Alkoholak, hainbat kasutan, sexu-harremanak izateko aukerak biderkatzen baditu ere, sexuak eta alkoholak ez dute bikote ona egiten. Izan ere, azken egunetan kaleratu den ‘Sexua, alkohola eta antisorgailuak gazteen artean’ ikerketaren arabera, alkoholaren eraginpean mantentzen diren harreman sexualetan, gehienetan, ez dira behar bezalako neurririk hartzen. Estatu mailan egindako ikerketa horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko datuei dagokionez, euskal nesken % 47ak onartu du alkohola edan ondoren segurtasun neurririk gabeko sexu-harremanak mantendu dituela. Adituen ustetan, horietako harreman asko haurdunaldian amaitu eta hainbat neska abortatzera behartzen ditu.
Antisorgailuen beharra
Ikerketa horren arabera, alkoholaren eraginpean sexu harremanak mantentzen dituzten gazte gehienak neurriak hartzeaz ‘ahazten’ dira. Gazteen % 41ek onartzen du alkoholak eragin zuzena izan duela antisorgailuak ez erabiltzeko erabakian. Hainbat dira alkoholaren eraginpean neurriak hartzeaz gogoratzen direnak, baina alkoholaren eraginez neurri horiekk behar bezala erabiltzen ez dituztenak.
Antisorgailurik erabiliena gazteen artean kondoia da, baina hori modu egokian erabiltzen ez bada bere eraginkortasuna bertan behera geratzen da. Pilularen kasuan ere alkoholak eragin negatiboa du, horren eraginkortasuna ere murriztu daitekeelarik. Horrela, emakumeen % 38ak ez daki mozkortu ondoren botaka egiten bada pilularen eragina desager daitekeela.
Ikerketaren arduradunek ardura gakotzat jo dute. Haien ustez, alkoholak eragin positiboa du harremanak ahalbidetzen dituen heinean, baina eragin hori bertan behera geratzen da ondoren beharrezko neurriak hartzen ez badira.
Aipatu ikerketatik azpimarra daitekeen beste datu aipagarri bat honako hau da: inkestatutako emakumeen % 77,6entzat sexuak ez du lehentasunik, eta familia, lagunak eta bikote harremanaren atzetik kokatzen dute. Antisorgailuei dagokionez, emakume gehienak bat datoz antisorgailurik onena definitzerakoan: hilean behin erabiltzen den bat, askoz ere erosoagoa delako.