Euskal gazteen herena bere kontura bizi da

Euskadin, 2021ean, gazteen % 32 bakarrik zegoen emantzipatuta, duela 10 urte baino 11 puntu gutxiago. Langabezia, behin-behinekotasuna, lan prekaritatea eta soldata txikiak dira beren kabuz bizitzea galarazten dieten faktoreak.

Euskadiko gazte gehienentzat, etxebizitza bat eskuratzea oztopo gaindiezina bihurtu da. Langabezia, behin-behinekotasuna, lan prekaritatea eta soldata txikiak dira etxebizitza erostea galarazten duten faktore nagusiak. Gazte askok ez dute hasierako sarrera ordaintzeko gaitasunik, ezta hipotekari aurre egiteko lan egonkorrik ere. Hau da, arrakala handiegia dago jasotzen duten sarreren eta ordaindu behar duten prezioaren artean. Finantza-erakundeek berek gomendatzen dute hileko diru-sarreren % 30-35 baino gehiago ez erabiltzea hipoteka-mailegu bati aurre egiteko. Hau da, hilean 1.200 euro irabazten duen gazte batek, gehienez ere, 420 euroko hileko hipoteka ordaindu ahal izango luke.

Gaur egun, emantzipatzeko, gazte gehienek alokairura jo behar izaten dute. Hala ere, prezio-igoerarik handienak alokairu-merkatu horretan erregistratzen ari dira; beraz, gazte askori emantzipazio-data atzeratzea, alokairua partekatzea edo gurasoen laguntza eskatzea besterik ez zaie geratzen.

2008. urtean hasi zen joera hori urtez urte handitu besterik ez da egin eta, ondorioz, gazte askok familiarekin jarraitu behar dute.

Emantzipatzeko adina atzeratzeak, bizitza- eta familia-proiektuen garapena eragozteaz gain, ondorio larriak ditu gizarte osoarentzat, horren zahartzeari laguntzen diolako eta belaunaldien arteko desorekak eta desoreka demografikoak eragiten dituelako.

Gazteek beren familiaren etxea lehenago utzi ahal izan dezaten laguntzeko, pasa den abenduan Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategia aurkeztu zen. Estrategia horren behin betiko onarpena martxoa amaitu baino lehen egitea aurreikusten da. Estrategia horren lehentasunezko helburua da emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtera murriztea 2030ean, eta emantzipazio-tasa handitzea, 25 eta 29 artean, egungo 39,5etik % 50era. 

Gazteen bi heren beren gurasoekin bizi da

Euskadin, 2021ean, gazteen % 32 bakarrik zegoen emantzipatuta, duela 10 urte baino 11 puntu gutxiago. Hau da, gazteen % 68k bere gurasoen etxean bizitzen jarraitzen du. Etxebizitzaren Euskal Behatokiak ezagutzera eman duen ‘Gazteei eta etxebizitzari buruzko txostena’ izeneko txostenean jasotako datuak dira. Azterlanak 18 eta 35 urte bitarteko pertsonen egungo egoera aztertzen du, bai eta autonomia-erkidegoko emantzipazio-tasa berantiarren atzean dauden arrazoiak ere. Horiek, nagusiki, adin horretako pertsonen lan-merkatuaren egoerarekin eta merkatuan etxebizitza eskuragarrien eskaintza urriarekin zerikusia duten arrazoiak dira.

Eta horren guztiaren paradoxa nagusia da gero eta gazte gutxiago daudela Euskadin, eta etxebizitza-parkea etengabe hazten ari dela urtero. Horrela, 2021. urtean EAEn 1.075.076 etxebizitza zeuden, duela 20 urte baino 196.461 gehiago.

Epe berean Euskadin bizi diren gazteen kopuruak nabarmen egin du behera: 2021. urtean EAEn bizi ziren biztanle guztietatik 610.134 30 urtetik beherakoak ziren, hots, duela 20 urte baino 321.871  gazte gutxiago (-% 34). 2022aren hasieran, 705.020 ziren 35 urtetik beherakoak EAEn: Hau da, hiru biztanletik bat, biztanleria osoaren % 32, Eustaten datuen arabera. Ikus daitekeenez, euskal gizartea biztanleriaren zahartze prozesu garbi batean murgilduta dago eta horren arrazoi nagusiak, neurri handi batean, emantzipazio berantiarra eta jaiotza-tasa baxuak dira. 

Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera, euskal gazteen emantzipazio-tasak nabarmen egin du behera joan den hamarkadan 35 urtetik beherakoen artean. 2010ean euskal gazteen % 43,7 izatetik 2021ean % 32,9 izatera igaro da. Ehunekotan 10 puntu baino gehiagoko jaitsiera da.

