Bilboko Udalak antolatzen duen ‘Bilbao Izan’ programak hiriko hainbat auzotako historia, memoria eta sekretuak ezagutzeko aukera eskainiko die herritarrei maiatzetik aurrera, ‘Iraganeko historia egungo memorian’ eta ‘Gure auzoak eszenan’ proiektuen bidez. Urte amaierara arte programak proiekzio eta hitzaldi ziklo bat, bisita gidatu antzeztuak, ‘Txio Ta Txio’ bideo laburren bildumaren edizio berri bat eta ‘Argazkineta’ proiektua hartuko.
‘Iraganeko historia egungo memorian’ zikloaren barruan Otxarkoaga, Abando, San Inazio eta Zabala auzoen inguruko proiekzioak eta hitzaldiak izango dira maiatzean zehar. Ekimen horren xede nagusia da auzoetako historiaren hainbat alderdi modu atseginean azaltzea. Horretarako, hiriko hainbat pasadizoak, gertaerak eta bitxikeriak jasotzen dituzten ‘Txio Ta Txio’ bideoak proiektatuko dira. Aurten, bideo gehienak Deustu eta Begoñaren ingurukoak izango dira, bi auzo horiek duela 100 urte Bilbon integratu baitziren.
Ildo berean, auzoen historia azaltzeko hitzaldiak ere izango dira.
‘Gure auzoak eszenan’
Maiatza eta urria bitartean, berriz, programak hartzen duen bigarren ekimena garatuko da: ‘Gure auzoak eszenan’. Ekimen honen barruan hiriko zortzi auzo ezagutzeko bisita antzeztuak egingo dira: Zorrotza, Indautxu, Otxarkoaga, Iralabarri, Uribarri, San Adrián, Begoña eta Deustu. Bisita guztiak doakoak izango dira eta horietan auzo bakoitzaren historia azalduko da, bertako pertsonaia historikoak, ohiturak, bitxikeriak eta gertaerak nabarmenduz. Bisitetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea programaren webgunean.
Azkenik, udazkenean ‘Argazkineta’ proiektuaren edizio berri bat izango da. Aurtengoa aipatu egitasmoaren seigarren edizioa izango da eta Monte Caramelo, Masustegi eta Altamira izango ditu protagonista. Egitasmo horren barruan aipatu auzoetako etxeetan gordetzen den materiala bildu eta digitalizatu egingo da. Horrez gain, herritarrek beren istorioak, oroitzapenak, testigantzak eta gertaerak kontatzeko aukera izango dute, bildutako eta digitalizatutako informazioa osatzeko.