Fito Rodríguez: “Inork ez du hartu Donostiako suntsiketaren gaineko erantzukizuna”

Zein eragin izan zuten Napoleoi garaiko gudek garai horretako munduan?

Funtsezko eragina izan zuten. Gontza garaia dugu eta guda horiek, nahiz eta frantsesak garaituak izan, gizarte berri baten antolaketarako paradigma ezarri zuten, ‘Kode napoleonikoa’ izenarekin ezagutzen dena. 1804an, kode zibil frantziarrak, non kode zibil germanikoa eta erromatarra bildu egiten diren, egungo mundu berria ulertu ahal izateko ardatzak ezartzen ditu: estatu laikoa, gizabanakoaren askatasuna, kontzientzia askatasuna… Eta honekin batera, baita liberalismo ekonomikoa eta inperialismo eredu berria ere. Napoleonek gudarekin pentsamendu berri bat hedatu zuen eta horrek iraun egiten du.

Eta Euskal Herrira mugatuz, nola islatu zen hau guztia?

Ikastaroan honen inguruko hausnarketa burutu dugu, ez bakarrik gertaera militarrak ulertu ahal izateko baizik eta testuak eta testuinguruak behar bezala ulertu ahal izateko. Honekin batera, jazotako setio eta borroken inguruko hipotesi berriak aztertu ditugu, nolabait ere, orain arte aintzat hartu ez diren ondorioak ere aztertuz. Donostiaren kasuan, adibidez, egungo etxebizitzen prezio altuak 1813an hiriak pairatu zuen suntsiketaren ondorio zuzena dira.

Nola eragin du, bada, hiriaren suntsiketak egungo etxebizitzen prezioan?

Inork ez du hartu hiriaren suntsiketaren erantzukizuna edo ardura. Normalean, guden ondoren, galtzaileari konpentsazioak eskatzen ohi zaizkio sortutako kalteengatik. Adibidez, Gernikaren kasuan, Alemaniak barkamena eskatu behar izan zuen II. Gerra Mundialaren ostean eta baita konpentsazio ekonomiko bat eman ere. Donostian, berriz, inork suntsiketaren erantzukizuna hartu ez zuenez, donostiarrek ekin behar izan zioten hiriaren berreraikuntzari. Donostiako Udalak berak erantzulea bilatzeko prozedura ireki zuen bere garaian baina horrek ez zuen emaitzarik eman eta, beraz, esan bezala, donostiarrek aurre egin behar izan zioten berreraikuntzari. Finantziazioa lortzeko, Santa Katalina zubian bidesaria jarri eta eraikuntzarako beharrezkoak ziren orubeen gaineko alokairuak biderkatu egin ziren. Horrek eraikuntzen prezioa garestitu zuen eta prezio altuago horiek gaur arte mantendu dira.

Zer dela eta suntsitu zuten Donostia 1813an? Praktika arrunta ote zen garai horietan?

Donostiarena kasu bitxia da, Ciudad Rodrigo eta Badajozekin batera. Napoleoi garaiko gudak aztertuz frantziarrek 31 setio burutu zituztela ikusiko dugu eta kasu bakarrean, Castro Urdialesen, hain zuzen ere, izan zen birrinketa. Britaniarrek berriz, espainiar eta portugaldarren laguntzarekin, 33 setio burutu eta aipatu hiru suntsiketak burutu zituzten. Salbuespena izanik, suntsiketa hori emateko arrazoi zehatzak bilatu behar dira eta guk lau hipotesirekin egiten dugu lan.

Lehenengoaren baitan, Castaños general espainiarra izango litzateke errudun nagusia Donostiak (Mitxelena alkateak hain zuzen) Konbentzioaren Gerran frantziarrei hiriko giltzak eskaini zizkielako. Gainera, Gipuzkoako Aldundiak Frantziarekin bat egingo zuen errepublika independente baten alde egin zuen. Konbentzioaren Gerrari amaiera eman zion Basileako Itunean, azken momentuan, Gipuzkoa aldatu zuen Espainiako gobernuak Santo Domingo uhartearen trukez.

Bigarren hipotesiaren arabera, eta espainiar historiografian nagusi izan den teoria dena, frantsesei leporatzen zaie suntsiketaren ardura, baina hipotesi hori nahiko baztertuta dago gaur egun. Frantsesak gotortuak izan ziren Urgullen eta alde egiteko aukera eman zitzaien.

Hirugarren hipotesiaren arabera, portugaldarrek eta britaniarrek osatutako armada izango litzateke erantzule. Abuztuaren 31an bertan portugaldar bat izendatu zuten gobernadore, Luis Dorrero Bareto, hain zuzen ere. Hau Pernambucoko suntsiketaren erantzulea izan zen eta baita horregatik epaitua ere. Bera zen txikizioa gelditzeko aukera zuena eta ez zuen egin. Britaniarren aldetik Wellington zen buru eta ez zuen ezer egin ere. Are gehiago, Wellingtonek euskal batailoi guztiak Irunera desbideratu zituen, nolabait, sarraskiaren lekukorik ez izateko edo.

Eta laugarren hipotesi berri baten arabera, Gipuzkoan zen Caracasko Gipuzkoar Konpainia eta ondoren ‘Compañía de Filipinas’ deituko zena izango litzateke gakoa. Hau garaiko itsas merkataritzan pisu handia zuen erakundea zen. Horren egoitza komertziala Madrilen izan arren funtzionamendu guztia Ingalaterratik burutzen zen, hau da, itsasontzi guztiek han zuten kai nagusia. Ingelesek Ingalaterran finkatu nahi zuten konpainia hori eta ez Gipuzkoan. Ondorioz, Donostia suntsituz, Gipuzkoa kai nagusirik gabe uzten zuten eta ‘Compañía de Filipinas’ Ingalaterratik funtzionatzera behartzen zuten.


Horiek guztiak hipotesiak besterik ez dira, eta guztiak defendatzeko material nahikoa bada ere, oraindik ere ez dago garbi benetan zein arrazoi izan ere horrelako sarraskia emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.