Anitalia Pijachi: “Emakume izatea eta Amazoniaren defentsari ekarpena egitea ez da ohora, ezta pribilegioa ere, betebeharra baizik”

Okaina herriko lider indigena

Anitali Pijachi, Okaina herriko lider indigena, Letiziako Ticuna Uitoto izeneko babesleku indigenan bizi da, Kolonbiako Amazonian. Anitaliak bere familiarengandik ikasi zuen lurrarekiko maitasuna eta lurraldearen eta herri indigenen defentsaren garrantzia. Aitarengandik hezkuntzaren, gazteen eta komunitatearen aldeko borroka, eta informatuta egotearen garrantzia jaso zuen. Amarengandik, emakume autonomoa izatea, eta natura, ibaiak eta haziak zaindu eta defendatzeko grina jaso zuen.

Anitalia, zer da babes indigena bat?

Jatorrizko herri indigenak bizi garen lurraldea da, babeslekua. Mendebaldeko begiradak herri indigenak estigmatizatzen ditu, lurrak “eskatzen” omen ditugulako, baina ez dugu ekoizten. Bere ikuspegitik, lurra landu eta besterik gabe ustiatzeko dago. Oihanetik ateratzen dugu gure etxebizitzak eraikitzeko behar duguna, gure tresnak. Oihan horretan bertan dago gure janaria, fruituak. Baina horrek guztiak oreka behar du.

Zergatik da hain garrantzitsua lurraldearen defentsa?

Tokiko instituzioek beti nahi izan dute gure ekoizpen-sistema aldatu, baina monolaborantzek, askoz errentagarriagoak diruditenek, beste behar bat sortzen dute: toxikoak diren eta animalientzat eta urarentzat pozoi diren nekazaritzako kimikoen erabilera. Oreka gizarte- eta ingurumen-justiziaren kontua da. Naturaren eta gizakiaren arteko oreka hautsiz gero, suntsipena, migrazioak, lurraldearen joan-etorri behartuak eta aldarrikatzen dugun guztia iristen da: ingurumenaren kutsadura.

Zer rol jokatzen duzue emakumeok lurraldearen defentsan?

Gure kulturan, emakumeok beti egon gara lurrarekin harremanetan. Guk ereiten dugu; gu hazien, seme-alaben zaintzapean gaude. Gerraren eta lurraldea defendatzeko gatazken ondorioz, gure gizonak desagertu egin dira, hil egin dituzte, eta alargun eta umezurtz geratu gara, eta gure lurraldearen aldeko borroka geure gain hartu dugu. Bidea ez da erraza izan. Diskriminazioak eta estigmatizazioak jasan ditugu, baina aurre egin diegu. Emakumeok indartsuak gara eta gure indarra hartzen dugu lurraldea defendatzera ateratzeko. Ni ez nago bakarrik, nire komunitateko beste emakume batzuekin kontatzen dut, indarkeriaz, autoritarismoz eta desordenaz betetako diskurtso bidegabe horiekin hautsi nuen, eta esan dezaket emakumeak garela lurraldeko buru.

Amazoniaren emakume defendatzaileak: Naturaren emakume defendatzaileak

Amazonia gara‘, gure etxe komuna defenda dezagun Alboan eta Entreculturas GKEen kanpaina bat da, herritarrak mobilizatu nahi dituena Amazonia eta bertan bizi diren herriak babesteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko. Edo bestela esanda, kanpaina honen bidez ingurumenarekiko, jasangarritasunarekiko eta ekitatearekiko herritarren konpromisoa indartu nahi dugu.

Amazonia ekosistema bakarra da munduan, biodibertsitate handia duelako eta Lurrean bizia mantentzeko duen garrantziagatik. Lurrazalaren % 4 baino ez da, eta, hala ere, Amazonas ibaiaren eta haren ibaiadarren emariak planetako ur gezaren laurdena inguru hartzen du. Basoek hezetasunari eusteko, oxigenoa sortzeko eta karbono dioxidoa harrapatzeko duten gaitasuna ezinbestekoa da klima-egonkortasunari eusteko eta berotze globala arintzeko. Bere lurraldean 33 milioi pertsona bizi dira, eta horietatik 3 milioi inguru indigenak dira. Kalkuluen arabera, 385 herri indigena inguru daude, eta 240 hizkuntza hitz egiten dira.

Naturaren emakume defendatzaileei buruz gehiago jakiteko, bisitatu webgune hau: www.somos-amazonia.org.