Behera egin du euskaldunon bizi-itxaropenak

SARS-coV-2 koronabirusaren pandemiak gehiegizko hilkortasuna eragin zuen iaz Hego Euskal Herrian eta, ondorioz, bizi garen gizon zein emakumeon bizi-itxaropenak behera egin du. 

Eustatek 2020. urtearen inguruan eman dituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko gizonen bizi-itxaropena 80,7 urtekoa zen, aurreko urtean baino hamarren bat gutxiago. Emakumeen kasuan, berriz, jaitsiera hiru hamarrenetakoa izan da eta une honetan bizi-itxaropena 86,3 urtekoa da. Jaitsiera hori ulertzeko, garrantzitsua da azpimarratzea 2019an gizonen eta emakumeen bizi-itxaropenak goia jotzen zuela. Pandemiak eragin duen gehiegizko hilkortasun hori gabe, bizi-itxaropena 81,3 urtera arte iritsiko zen gizonen kasuan eta 86,8 urtera arte emakumeen kasuan, hots, 2019. urteko datuekin alderatuta, bost hamarren gehiago gizonen kasuan eta bi hamarren gehiago emakumeen kasuan 

Nafarroari dagokionez, pasa den ekainean Nafarroako Osasun Publikoaren Buletinak jaso zuenez, bizi-itxaropena 80,8 urtekoa izan zen gizonen artean eta 85,9 urtekoa emakumeen artean; 2019an baino 1,2 eta 1 urte baxuagoa, hurrenez hurren.

Hego Euskal Herrian izan den jaitsiera horrek ez du bat egiten Estatuan gertatutakoarekin. Gurean jaitsiera askoz arinagoa izan da, Estatu mailan bizi-itxaropenaren jaitsiera 1,3 urtekoa izan baita gizonentzat eta 1,2 urtekoa emakumeentzat. Estatuan erregistratutako jaitsiera Europar Batasuna osatzen duten Estatuetan izandako jaitsiera altuenetakoa da. Espainian, 2019. urtean batez besteko bizi-itxaropena 84 urtekoa zen eta 2020. urtean, berriz, 82,4 urtekoa. Azken datu hori 2012. urtean erregistratutakoaren antzekoa da (82,5).

Joera bera Europan

Erresuma Batuan den Oxford Unibertsitateko Zientzia Demografikoetako Leverhulme Zentroak egin duen eta aurtengo irailean ‘International Journal of Epidemiology’ aldizkarian argitaratu den azterlanaren arabera, Covid-19aren pandemiak II. Mundu Gerratik ikusi ez diren jaitsierak eragin ditu Europako Mendebaldeko hainbat herrialdetako bizi-itxaropenean. Aipatu azterlanak, adibidez, honako herrialde hauen kasuak azpimarratzen ditu: Espainia, Ingalaterra, Gales, Italia eta Belgika.

Azterlanaren arabera, halaber, 15 herrialdetako emakumeek eta 10 herrialdetako gizonek jaiotzean bizi-itxaropen txikiagoa izango lukete 2020an 2015ean baino. Gogoratu behar da 2015. urtean gripearen denboraldi garrantzitsu batek eragin negatiboa izan zuela hainbat herrialdetako bizi-itxaropenean.

1976. urteaz geroztik, urtero ia hiru hilabete gehiago

Edozein kasutan, pasa den urtean eman zen jaitsiera aintzat hartzeko izan bada ere, Hego Euskal Herriko emakumeen zein gizonen bizi-itxaropenak, zenbait gorabehera izan dituen arren, nabarmen hazi da azken hamarkadetan. 

Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera, 1975. urteaz geroztik, Euskadiko emakumeen bizi-itxaropena jaiotzean 9,75 urtetan hazi da, 76,22 urtetik 85,97 urtetara pasatuz.  Gizonen kasuan, berriz, igoera 11 urtekoa izan da, 69,28 urtetik 80,27 urtetara pasatuz.