Gainera, alde nabarmenak daude adin-talde ezberdinen artean emantzipazioari dagokionez. 2021ean, 18 eta 24 urte bitarteko gazteen % 5,1 bakarrik bizi zen bere kontura. 15 eta 29 urte bitartekoen artean, berriz, kopuru hori % 32,8koa zen eta 30 eta 34 urte bitartekoen artean % 71,5ekoa. Nolanahi ere, adin-talde horretako 10 gaztetik 3 oraindik ez zeuden emantzipatuta 2021ean.

Eta 35 urte bete aurretik gero eta gazte gutxiago beren kabuz bizitzen jartzen direnez, emantzipatzeko batez besteko adina 29,7 urtekoa da, Europako batez bestekoa (26 urte) baino nabarmen handiagoa.

Enplegurik gabe eta soldata baxuekin ez dago emantzipatzerik

Lanik gabe eta kalitatezko soldatarik gabe ez dago emantzipaziorik. 2008ko Atzeraldi Handiak eragin handia izan zuen orduan enplegu egonkorra lortu nahi zuten gazteen artean.

Eta 2017. urtetik aurrera euskal ekonomiak susperraldi prozesu bat bizi izan duen arren, duela 10 urte baino gehiago pairatu izan genuen krisiaren ondorioek gazte askori eragiten jarraitu dute, enplegu prekarioei, behin-behinekotasun handiari eta soldata baxuei dagokienez. Eta pandemiak zauriaren gainean piko egin du.

Lan Merkatuaren Erroldak azaltzen du 30 urtetik beherakoek enplegua lortzeko duten maila txikia 2021ean. Horrela, 25 eta 30 urte bitarteko landunek ez dute adin-talde horren % 40 gainditzen. 30-35 urte bitartekoen taldean, berriz,  eta ehuneko hori bikoiztu egiten da (% 80 baino gehiago). Datu horrek enpleguaren eta emantzipazioaren artean den zuzeneko harremana erakusten du. Izan ere, zenbat eta handiagoa izan landunen kopurua, orduan eta handiagoa emantzipatuen kopurua ere.

Gainera, enpleguetarako sarbide nerantiarraren fenomenoa ere hor da. Eta horrek ere etxebizitza eskuratzeko aukerak baldintzatzen ditu. 30 urtetik beherako hamar langiletik zazpik 2 urte baino gutxiago daramate lanean, eta % 5,0k bakarrik daramatza bost urte edo gehiago lanean. 30 eta 34 urte bitartekoen artean ere, hirutik batek bakarrik daramatza bost urte edo gehiago egungo enpleguan.

Lan-prekaritatea ere oso nabarmena da enplegua duen biztanleria gazteenean. Izan ere, 30 urtetik beherako pertsonen erdiak baino gehiagok (% 53) ez du enplegu egonkorrik. 30 eta 34 urte bitartekoen artean egoera ez da askoz hobea; adin-tarte horretako enplegua duten hiru pertsonatik batek (% 33,4) aldi baterako kontratua du.

Etxebizitza bat eskuratzeko ahalegina

Lan-ezegonkortasuna emantzipazio-tasa txikiak azaltzen dituen faktorea da, 30 urtetik beherakoen kasuan lan-merkaturako sarbide-maila txikiarekin bat egiten baitu.

Gainera, kontratu mugagabea duten gazteen artean ere, soldatak, batez beste, txikiak dira, batez ere emakumeen artean eta gazteenen artean. 25 eta 29 urte bitarteko gazteek, batez beste, 1.273 euro garbi kobratzen dituzte, eta 30 eta 34 urte bitartekoen artean, zenbateko hori hileko 1.558 eurora arte igotzen da. kopuru horiek oso urrun daude etxebizitza eskuratzeko behar den zenbatekotik, batez ere, EAEko hiriburuetako metropoli-eremuetan eta bigarren etxebizitza erosteko presioa jasaten duten kostaldeko udalerri batzuetan.

Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, EAEko gazteek beren hileko soldata garbiaren % 58,7 erabili beharko lukete EAEko merkatu librean etxebizitza bat eskuratzeko. Kopuru horrek ia bikoiztu egiten du gehieneko ahalegin-maila gisa gomendatutako % 30eko langa.

Horrek esan nahi du gazte batek ia ezinezkoa duela bakarka etxebizitza bat eskuratzea; ez behintzat aurrezkirik eta/edo familia-laguntza handirik gabe.

Egoera ez da hobea alokairua aukeratzen bada. Euskal Behatokiaren arabera, soldatapeko gazte batek, batez beste, hileko alokairuan egin behar duen ahalegina % 54koa da. Ahalegin hori % 30eko gehienezko ideala baino askoz handiagoa da. Gainera, ahalegin hori 7 puntu portzentual igo da 2016. urtetik.