Euskarianan diren edukiak Europeanan izango dira

Euskariana Europeanako 43. agregatzailea izango da eta, horri esker, Europeanako erabiltzaileek euskal edukiak ere eskuratu ahal izango dituzte.

Euskadiko Liburutegi Digitalak kudeatzen duen Euskariana atari digitalean diren edukiak Europako Liburutegi Digitalaren (Europeana) parte izango dira. Pasa den urtearen amaieran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Europeana Fundazioak itxi zuten akordioari esker, martxoaren 18an izan zen Europako Liburutegi Digitaleko Agregatzaileen Batzar Nagusian Euskariana Europeanako 43. agregatzailea izatea onartu zen. Horri esker, Europeanako erabiltzaileek euskal baliabideak eskuratu ahal izango dituzte. Izan ere, Euskariana euskal kultur ondarearekin zerikusia duen edozein eduki bilatzeko aukera ematen duen ataria da, hala nola, liburuak, aldizkariak, kartelak, argazkiak, diskoak edo bestelako materialak.

Euskariana Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalen, unibertsitateen eta euskal kultura-ondarearen baliabide digitalizatuak kudeatzen dituzten erakunde pribatuen arteko lankidetza estuan eraikitako proiektua da. Egitasmoak, gaur egun 71 bazkide ditu eta erabaki horri esker Europeanako Datu Bazkide estatusa ere izango dute hemendik aurrera.