Puntueus Behatokiak argitaratu berri duen azken txostenaren arabera, gailu mugikorrak euskaraz konfiguratuta dituzten erabiltzaileen kopurua bikoiztu egin da 2018. urteaz geroztik. Duela bost urte, Puntueus Behatokiak beren gailuak euskaraz konfiguratuta zituzten erabiltzaileen kopurua aztertu zuen azkenekoz. Orduan jasotako datua inoiz erregistratu den daturik baxuena izan zen. Izan ere, 2018an bildutako datuen arabera, gailuen % 2 inguru bakarrik zeuden euskaraz konfiguratuta.
Azken txostenaren arabera, kopuru hori bikoiztu da. Horrela, gaur egun, erabiltzaileen % 4k, oro har, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erabiltzaileen % 15ek beren gailuak euskaraz konfiguratuta dituzte.
Puntueus Fundazioaren marketin zuzendari Lorea Arakistainek azaldu duenez, goranzko joera hori, txikia izan arren, oso positiboa da. Arakistainek baieztatu duenez, “datuek erakusten dute herritarrek gailuak eta nabigatzaileak euskarara itzultzea sustatzeko sustapen- eta sentsibilizazio-ekintzak eragina izaten ari direla”.
Euskara eta .eus domeinua
Une honetan, Euskadiko webguneen % 14 inguruk euskarazko edukiren bat dute. Gainera, .eus domeinua duten webguneen artean % 75 inguruk euskarazko edukiak argitaratzen ditu eta, hortaz, horrelako domeinuetan euskararen presentzia .com edo .es domeinuak dituzten webguneetan baina nabarmen handiagoa da.
Izan ere, azken bi domeinu horiek erabiltzen dituzten webguneetan euskararen erabilera oso mugatua da: % 8 .com webguneetan eta % 6 .es webguneetan. Puntueus Fundazioaren zuzendari Josu Waliñoren ustez, “datu horrek argi uzten du .eus domeinua euskarak mundu digitalean duen bizi-eremua dela, eta, gainera, euskarak Interneten duen presentzia indartzen du”.
Euskarak Interneten bizi duen egoera aztertzeaz gain, Puntueus Fundazioak .eus domeinuaren egoera ere aztertzen du. Azken datuaren arabera, aipatu domeinuak 2022an % 9ko hazkunde-tasa erregistratu du, 14.266 domeinutara iritsiz. Bestalde, domeinuen berritze-tasa % 89koa izan zen iaz, .eus domeinuaren erabiltzaileen fidelizazio-maila handia bermatuz. Fidelizazio-tasa handi horren dimentsioa neurtzeko, kontuan izan behar da domeinuen merkatu globaleko hazkunde-tasa % 2,5ekoa izan dela eta berritze-tasa % 70ekoa.
Merkatuan dagoen presentziari dagokionez, Puntueus Behatokiak banaketa geografikoa eta tipologikoa ere aztertzen ditu. Tipologiari dagokionez, .eus domeinuak jarduera-sektore guztietan du presentzia eta, adibidez, azpimarragarria da enpresa-eremuan, domeinuen % 43rekin.
Banaketa geografikoari dagokionez, .eus domeinua, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan egon arren, aktibo dago eta hazten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde guztietan, domeinuen % 9 Euskaditik kanpo erregistratuz.