Eustaten kalkuluen arabera, gizonek 3 hilabete gehiago irabazi dituzte igarotako urte bakoitzean, eta emakumeek, berriz, 2,6 hilabete gehiago urtean.

Nafarroan ere bizi-itxaropenaren igoera esanguratsua da. Gizonen zein emakumeen kasuan, 1975. urteaz geroztik, bizi-itxaropena jaiotzean 10 urtetan hazi da. Horrela, emakumeen bizi-itxaropena 1975eko 76,2tik 2020ko 86,01ra pasatu da eta, gizonen kasuan, 70,01etik 80,72ra. Herrialde garatu gutxik dute hain bizi-itxaropen handia, batez ere emakumeen kasuan.

Eustaten ‘Gertakari demografikoak aztertzeko adierazleak 2020’ txostenak berresten duenez, tumoreak dira bizi-itxaropenerako mehatxurik handienak. Aipatu txostenean azpimarratzen denez, “tumoreak erabat ezabatuko balira, gizonen bizi-itxaropena 4,1 urte igoko litzateke eta emakumeena 2,8 urte”.

Covid-19rik gabeko bizi-itxaropenarekin alderatzen bada (81,3 gizonen kasuan eta 86,8 emakumeen kasuan), igoera 4,3 urtekoa izango litzateke gizonen kasuan eta 2,3 urtekoa emakumeen kasuan.

Seme-alaba gutxi eta amatasun berantiarra 

Euskadiko ugalkortasuna maila oso zifra baxuetan dago inguruko beste zenbait herrialderekin alderatuta; izan ere, 2020an batez besteko ugalkortasuna 1,2 jaiotzakoa izan zen emakume bakoitzeko, Europar Batasunekoa (1,53 jaiotza 2019. urtean) baino txikiagoa eta 1976an batez beste izandako 2,7 jaiotzetatik eta belaunaldi erreleborako behar diren 2,1etatik oso urrun. Ugalkortasun-mailarik baxuena Bizkaian erregistratzen da (1,15 jaiotze emakume bakoitzeko). Araban tasa hori 1,29koa da eta Gipuzkoan 1,26koa.

Eustaten ‘Gertakari demografikoak aztertzeko adierazleak 2020’ txostenaren arabera, aurreikus daiteke Euskadin bizi den emakume batek 0,61 lehen jaiotze izatea. Hortaz, emakumeen heren batek ez luke seme-alabarik izango; emakumeen 0,44 bigarren jaiotzak izango lituzke eta 0,15 hirugarrenak edo ondorengoak. Hau da, azken kasu horretan, hamar emakumetatik bik baino gutxiagok izango dituzte hiru seme-alaba edo gehiago. Datu hori 1976. urtean jasotakoa baino % 81 baxuagoa da.

Nafarroan ugalkortasuna Euskadikoa baino hobea da, 1,33 jaiotze emakume bakoitzeko. Hala ere, aurreko urtearekin alderatuta 7 ehunenetan jaitsi da. Ugalkortasun-tasa horrekin, Nafarroa da, Melilla, Ceuta eta Murtzia ondoren, estatu mailan tasarik altuena duen erkidegoa. Estatuko batez bestekoa 1,18koa da.

2020. urtean aurreko urtean baino jaiotze gutxiago izan ziren Nafarroan, % 6,2 gutxiago, hain zuzen ere. Datu horrek azken urteetan hasitako joerari ematen dio jarraipena eta 2010. urteko datuarekin alderatuta jaitsiera jada % 25,7koa da.

Amatasun-adinak gora egin du

Ugalkortasun-tasa behera egiteaz gain, amatasun-adinak gora egin du. Une honetan, batez beste, Nafarroako emakumeek bere lehen seme-alaba 32,7 urterekin dute, aurreko urtean baino hamarren bat gehiago. Kasu honetan, Nafarroa amatasun adin altuena duen bosgarren erkidegoa litzateke, Gaztela eta Leon, Galizia, Madril eta Euskadiren atzetik.

