Gure planeta 1,7 gradu berotu da jada

Argitaratu berri den ikerketa batek agerian uzten duenez berotze globala uste baino lehenago hasi zen

Lurraren gainazaleko batez besteko tenperatura globala industriaurreko aroan baino 1,5 gradu beroagoa da eta, hamarkada honen amaierarako, bi gradutara ere iritsi daiteke.

Australian egin den ikerketa batek eman dituen datuak dira eta itsas-belakien hezurduren tenperaturen erregistroetan oinarrituta, berotze globala uste baino lehen hasi zela ondorioztatu dute.

2015ean sinatutako Parisko Hitzarmenean zehaztutakoaren arabera, berotze globala, industriaurreko aroan zen batez besteko tenperaturarekin alderatuta, 2 gradutara mugatu nahi zen (eta ahal izanez gero, 1,5 gradutara). Ikerketa berri horrek zehazten duenez, industria-aroko berotzea 1860 inguruan hasi zen, hots, uste zena baino 80 urte lehenago. Gainera, gaur egun ontzat hartzen diren Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldearen (IPCC)estimazioak okerrak direla ohartarazten du ikerketak. Horrela, berotze globala gradu erdi handiagoa izango litzateke.

Hortaz, azken hamarkadetan erregistratu diren tenperatura altuagoen eta berotze globala lehenago hastearen ondorioz, egun den berotze globala 1,7 gradutakoa izango litzateke.

CO2 isuriak

Australiar ikerketa horren baitan, egun diren CO2 isuriak mantentzen badira, bi graduko berotze globala hamarkada honen amaierarako iritsiko litzateke, aurreikusitakoa baino bi urte lehenago.

Ikerketa itsasoaren geruza mistoan, hots, atmosferarekin bat egiten duen horretan, azken 300 urteetan erregistratutako tenperaturetan oinarritzen da. Tenperatura horien berri izateko itsas-belakien eskeletoez baliatu dira. Animalia sinple horiek antza handia dute koral gogorrekin karbonatozko eskeleto bat sortzen dutelako. Oso erritmo mantsoan hazten dira eta ehunka urtez bizi daitezke. Eskeleto horietan estrontzioa eta kaltzioa bezalako elementu kimikoak aurki daitezke. Elementu horien proportzioa tenperaturarekin aldatzen da eta horri esker ikertzaileek itsasoaren tenperaturaren berri izan dezakete.

Itsasoaren tenperatura

Modu horretan lortutako erregistroek erakusten dutenez, 1700 eta 1790, eta 1840 eta 1860 artean itsasoaren tenperatura egonkor mantendu zen. 1860ko hamarkadaren erdialdean, berriz, tenperaturak gora egiten hasi ziren. Igoera hori nabarmena izan zen 1870ko hamarkadaren erdialdetik aurrera. Hortaz, industriaurreko aroak 1700-1860 artekoa izan beharko luke.

Datu horiek aintzat hartuta, berotze globalaren inguruko argazkia nabarmen aldatzen da. Izan ere, ikerketaren arabera, gizakiok eragindako berotze globala IPCCek ezarritakoa baino zenbait hamarkada lehenago hasiko zen.