Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak 18. edizioa ospatuko du ekainaren 6tik 30era. Iazko edizioan jaialdiak eten egitera, gelditzera eta erritmoa jaistera dei egin zuen eta aurten, berriz, kontrako ideia zabaldu nahi du. Izan ere, Getxophotoren edizio honek ‘play’ botoia sakatzera animatuko gaitu, hots, aktibatzera eta jolastera animatuko gaitu.
Jaialdia Begihandi elkarteak antolatzen du, eta María Ptqk kultur ikertzailea izango da komisarioa. Partaidetza eta esplorazio sortzailea aktibatzea da aurtengo edizioaren xede nagusia. Horretarako, bisitariak animatzen ditu jokoa serio hartzera eta haren forma eta ahalmen anitzak aztertzera.
Guztira 22 erakusketa izango dira aurtengo egitarauan, gehienak aire zabalean. Aisialdirako eta kirolerako espazio publikoak, hala nola skatepark bat edo haur-parke bat, izango dira parte hartuko duten artisten lanak erakusteko lekuak. Gainera, jaialdiak askotariko programa parte-hartzailea izango du: elkarrizketa profesionalak, bisitak, aurkezpenak, esku-hartzeak, proiekzioak, performanceak, tailerrak eta gaueko ibilaldiak, besteak beste.
Suitza, Japonia, Alemania, Txina, Argentina, Brasil, Espainia, Estatu Batuak, Polonia edo Errusiatik etorritako artistek hiriko hiru ardatz nagusitan erakutsiko dituzte beren lanak: Algortako erdialdean, Ereagako hondartzako pasealekuan eta Erromo-Areetan.
Merkatua jaialdiaren gune nagusietako bat izango da, informazio-gunea eta erakusketa batzuk hartuko baititu. Algortako Kasinoan Jason Fulford artista eta editore estatubatuarrak esku hartuko du, eta Punta Begoña Galerietan erakusketa nagusiak eta hainbat jarduera ere izango dira.
Bigarren urtez jarraian, erakusketetako bat Ereagako igogailuan aurkeztuko da, eta, bertan, bisitariek eta erabiltzaileek Masahisa Fukaseren obraz gozatzeko aukera izango dute.