40 urte edo gehiago dituzten amen jaiotzak % 61,9 igo dira Nafarroan. Horrelako jaiotzak jaiotze guztien % 4,6 ziren 2010. urtean. Orain, berriz, % 10eraino iritsi dira.

Hego Euskal Herrian den ugalkortasun-tasa oso baxua da. 2020an, batez beste, 1,2 jaiotze izan ziren emakume bakoitzeko Euskadin eta Nafarroan 1,33. Kopuru horiek belaunaldi erreleboa bermatzeko beharrezkoa den 2,1etik urrun daude, bai eta Europar Batasuneko batez bestekoaren azpitik (1,53) ere.

Aldi berean, 35 urte edo gehiagorekin ama diren nafar emakumeen kopurua etengabe hazi da azken 15 urteetan. 2005ean Nafarroako amen % 27,1ek zuen 35 urte edo gehiago; 2020an % 42,5.

Ikus daitekeen moduan, Euskadiren datua ere ez da positiboa. EAEko emakumeek, batez beste, bere lehen seme-alaba 33 urterekin dute. Datu hori Europar Batasuneko batez bestekoa bainoa 2 urte handiagoa da eta 1976. urtean erregistratutakoa baino 4,4 urte handiagoa. Arabak du, kasu horretan, daturik baxuena (32,4). Bizkaian 33,1 urtekoa da eta Gipuzkoan 33 urtekoa. Estatuko batez bestekoa 32,3 urtekoa da.

Nafarroan bezala, azken urteetan izan den jaiotze kopuruaren beherakadak bat egin du amatasun adinaren igoerarekin. 

Ezkontza gutxiago pandemiaren eraginez

Euskadin, 2020an egingo ziren lehen ezkontzen ehunekoa, ezkontza-tasen arabera, gizonen % 34,8ra eta emakumeen % 38,9ra iritsi da. Indize horiek, Covid-19aren ondoriozko konfinamenduak direla eta, 2019koak baino askoz txikiagoak dira, eta azken horiek, jada, 1977az geroztik izandako baxuenak izan ziren. Zehazki, gizonen kasuan, jaitsiera 12 puntukoa izan da (11,9) eta emakumeen kasuan, 11,6koa. 2020ko ezkontza-tasa, osasun-egoerak hala behartuta, ohizkanpokoa da eta datozen hilabeteetan aurreko urteko joerara bueltatuko dela espero da.

Ezkontzen datuak aztertuz gero, ezkontideen batez besteko adina gero eta handiagoa dela ikus daiteke. Gizonen kasuan, lehen ezkontzarako batez besteko adina 38 urtekoa da eta emakumeen kasuan 36,2koa. 2019ko datuekin alderatuta, batez besteko adin hori 7 hilabete handiagoa da gizonen kasuan eta 8 hilabete emakumeen kasuan. Datu horrek aurreko urteetako joera nabarmendu du, non urtero 2-3 hilabetez handitzen zen batez besteko adin hori.

Ugalkortasunarekin gertatzen den bezala, ezkontzen kontzentrazio handia dago adin jakin batzuetan. Hamar urte eskasetan, hots, 30 eta 39 urte bitartean, gizonen % 43 eta emakumeen % 42 ezkontzen dira.

Nafarroan ere, 2020an, aurreko urtean baino askoz ezkontza gutxiago izan ziren, % 38 gutxiago, hain zuzen ere. Nafarroan, lehen aldiz ezkontzeko batez besteko adinak aurreko urteetako goranzko joerari eutsi dio: 35,3 urtera iritsi da gizonen kasuan, eta 33,7ra emakumeen kasuan. Aurreko urteko datuekin alderatuta, adin horiek 0,7 eta 1,0 urte handiagoak dira, hurrenez hurren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.