Ekiteko ordua da

Lehorte luzeak, ekaitzak eta sute oldarkorrak, eurite gogorrak eta uholdeak… Planetak aldarrikatu eta oihu egiten digu, bere bizitzari eusten dioten baldintzetan kalte konponezinak eragiten ari gara eta. Nabaritzen duzu? Entzuten diozu?

Lurra sutan da, urtuz doa, itotzen ari da. Horren adibide nabarmena ikusi ahal izan dugu azken hilabeteetan planetako hainbat lekutan gertatutako hondamen naturaletan: Erdialdeko Europan eta Japonian izandako uholdeetan; Grezia, Italia edo Iparraldeko Amerikako suteetan, edo Siberian eta Finlandian izan diren tenperatura altuetan. Fenomeno horiek sortu duten zarata mediatikoa gehitzen zaio fenomeno klimatiko larriek osatutako zerrenda luzeari. Izan ere, lerroburuetan edo telebistako lehen berrietan agertu ez arren, fenomeno horien erregulartasunak eta iraunkortasunak argi adierazten dute krisi klimatikoaren ondorioetan bizi garela. Besteak beste, Haitiko lurrikara berriaren gogorkeria, Amazoniako suteak, Etiopia eta Mexikoko lehorteak, edo poloak urtzea.

Gertaera horiek nahikoak ez balira, Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Taldeak (IPCC) duela aste batzuk argitaratu zuen txostena Lurraren oihuen bozeramaile gisa har genezake. Bertan azaldu eta ebaluatzen da klima aldaketarekin lotura duen informazio zientifikoa, teknikoa eta sozioekonomikoa. Nazio Batuen Erakundeko Idazkari Nagusi Antonio Guterresek, hitz hauek adierazi ditu edukiaz ohartarazteko: “txosten hau alerta gorria da gizakientzat”, egiaztatzen baitu gizakien jarduerak klima aldatzen duela modu ikaragarri eta konponezinean. “Nabarmena da giza eraginak atmosfera, ozeanoak eta lurra… berotu dituela. Ukaezina da gizakia planeta berotzen ari dela” . Baieztapen horiek paradoxaz beteriko egoeran kokatzen gaituzte: alde batetik krisi klimatikoaren biktimak gara, baina, aldi berean, bagara arduradunak.

Ekonomian oinarritutako garapena

Ekonomia-hazkundean eta botere harremanetan oinarritutako garapena merkatuen araberako erritmoan mugitzen da, planetaren mugak eta etengabeko alerta sozioanbientalak aintzat hartu gabe. Horrela, naturako ondasunen jabetzak, espoliazioak eta gobernantza okerrak, enpresa handiek eta Estatu ustelek egindakoek, ingurumenean eragiten dute. Ondorioz, biodibertsitatea murriztu, deforestazioaren eta instalazioak eraikitzearen bidez, edo uraren kutsadura areagotzen da. Aldi berean, ekintza horiek giza eskubideak urratu eta desberdintasun sozialak handitzen dituzte, gizaki batzuk aberasten baitira lurraldeak eta bestelako gizakien bizibideak ustiatzearen kontura.

Hori dela eta, azaroaren 1etik 12ra bitartean, Glasgowen, 200 herrialde inguruko ordezkariak bilduko dituen Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen 26. Konferentzia (COP 26) egingo da. Biltzar hori ekitaldi garrantzitsuenetako bat da 2015ean Pariseko Ituna lortu zenetik, eta oraingoa aukera ezin hobea da klima aldaketari eta ondorio sozioanbientalei aurre egiteko behar diren neurriak har daitezen.

Ekiteko ordua da

COP26ak bat egiten du 2019an NBEren Biltzar Nagusian Gutierresek aldarrikatu zuen Ekintzarako Hamarraldiarekin, bertan eskatu baitzuen esfortzuak bateratzeko eta “Agenda 2030eko promesak betetzeko”. Ildo beretik, Sonam P Wangdik, COP26ko Herrialde Behartsuen Taldeko buruak, adierazi zuen “goi-bilera behar dugu ekintzak ikusteko, eta ez hitzak. Nahikoa plan ditugu. Beharrezkoa da ekonomia nagusiak promesak betetzen hastea […] edo inbertitzen dugu arazo hau konpontzeko, edo bestela galeraz eta kaltez beteriko hamarraldi ikaragarriaren aurrean egongo gara”. 

Hala ere, garapen ekonomikorako ereduaren atzaparrek ez dute soilik eragiten eremu politikoan, baita modu zuzenean gizarteetan ere, eta eragin zuzena izan dute bereziki Mendebaldean zabaldutako bizi estilo kontsumista eta indibidualistan. Beraz, sistema globalaren eraldaketa bultzatu behar da, baina eraldaketa pertsonala ere beharrezkoa da. “Ez dago astirik berandutzeko, ezta aitzakietan mugitzeko ere” (A. Guterres).

Alboan Fundaziotik bat egiten dugu eraldaketarekin eta gizarte-, ekonomia- eta genero-egituretan eragindako zauri larri eta bidegabeak salatzen ditugu. Horregatik, COP26ak sortutako eztabaidetan arreta ipintzeaz gain, justizia sozioanbientala bada gure lanaren premiazko kausa nagusienetakoa. Krisi sozioanbientalaren testuinguru horretan, bizitzarekin egiten dugu konpromisoa, hau da, planetako komunitate eta pertsona behartsuak ahalduntzeko konpromisoa: guztien onaren aldeko bizi estiloa landu, elkartasuna bultzatu, naturako ondasunak zaindu eta belaunaldiarteko justizia berrituaren alde lan egin.

SARA DIEGO
Alboan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.