Abenduaren 6tik 10era, Durangoko Azoka fantasiaz beteko da bere 58. edizioan. Euskal kulturaren ezinbesteko hitzordu bihurtu da azoka, eta sortzaileen lanaren, dedikazioaren, ilusioaren, ametsaren eta fantasiaren erakusleihoa da. “Fantasia da!” lelopean, Durangoko Azoka euskal kultura bultzatzeko azoka handi eta aberatsa izatea da helburua.
Aurtengo kartela Ximon Agirre artista hernaniarrak sortu du, fantasiaren gaia ardatz hartuta. Ideia nagusia mundu propioa sortzea izan da, azokaren berezko elementuak fantasiazko pertsonaiekin konbinatuz. Irudian, fantasiazko gune batean, pertsonaia fantastiko batzuk agertzen dira kantuan, irakurtzen edo musika-tresnak jotzen, azokari keinu eginez.
58 urte igaro dira hasierako bultzatzaileen amets hartatik, eta gaur egun Durango Azoka ezinbesteko hitzordua da euskal kulturaren egutegian
Aurtengo edizioan, Ikasleen Goiza azokaren bigarren egunean izango da, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako programa egongo da, eta Durangora bertaratu ezin diren ikastetxeek PortaDA! erronkan parte hartu ahal izango dute.
Azokaren ondorengo astean, Zu non, han DA! ekimenaren bitartez, jarraipena emango zaio Euskal Herri osoan hedatzeari. Ekimen honi esker, Durangoko Azokako nobedadeak eskuragarri egongo dira Euskal Herriko hainbat liburu-dendatan. Kasu horietako batzuetan, gainera, liburuen aurkezpen bereziak antolatuko dira.
Ez da online azokarik izango
2020an, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, martxan jarri zen online azoka. 2021ean, egoerak hobera egin zuenez, aurrez aurrekoa eta birtuala elkartu ziren tarteko azoka batean eta iaz, online aukerari eutsi bazion ere, aurrez aurreko azoka indartu zen. Erabiltzaileek ere lehenetsi zuten aurrez aurreko aukera hori. Horregatik, aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egin nahi da, online eredua alde batera utziz.