Ekintzaile gazteak

Ekintzailetza irtenbide bat al da? Irtenbide magikoa al da? EGKn argi dugu ekintzailetza ez dela prekaritatearen konponbide bat edo, gutxienez, ez dela edozein gazterentzako konponbidea.

Abendua eta urtarrileko hilabetetan, normalean, langabezia-tasak behera egiten du. Izan ere, garai horretan aldi baterako kontratuak areagotzen dira. Gabonetan kontsumo orokorrak gora egiten du, opariak eta erosketak, afari zein bazkariak, merkealdiak… Horrek lan bolumena handitzen du eta, ondorioz, aldi baterako kontratazio gehiago egiten dira. Antzeko zerbait gertatzen da uda sasoian; maiatza aldera udako lan asko aktibatzen dira, batez ere, turismoari zuzendutako sektoreetan.

Sarritan, aipatu lanpostu horiek guztiak gazteekin betetzen dira eta horrek oztopatzen ditu bizitza proiektu duinak izateko aukerak. Baina egoera hori urteko une zehatzetan bakarrik ematen al da? Egoera isolatuak al dira? Errealitatea da, urte osoan zehar errepikatzen den egoera bat dela. 2021. urteko datuen arabera, gazteen % 65,5ek aldi baterako kontratuak ditu; hau da, gazteen erdia baino gehiago ezegonkortasun egoeran bizi da. Asko dira ideia hori indartzen duten datuak, batez ere, emakume gazteen kasuan: % 66,5ek aldi baterako kontratuak ditu eta % 41,1ek lanaldi partzialean egiten du lan. Beraz, gaur egungo euskal gazteek oso zaila dute bizitza proiektu duin bat sortzea.

2021. urteko datuen arabera, gazteen % 65,5ek aldi baterako kontratuak ditu; hau da, gazteen erdia baino gehiago ezegonkortasun egoeran bizi da.

Horren aurrean, hainbat administraziotik zein enpresetik irtenbide “erraz” bat proposatzen dute “Egin zaitez ekintzaile” lelopean. Ekintzailetza lan-merkatuan aritzeko alternatiba bat da eta hori sustatzeko zenbait ahalegin egiten dira askotan lan-merkatuaren egoerari aurre egiteko eta langabeziaren aurrean aukera bezala aurkeztuz.

Ekintzailetza

Lan merkatuko egoera prekarioa izanda, gazte askok hausnartu edo pentsatu dute noizbait ekintzaile izatearen ideia horren inguruan. 2019. urtean gazteen % 41,4k autonomo izateko asmoa zuen, ehunekoa pixka bat handiagoa izanda emakumeen kasuan. Baina errealitatean, % 4,8 baino ez zen ekintzaile izatera ausartu eta 2020. urtean % 4,1. Kasu horretan emakumeak gutxiago direlarik.

Beraz, ekintzailetza irtenbide bat al da? Irtenbide magikoa al da? EGKn argi dugu ekintzailetza ez dela prekaritatearen konponbide bat edo, gutxienez, ez dela edozein gazterentzako konponbidea. Ekintzaile izateak, energia eta motibazio dosi handiak eskatzen ditu. Baita, plangintzarako, ezagutzarako eta prestakuntzarako gaitasunak izatea ere. Eta atal garrantzitsuenetako bat, babes ekonomiko baten beharra dago, etxetik datorrena edo babesleak topatuz. Horrek argi uzten du ekintzaile izateko eta gazte ekintzaileak sortzeko formakuntza falta handia dagoela. Ezin ditugu gazteak ekintzaile izatera bultzatu informazio guztia eman gabe.

Horrek argi uzten du ekintzaile izateko eta gazte ekintzaileak sortzeko formakuntza falta handia dagoela. Ezin ditugu gazteak ekintzaile izatera bultzatu informazio guztia eman gabe.

Gauzak horrela, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan aldarrikatzen dugu, ekintzaile izateko aukera eskuragarri egon behar dela edozein gaztek bere enplegu eredua aukeratu dezan. Bide horretan, ekintzaile izan nahi duten gazteek edo gazte taldeek espazioak eta sarea josteko beharra dutela identifikatu da.

Hainbat dira behin ekintzailetzan hasterakoan sortzen diren zalantzak, kezkak, ardurak, gastuak … Horretarako ezinbestekoa da informazioa jasotzeko espazioak ezagutzea, beste ekintzaile batzuekin esperientziak partekatzea eta bidean ikasteko prestutasuna adieraztea.  

Hori dela eta, EGKn garrantzitsua ikusi dugu gazte ekintzaileen espazio bat sortzea, esan bezala, sarea sortzeak bidea errazten ahalbidetzen du eta askotan proiektu komunak sortzeko ere sinergiak ematen dira. 

Hau guztia kontuan edukita EGKtik gazteak eta ekintzailetza topaketa burutu dugu urtarrilaren 25ean, Bilboko Dock tabernan. Bertan, errealitate anitz horiek eta ekintzailetzaren inguruan hizketan izan gara. Gainera, TINCeko gazteen dinamizazioaren laguntza izan dugu. Aukera paregabea izan da gaia mahai gainean jartzeko eta gazteon ahotsak entzuteko.