Maiatzaren 16tik 19ra bitartean, Leioako kaleak antzerki, dantza eta zirku garaikidez beteko dira Umore Azokaren XXIV. edizioaren ospakizunekin. Aurten, kaleko artisten azokak 41 konpainiaren 80 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu, eta kaleko panorama artistikoko konpainia garrantzitsuenetako batzuen emanaldi ezezagunez gozatzeko aukera eskainiko dio publikoari.
Aurtengo Umore Azokan gozatu ahal izango diren diziplina eszenikoak dantza, antzerkia, clown-a, musika, performance-a, zirkua, txotxongiloak, instalazioa, ikusmen-arteak eta magia izango dira. Parte hartu duten 41 konpainien artean, 18 Euskal Herrikoak dira, 18 estatukoak eta 5 nazioartekoak.
Estreinaldiak
Estatuko 20 estreinaldi eta nazioarteko 7 estreinaldi izango dira guztira Leioan. Estatuko konpainiak Andaluzia, Asturias, Katalunia, Euskal Herria, Galizia, Murtzia, Nafarroa eta Valentziatik datoz; eta nazioartekoak, berriz, Portugal, Frantzia, Suitza, Italia, Irlanda, Belgika eta Mexikotik. Gainera, ohi bezala, Umore Azokak Leioako konpainia bat izango du bere programazioan; aurten Mutis Danza gunea izango da.
Programatuta dauden ikuskizunak jasotako 600 proposamen baino gehiagoren artean hautatu dira. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, jaialdiaren historia osoan ez dira hainbeste proposamen jaso edizio bakar baterako.
Edizio honetarako, 15 espazio eszeniko nagusi prestatu dira, 30 kokaleku eszeniko ingurutan banatuak, guztiak Leioako udalerriaren erdigunean kokatuak, ikusleek ikuskizunetara sartu eta haietaz gozatzeko aukera izan dezaten. Aurtengo berritasun gisa, “Umeen Kontseiluaren Parkea” sortu da. Bertan, “Gozamenen lorategia” izeneko irudi- eta soinu-instalazioa egongo da, maiatzaren 17an eta 18an, 21:30etik aurrera.
Eskaintza artistikoaz gain, Umore Azokaren XXIV. edizioak sari banaketa ere izango du. Sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek Umore Azoka saria emango dio ikuskizun onenari, eta Umore Azoka sari berezia kaleko arteei duintasuna eta balioa emateko lan egin duen erakunde bati. Palmaresa 2024ko maiatzaren 17an jakinaraziko da.
Iaz, Umore Azokak 30.000 pertsona erakarri zituen Leioara lau egunez.