Jaiotzek beherakada librean jarraitzen dute Hego Euskal Herrian

Jaiotza-tasak behera egiten jarraitzen du Euskadin eta Nafarroan. 2019an, eta aurreko urtearekin alderatuta, aipatu tasa % 4,9 jaitsi zen Euskadin eta % 0,9 Nafarroan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Eustaten arabera, 15.418 jaiotza izan ziren iaz, 2018an baino 672 gutxiago. Urte horretan 16.090 erditze izan ziren. 2019koa azken urteotako kopururik apalenetako bat da; 1994an eta 1995ean bakarrik izan ziren datu apalagoak, 15.248 eta 15.322 jaiotzekin, hurrenez hurren. Izan ere, 2019an duela hamar urte baino 5.510 erditze gutxiago izan ziren (20.928). 

Datu horiek adierazten dutenez, Euskadiko jaiotza-tasa zazpi jaiotzakoa da 1.000 biztanleko, 2018koa baino % 0,4 txikiagoa eta 2009koa baino % 2,7 txikiagoa. Urte horretan, mende honetako jaiotza-tasaren gorakadak bere puntu gorena lortu zuen.

Gipuzkoan eman da Euskal Autonomia Erkidegoan izan den beherakadarik handiena, 5.133 haur jaio baitziren, aurreko urtean baino % 6,1 gutxiago, eta duela hamar urte baino 2.031 haur gutxiago. Bestalde, Araban 2.565 haur jaio ziren (2018an baino % 4,4 gutxiago) eta Bizkaian 7.720 (hau da, % 2,8 gutxiago).

Jaitsiera hori ez da hain nabarmena Nafarroan, Nafarroako Estatistika Institutuaren datuen arabera; baina hor ere beheranzko joera nabaria da. 2019an Nafarroan 5.349 haur jaio ziren, aurreko urtean baino 49 gutxiago. Horrek esan nahi du 8,2 haur jaio direla 1.000 biztanleko.

Nafarroan, kopuru horrek jarraipena ematen dio azken hamarkadako beheranzko joerari; salbuespen bakarra 2014. urtean aurki daiteke. Azken hamar urteetan Nafarroako jaiotza-tasa % 21,8 jaitsi da.

Emakume gutxiago ama izateko adinean

Nafarroako Estatistika Institutuak azaldu duenez, jaiotza-tasaren jaitsiera, batez ere, ama izateko adinean dauden emakumeen kopurua murriztearen ondorio litzateke. Hala, Foru Komunitatean, 25 eta 40 urte bitarteko emakumeen taldea (jaiotzen % 84,4 biltzen duen taldea da) % 1,7 murriztu da azken urtean, eta horrela 2009an hasitako beheranzko joerak berean jarraitzen du. Aldi berean, amatasun-adinak gora egiten jarraitzen du. 

Euskadin, adibidez, hamar emakumetik ia zortzik 30 urte baino gehiago zuten ama izan zirenean lehen aldiz. Talderik handiena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena da, erditzeen % 35,4arekin, hau da, aurreko urteko ehuneko bera. Jarraian, 35 eta 39 urte bitarteko amen taldea legoke, erditzeen % 34,1arekin.  2019an ama izan ziren 40 urtetik gorako emakumeen kopurua %10,4koa izan zen; 25 eta 29 urte bitarteko emakumeen kasuan, berriz, kopurua % 13koa izan zen eta  20 eta 24 urte bitartekoen artean, % 5,9. Beste muturrean, ama izan ziren nerabe edo adingabeen kopurua % 1,3koa izan zen, 2018an baino bi hamarren gehiago.

Nafarroan, 40 urte baino gehiago izanik ama izan diren emakumeen kopurua % 62,6an hazi da azken hamarkadan. Horrela, 2009an izan ziren jaiotzen % 4,6an amak 40 urtetik gorakoak ziren bitartean, 2019an portzentaje hori % 9,7raino hazi zen. 

Amatasunaren batez besteko adinean izan den igoera ere oso nabaria da lehen amatasunaren batez besteko adinean. Nafarroan, adibidez, lehen amatasunaren batez besteko adina 31,6 urtekoa da (32,9 amatasun orokorraren batez besteko adina). Bi kopuru horiek arinki igo dira aurreko urtearekin alderatuta.

Euskadin, berriz, amatasunaren batez besteko adina 33,3 urtekoa da. Kopuru hori aurreko urtekoa baino baxuagoa da (33,5), baina 34,3 urtekoa litzateke espainiar nazionalitatea duten emakumeen datuak soilik aintzat hartuko balira. Izan ere, atzerritar jatorria duten emakumeen kasuan amatasunaren batez besteko adina 30,7 urtekoa da. 

Batez beste, eta euskal jatorria duten emakumeekin alderatuta, atzerritar jatorria duten emakumeak gazteago izaten dira ama. Urtetik urtera, atzerritar jatorria duten haurren kopurua igotzen ari da. 

Ama lehenerdien, hau da, ama lehen aldiz izan diren emakumeen batez besteko adina 2019an 32,3 urtekoa izan zen.

Atzerriko emakumeak gazteago dira ama

Era berean, bada alde nabaria EAEko eta Nafarroako emakumeen amatasun-adinaren eta atzerriko emakumeen amatasun-adinaren artean. Izan ere, atzerritar jatorria duten emakumeak ama gazteago izaten dira eta urtetik urtera, atzerritar jatorria duten haurren kopurua igotzen ari da. Euskadin, adibidez, 30 urte bete aurretik ama izan diren emakumeen portzentajea % 12,2koa besterik ez da, baina kopuru hori % 41,2ra igotzen da atzerriko emakumeen artean. Iaz EAEn izan ziren jaiotzen % 27,4an amak atzerritar jatorrikoak ziren eta guztira 4.223 haur izan zituzten. 2018an, berriz, atzerritar jatorriko amen kopurua % 25,4koa izan zen. Herrialdeka, hauek lirateke jatorri nagusiak: Maroko (843 ama), Kolonbia (325), Errumania (286), Nikaragua (225), Bolivia (199), Paraguai (168), Aljeria (158), Honduras (147), Nigeria (141), Brasil (132), Venezuela (131) eta Ekuador (130).

