Euskara ikasteko laguntzak Bilbon

Bilboko Udalak 700.000 euro bideratuko ditu euskara ikasten ari diren herritarrei laguntzeko. Laguntza hauek eskatzeko epea maiatzaren 14an amaituko da.

Bilboko Udalak euskara ikasteko eskaintzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik izango da maiatzaren 14ra arte. Udalak 700.000 euro bideratuko ditu laguntza horietara. Orain arte, Bilboko Udalak euskara ikasteko eskaintzen zituen dirulaguntzak talde espezifikoentzat ziren, adibidez, gurasoentzat, aisialdiko edo kiroleko monitoreentzat edota diru-sarrera mugatuak zituzten pertsonentzat. Baina aurtengo deialdian murriztu egin dira laguntza horiek jaso ahal izateko baldintzak. Horrela, euskara ikasteko laguntza honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona guztiek eskatu ahal izango dute: Bilbon erroldatuta egotea, gutxienez ikaskuntza-maila bat gainditu izana, gutxienez % 60ko asistentzia izatea eta erakunde publikoekin zorrik ez izatea.

Baldintza horiek betetzen dituzten eta edozein euskaltegi homologatutan euskara-ikastaroren bat egin duten pertsonek, dela Bilbon bertan, dela Bilbotik kanpo, dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute. 700.000 euroak eskatzaile guztien artean banatuko dira poltsa agortu arte.

Eskaerak bi modutara aurkez daitezke:

  • Online: Bilboko Udalaren www.bilbao.eus webgunearen bidez, BakQ sistema, ziurtagiri digital aitortua (NAN, Izenpe, etab.) edo Udalak emandako web sarbidearen gakoa erabil daitezke.
  • Aurrez aurre: herritarren arretarako bulegoetan erregistratuz. Hitzordua eskatu behar da udalaren webgunearen bidez edo 94 4 010 010/010 telefonora deituta.