Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek aurkeztutako “Adarbakarra eta soinujolea“ diziplinarteko proiektuak 2024ko Eusko Ikaskuntza–Laboral Kutxa Gazte Saria jaso du. 2019an ezarritako sari honen xedea da 35 urtetik beherako gazteek Humanitate, Kultura, Arte edo Gizarte Zientzien arloetan egindako sorkuntza- edo ikerketa-lanak babestea.
Egileek euskal imajinario, mitologia eta erreferentzia kulturalen begirada garaikidea proposatzen dute ikuspegi queer-feminista batetik. Musika, literatura eta antzerkia uztartzen dituen proposamenak euskal kulturaren elementu tradizionalak eguneratu nahi ditu, umorea eta poesia tresna nagusi gisa erabiliz. “Adarbakarra eta soinujolea” performance-aren bidez, gaur egungo euskal topikoak aztertuko dituzte, kultur identitateari buruzko hausnarketa eta begirada berriak eskainiz.
Maite Aizpuruak (1990) Arte Dramatikoko Goi Mailako Ikasketak egin ditu Dantzertin, eta Soziologian eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziaduna da UPV/EHUn; eskarmentu handia du arte eszenikoetan eta gizarte-mugimenduetan. Garazi Navasek (1995), berriz, Akordeoi espezialitatea ikasi du Musikenen — Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia —, eta Musika Interpretazioaren Irakaskuntzan Masterra du.
Epaimahaiak nabarmendu duenez, “Adarbakarra eta soinujolea” lanak bete-betean erantzuten dio Eusko Ikaskuntzaren eta Laboral Kutxaren asmoari, giza zientzien, kulturaren eta arteen alorretan proiektu sortzaileak sustatzen dituelako. Proiektu irabazleak 6.000 euroko laguntza jasoko du eta 2025eko udaberrian taularatuko dela aurreikusten da.