Gipuzkoako adingabeak oso pozik daude beren bizitzarekin

Familia, familiaren ongizatea eta lagunak dira 8-14 urte bitarteko gipuzkoar gazteek hobekien balioesten dituzten alderdiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak ezagutzera eman duen inkesta baten emaitzen arabera, herrialdeko 8 eta 14 urte bitarteko gazteen % 80 inguru oso pozik dago bere bizitzarekin. Kultura eta Gazteria departamentuak egin duen inkestaren xedea da Gipuzkoako haur eta nerabeen ongizate subjektiboa ezagutzea. Ikerketan 66 hezkuntza zentrotako 10.178 adingabek parte hartu dute hiru adin-taldetan banatuta: 8-9 urte, 10-11 urte eta 12-14 urte. Gipuzkoa osoan adin-tarte horietako 50.000 gazte inguru bizi dira.

Emaitzak

Zehazki, inkestan parte hartu duten adingabeen % 78,7 oso pozik azaldu da bere bizitzarekin. Txanponaren beste aldean, gogobetetze maila baxua edo ertaina duten gazteen kopurua % 5,1ekoa da.

Neskek mutilek baino maila apalagoak azaldu dituzte; nesken % 75,4 oso gustura azaldu da bere bizitzarekin. Neska eta mutilen arteko aldea, bereziki, 12 urtetik gora azaltzen da.

Adin-taldeei dagokionez, 12-14 urte bitartekoak dira maila apalenak azaldu dituztenak. Adin-talde horretako % 65,6 oso gustura azaldu da.

Guraso bakarreko familietan bizi diren gazteek ere asebetetze maila baxuagoa azaldu dute; batez beste 8,2 puntu gutxiago.

Oro har, adingabeak pozik edo oso pozik azaldu dira honako alderdi hauekin: familia (9,4), familiaren ongizatea (9,4) eta lagunak (9,2). Honako alderdi hauetan, berriz, gogobetetze maila arinki baxuagoa da: osasuna (8,7), autonomia (8,6), eskola-bizitza (8,6) eta aisialdiaren erabilera (8,6).

Oso pozik

Inkestan parte hartu duten adingabeen % 80 inguru oso pozik (9-10 puntu) da bere bizitzaren hainbat alderdirekin: norberaren gauzak, bizi diren etxea, bizi diren pertsonak, lagunak, osasuna eta bizi diren auzoa/herria.

Aitzitik, adingabeen % 10ak gogobetetze maila baxua azaldu du duen denbora librearekin, helduek ematen dieten arretarekin, eskolako ikaskuntzekin, duten segurtasun mailarekin eta euren gorputzarekin.

Adingabeek hobekien balioetsi dituzten alderdiak honako hauek dira: etxean antzematen duten segurtasuna, senideen aldetik jasotzen duten babesa eta familian ematen duten denbora.

Inkestak agerian utzi duenez, berdinen artean gehien errepikatzen den indarkeria ahozkoa da eta ondoren fisikoa, marjinazioa eta bakartzea. Gainera, horrelako indarkeriak ohikoagoak omen dira nesken artean mutilen artean baino.

Sexu-hezkuntza

Sexu-hezkuntzari dagokionez, gazteek lagunengana jo ohi dute, gurasoengana edo Internetera baino lehen, eta bikotearekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako gaiak dira interes gehien sortzen dutenak.

Nesken % 54,7 oso edo nahiko kezkatuta azaltzen da matxismoarekin eta desparekotasunarekin. Ehuneko hori 17 puntu baxuagoa da mutilen artean.

Hizkuntzari dagokionez, bi gaztetik batek baino gehiagok nahiago du euskara erabili lagunekin hitz egiteko. Euskararen erabilera errotuagoa dago tamaina txikiko udalerrietan tamaina handikoetan baino.