Ciberbullying-a ekiditeko egitasmo batek irabazi du Enpresari lehiaketa

Santurtziko San José de Calasanzeko ikasle talde batek irabazi du Bizkaiko lanbide heziketako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzea helburu duen lehiaketaren aurtengo edizioko sari nagusia

Santurtziko San José Calasanz ikastetxeko Anue Catalán, Francisco Martínez eta Gorka Paniagua ikasleek aurkeztutako ‘Nickstudio’ proiektua izan da aurtengo Enpresari lehiaketaren irabazlea. Lehiaketaren xedea da Bizkaiko lanbide heziketako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzea.

Egitasmo irabazleak 1.500 euroko saria jaso du eta ciberbullying-a ekiditeko sare sozialen erabilera arduratsua egitea du helburu. Horretarako, prestakuntza-zentro digital bat (aurrez aurreko eskolekin) eratzea planteatzen du. Bertan, laguntza eta aholkularitza eskainiko litzateke, besteak beste, sare sozialak erabiltzen hasteko eta kalitatezko edukiak sortzeko. Eduki horiek sortu ahal izateko baliabide tekniko egokiak eskainiko lirateke, hala nola  kamerak, tripodeak, fokuak, mikrofonoak, dekorazio-aukerak eta abar, bai eta argazkiak eta bideoak editatzeko tresnei, diseinu grafikoari eta kameren erabilerari buruzko prestakuntza-ekintzak ere.

Goi-mailako graduetako sariak

Aurtengo edizioko goi-mailako graduetako bigarren saria, 1.200 euro, Bilboko Zabalburu ikastetxeko Imanol Martín, Aitzol Urresti, Mario Mandiguchia eta Jon Trevijano ikasleek aurkeztutako ‘TI SPORTS’ egitasmoarentzat izan da. Bilbotarren proiektuak abangoardiarekin eta berrikuntzarekin zerikusia duten produktuak banatu nahi ditu kirol-jardunaren errendimendua eta segurtasuna hobetzeko: burua, belaunak eta bizkarrezurra babesteko produktuak (lesioak prebenitzen laguntzen duten txantiloiak, oinatzen parametroak neurtzen dituztenak, lerradurak saihesteko diseinatutako soinekoak,…).

Hirugarren saria, 1.00 saria, Barakaldoko LHko Verónica Pedrueza, Patricia Pérez, Ainhoa Murillo eta Laura Aleksandra Grigelmo ikasleek aurkeztu duten ‘Etorkizunhari’ egitasmoarentzat izan da. Kasu honetan, ikasleek modaren munduan kontsumo arduratsuaren kulturan oinarritutako ehungintzako diseinu eta jantzigintza enpresa bat eratzeko proiektua aurkeztu dute.

Erdi-mailako graduetako sariak

Aurtengo edizioan izan den berrikuntzarik garrantzitsuena Gradu Ertainetako kategoriarena izan da. Kategoria honetan egitasmo irabazlea Bidebieta ikastetxeko Xabier Álvarez, Leticia Sanjuan, Xabier Peña, Unai Renedo eta Eneko Hernández ikasleen “Classic Cars” ideiarentzat izan da (500 euro). Ideiaren abiaburua antzinatasunagatik deskatalogatuta egon ohi diren auto klasikoak konpontzeko mekanizazio-piezak 3Dn diseinatzea eta inprimatzea da.

Gradu Ertainean beste bi ideia saritu dituzte: San Luis ikastetxeko “Histoyector”  eta Leioako Ostalaritzako “Tu Chef”.

Enpresari 2023

Aurtengoa Enpresari lehiaketaren XXII. edizioa izan da eta, guztira, 299 negozio-ideia aurkeztu dira. Horietatik, 185 goi-mailako graduen kategoriara aurkeztu dira eta 114 Gradu Ertaineko kategoriara. Orotara 884 ikaslek parte hartu dute aurtengo edizioan.

Aurkeztu diren ideia guztietatik 98 aukeratuak izan dira proiektuetara eramateko (Goi-Graduko 63 eta Gradu Ertaineko 35). Enpresari programaren 22 edizioetan 4.000 ideia bildu dira, eta azkenean 1.031 proiektutan gauzatu dira.

Enpresari Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko  Sailaren mendekoa den DEMA, Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziak bultzatu eta kudeatzen duen programa da.