Arabako gazteen artean kirola sustatzeko kanpaina

“Urrezko kirolariak” kanpainan diziplina ezberdinetako 11 kirolarik beren esperientzia ezagutzera emango dute

Arabako Foru Aldundiak ‘Urrezko kirolariak’ izeneko kanpaina jarri du abian nerabeen artean kirola sustatzeko. Kanpainan hain ezagunak ez diren zenbait kirol diziplina ezagutzera emango dira bertan aritzen diren kirolari gazteen bidez.

Horrela, hilero, Arabako ikastetxeetara, kirol-federazioetara, klubetara eta guraso-elkarteetara buletin digital bat bidaliko da kirolari gazteei egindako elkarrizketa eta argazkiekin. Eduki horiek Arabako Foru Aldundiaren webgunearen (www.araba.eus), emakumeen kirolaren atariaren (www.dxtfem.com) eta haien sare sozialen bidez ere zabalduko dira.

Lehenengo fasea

Hil honetan bertan abian jarriko den lehen fasean kirol diziplina ezberdinetako 11 kirolari gaztek parte hartuko dute. Argitalpen guztiek kirolariari egindako elkarrizketa bat ekarriko dute. Elkarrizketa horretan agerian jarriko dira kirolariaren modalitatea, kirolaren eta lehiaketaren munduan duen esperientzia, bere balioak eta bizipen pertsonalak eta kirol arrakastak, eta kirola egiteak eta kirola egin dadin Araban erreferenteak diren kirolariekin sustatzeak dakartzan alderdi positiboak goraipatuko ditu.

Lehenengo buletina edizio kolektibo bat izango da eta bertan lurraldeko 70 erakunderen parte-hartzea izan duen ‘Neskatoa eta kirola’ programaren inguruan hitz egingo da.

Programan parte hartuko duten kirolari gazteak honako hauek izango dira:

  • Maialen Gallardo (Kick Boxinga)
  • Unai Baigorri (Gimnastika artistikoa)
  • Peio Añarbe (Eskia)
  • Julen Sáenz de Ormijana (Triala)
  • Iker González (Ping-pong egokitua)
  • Maite Ortiz de Mendibil (Zesta punta)
  • África Criado (Skatea)
  • Garazi Izaguirre (Errugbia)
  • Inés Allende (Eskalada)
  • Mireia Vizuete (Karatea)
  • Idoia Ramírez de la Pecina (Patinaje a artistikoa)