Gasteizek enplegurako 240 formakuntza ikastaro eskainiko ditu

Programan informatika, diseinu grafikoa, merkataritza eta marketina, ostalaritza eta turismoa, ingurumena eta laneko arriskuen prebentzioa bezalako gaiak jorratzen dituzten ikastaroak daude

Gasteizko Udalak enplegurako formakuntza programa bat abiarazi du. Programa aurrez aurreko 61 ikastarok eta 179 online ikastarok osatzen dute eta hainbat sektoretako kualifikazio profesional eta espezializatura zuzenduta daude. Ikastaroetan, adibidez, honako gaiak jorratuko dira: informatika, diseinu grafikoa, merkataritza eta marketina, ostalaritza eta turismoa, ingurumena eta laneko arriskuen prebentzioa.

Programa, nagusiki, langabetuei eta beren ezagutza edo esperientzia egokitu behar duten horiei zuzentzen zaie.

Aurrez aurre eta online

Programa aurrez aurreko eta online ikastaroekin osatu da. Zenbait kasutan bi ereduak uztartzen dituzten ikastaroak izango dira. Autoformakuntzarako online plataforma bat izango da. Online ikastaroek indar handia hartu dute pandemiaren ondorioz eta aukera ematen die ikasleei, beren ekipamendua erabiliz, ikastaroa noiznahi egitea.

Ikastaroek gaur egun enplegu gehien sortzen dituzten sektoreetan trebatzeko aukera emango dute. Programa Gasteizko Udaleko Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak antolatu du eta 400.000 euroko aurrekontua izango du, aurreko urtean baino % 8 gehiago.

Aurtengo programazioa zenbait ikastaro berri ere izango dira, hala nola, nekazaritza sektoreko Basaldea enpresa-haztegian izango diren nekazaritza ekologikoko ikastaroak. Beste berrikuntza bat Europar Batasuneko funtsekin finantzatutako ostalaritza eta merkataritza sektoreko programa izango da. Aurten ere, lehen aldiz, osasun mentalarekin harremana duen arreta soziosanitarioko ikastaro bat prestatu da.

Ikastaroak

Ohiko ikastaroen artean, berriz, Ignacio Ellacuria Udal Ikastegian eraikuntza iraunkorrari eta industria tradizionalari eta logistikoari buruzko ikastaroak eskainiko dira. Informazio eta Komunikazio Teknologien CETIC Ikastegian, berriz,  4.0 industriaren, dronen, Big Dataren, zibersegurtasunaren edo adimen artifizialaren inguruko ikastaroak eskainiko dira. Sormen-industriekin (diseinu grafikoa, WordPress, Motion Graphics) edo oinarrizko gaikuntza digitalarekin edo alfabetatze digitalarekin lotutako prestakuntza ere badago eskaintzan, prestakuntza eta enplegua lortzeko gaitasun txikiko kolektiboei zuzendua, hain zuzen ere egungo enplegua lortzeko funtsezko ezagutzak eskuratu behar dituztelako. Izena emateko, 010 telefono-zenbakira dei daiteke; Herritarren Udal Txartela (TMC) dutenek udal-egoitza elektronikoan sar daitezke, eta, “Inskripzioak eta erregistroa” ataleko “Enplegurako prestakuntza” aukeran klik egin ahal izango dute, nahi duten ikastaroan izena emateko, “Online izapidetzea” estekan. Autoprestakuntza-gelan sartzeko, eskaera egin behar da aldez aurretik, 945 16 15 05 telefonora deituta.