Antartikoko itsas izotzaren hileko azalerak bere daturik baxuena eman du duela 45 urte neurketak hasi zirenetik. Otsailean hil horri dagokion batezbesteko historikoaren azpitik kokatu da, % 34 gutxiago, hain zuzen ere. Aurreko daturik okerrena 2017. urtekoa zen. Copernicusen Klima Aldaketaren Zerbitzuaren (C3S) azken txosteneko datuak dira, Europako Batzordearen Aurreikuspen Meteorologikoen Europako Zentroak zabaldutakoak.
Izotz horren eguneroko hedadura minimo historikora ere iritsi zen, 2022ko otsailean ezarritako errekorra gaindituta, Ozeano Australeko sektore guztietan batez bestekoa baino kontzentrazio askoz apalagoekin.
Artikoan ere, erregistratutako itsas izotzaren estaldura batez bestekoa baino % 4 baxuagoa izan da. Satelite bidezko erregistroak daudenetik, otsaileko bigarren irakurketarik apalena da. Kezkagarritzat jo dira Barents itsasoan eta Svalbard eskualdean erregistratutako kontzentrazio apalak.
Kasko polarren garrantzia
Kasko polarrak klima-krisiaren adierazle garrantzitsuak dira eta, horregatik, horietan gertatzen diren aldaketak esanguratsuak dira.
C3Seko zuzendari laguntzaile Samantha Burguess-ek azaldu duenez, “itsas izotzaren maila baxuek ondorio garrantzitsuak izan ditzakete antartikoko izotz plataformen egonkortasunean eta, azken finean, itsas mailaren igoera globalean”.
2023ko bigarren hilabetea munduko bosgarren otsailik beroena izan da. Munduko hainbat eskualdetan ohi baino tenperatura askoz altuagoak erregistratu dira, hala nola AEBetako ekialdean, Errusiako iparraldean, Pakistanen, Indian eta Europako hainbat eskualdetan, batez ere Norvegiako eta Suediako iparraldean. Nolanahi ere, amaitu berri den negua Europan inoiz erregistratu den bigarren negurik beroena izan da, kontinente zaharreko ekialdean eta ipar-ekialdean ohi baino tenperatura altuagoekin. Planetako beste eskualdeei dagokienez, lehorrenak Hego Amerikako eskualde batzuk izan ziren, basoetako lehorteak eta suteak jasan dituztenak, baita Australiako hegoaldea eta Afrikako hegoaldeko mendebaldea ere.