Abstinentzia sexualak gora egin du Frantziako gazteen artean

Harremanak izateko pertsona egokia aurkitu ez izana eta teknologia berrien erabilerak eragindako informazio-nekea omen dira arrazoi nagusiak

Lelo jostailu sexualen enpresarentzat Frantzian egindako ikerketa baten arabera, herrialde horretako jarduera sexualak nabarmen egin du behera azken urteetan, bereziki gazteen artean. Azterlan horren arabera, 18 eta 24 urte bitarteko gazteen % 28k adierazi du ez duela sexu-harremanik izan azken 12 hilabeteetan. 2006an jasotako datuekin alderatuta kopuru horrek % 23an egin du gora.

Azterlan horretan jasotako datuen arabera, sexu-jarduerak behera egin ez duen adin-tarte bakarra 25-34 urteko gazteena da. Kasu horretan, ia ez dago alderik 2006ko eta oraingo datuen artean (% 5 eta % 6, hurrenez hurren). Baina adin horretatik aurrera abstinentzia sexuala igotzen hasten da. 35-49 urtekoen kasuan, 18 urte horietan abstinentzia % 6tik % 17ra igo da, 50-59 urtekoen taldean % 10etik % 35era eta 60-69 urtekoen taldean % 23tik % 39ra.

Arrazoiak

Azterlanaren arabera, abstinentzia sexuala zertxobait handiagoa da emakumeen artean (% 26) gizonen artean baino (% 22). Duela 18 urte, sexu-harremanik ez zuten emakumeen kopurua % 11koa zen, eta gizonena, berriz, % 7koa. Sexu-harremanik ez izateko arrazoiei buruz galdetuta, sexu-harremanak izateko pertsona egokia aurkitu ez izana da arrazoi nagusia (% 67 gizonen kasuan, eta % 61 emakumeen kasuan).

Ikerketan aurkitu duten beste arrazoi nagusietako bat sare sozialek eta teknologia berrien erabilerak eragindako informazio-nekea da. Ildo berean, pornografiaren kontsumoak ere zuzeneko harremana izan dezakeela dirudi, batez ere belaunaldi gazteenen artean.

Ikerketak utzi duen beste datu bitxi bat da sexu-harremanak dituzten horien artean ere sexu-harremanen maiztasuna jaitsi dela. Frantsesen % 43k dio astean behin izan ohi dituela sexu-harremanak; hots, 2009an baino % 15 gutxiago.