Nafarroan joera berdin-berdina da, bertako amek, batez beste, 3,3 urte gehiagorekin izan ziren ama atzerritar jatorriko emakumeekin alderatuta. Foru Erkidegoan izan ziren jaiotze guztien laurden bat (% 25,2) atzerriko emakumeena izan zen. Kopuru hori 2018an jasotakoa baino 2,6 puntu altuagoa da. Kasu horretan, jatorri nagusiak Maroko, Errumania eta Kolonbia lirateke. Hiru herrialde horietako emakumeek biltzen dituzte atzerriko emakumeek izan dituzten erditzeen erdia.

Seme-alaba gehiago ezkontzatik at

Gero eta gehiago dira ezkontzatik kanpo jaiotzen diren haurrak.

Eustaten datuek adierazten dutenez, Euskadin, 2019an, ezkontzatik kanpo jaiotakoak erditze guztien % 45,1 izan ziren (aurreko urtean baino % 0,7 gehiago). Duela hamar urte, portzentaje hori % 31,2koa zen.

Nafarroan, ezkonduta ez dauden amek izandako erditzeen portzentajea bost hamarren igo da aurreko urtearen aldean, % 37,2tik % 37,7ra, hain zuzen ere. Halaber, handitu egin da pixka bat amatasunari bakarrik aurre egiten dioten amen jaiotza-portzentajea, eta 2019an jaiotza guztien % 3,4 izan zen.

Euskadin, generoari dagokionez, pasa den urtean jaio ziren 100 neskato bakoitzeko 105 mutiko jaio ziren. Batez besteko pisua jaiotzerakoan 3.337,5 gramokoa izan zen mutikoen kasuan eta 3.213,1 gramokoa nesken kasuan. Jaiotako haur guztien artean, 7.553 lehen seme-alabak izan ziren, hots, jaiotako guztien % 49. % 38,1 bigarren seme-alaba izan ziren eta %12,9 hirugarrenak edo ondorengoak.

Nafarroan, pasa den urtean jaiotako erdia baino gehiago (% 52) mutilak izan ziren (2.782) eta % 48 (2.567) neskak. Beraz, jaiotako 100 neskato bakoitzeko 108,4 mutil jaio ziren.

Jaiotako haur guztien % 44 lehen seme-alabak izan ziren; % 37,9, berriz, bigarrenak eta beste %18,1 hirugarrenak edo ondorengoak.

Gero eta gazte gutxiago daude

Euskadin eta Nafarroan gero eta gazte gutxiago dago. Eta amatasun berantiarrari eta ugalkortasun-tasa txikiei erreparatzen badiegu, ez dirudi gazteek bi erkidegoetako populazio osoarekiko duten garrantzia hobetuko dutenik.

2019ko urtarrilaren 1ean, Gazteen Euskal Behatokiak Eustaten datuetan oinarrituta egindako azterlan baten arabera, Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko 294.000 gazte zeuden erroldatuta.Kopuru hori 2001. urtean jasotakoarekin alderatzen bada (466.002), 20 urte eskasetan gazteen kopuruan izan den jaitsiera 172.000koa izan dela ikus daiteke.

Hala ere, 2019koa ez da mende honetan izan den kopururik apalena. 2016an 283.517 gazte bizi ziren EAEn. Arinki bada ere, data horretatik hona gazteen kopuruak gora egin du.

Gauzak horrela, 2019an, Euskadiko gazteria-indizea, hots, biztanleria osoarekiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteek hartzen duten proportzioa, % 13,4koa izan zen. 

2014az geroztik proportzio hori egonkortu egin dela dirudi. Hala ere, mende hasierako datuekin alderatuta jaitsiera nabarmena izan dela azpimarratu behar da;  izan ere, 2000. urtean Euskadiko biztanleria osoan gazteen proportzioa % 22,2koa zen.

Nafarroan, 2018. urtean Nafarroako Gazteriaren Behatokiak egin zuen gazteriaren diagnosiaren arabera, gazteria-indizeak beheranzko joera garbia zuela azaltzen zuen. Aipatu tasa % 22,15ekoa zen 2005ean eta % 17,03ra jaitsi zen 2017an. Azken bost urteetan % 17 inguru egonkortu dela dirudi.

Txosten beraren arabera, atzerrian bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko nafar gazteen kopuruak gora egin du azken urteetan. Kasu horretan, 2009an jasotako % 2,4tik 2017an jasotako % 5,9ra pasatu da. Aldi berean, Nafarroan bizi diren atzerritar jatorriko gazteen kopurua murriztu da, 2009ko % 20,9tik 2017ko % 13,2ra jaitsi da.

Eskualdeka, Nafarroako biztanleria gaztea, nagusiki, Iruñerrian biltzen dela azpimarratu behar da. Bertan bizi dira Nafarroako 15 eta 29 urte bitarteko gazte guztien % 57. Beste % 43 horrela banatzen da: Tutera (% 13,58), Ipar-mendebaldea (% 7,77), Erribera Garaia (% 9,22), Lizarraldea
(% 5,22), Erdialdeko Ekialdea (% 4,69) eta Pirinioaldea (% 1,80).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.