beranduen emantzipatzen diren gazteak.

Estatuaren kasuan, aipatu azken adin tarte horri dagokionez, batez beste, gazteen % 86,3k gurasoen etxean bizitzen jarraitzen du. Kasu horretan ere, Europan den batez bestekoaren (% 76,25) gainetik dago Espainia. Datu horiek guztiak aintzat hartuta, 2008. urtean 51 milioi gazte helduk bere gurasoen etxean bizitzen jarraitzen zuten.

Gurasoekin bizitzen jarraitzeko aitzakia nagusia langabezia dela pentsa badaiteke ere, datuek kontrakoa esaten dute. Horrela, 18 eta 34 urte bitartean diren eta gurasoekin bizitzen jarraitzen zuten gazteen artean langabezia-tasa, soilik, %9koa zen Europa mailan, eta Espainian, berriz, % 10ekoa.

Sexuari dagokionez, Eurostatek egindako txostenean ikusi ahal denez, emakumeek lehenago emantzipatzeko joera azaltzen dute. Antza denez, emakumeek bikotearekin bizitzeko joera handiagoa omen dute eta, ondorioz, emantzipazio-tasak emakumeen artean altuagoak dira. Zentzu horretan, Finlandia da bikotekidearekin bizitzen ari diren gazte kopururik handiena duen herrialdea (% 63 emakumeen artean eta % 51 gizonezkoen artean). Txanponaren beste aldean, Italia, Grezia eta Irlanda aurkituko lirateke. Espainian, bikotekidearekin bizi diren gazteen kopuruak ez du Europako joera jarraitzen. Horrela, gizonezkoen kasuan kopurua % 45,4koa den bitartean, emakumeen kasuan kopuru hori % 32koa baino ez da.