Zer gertatuko litzateke kasko polarrak urtuko balira?

Ikerketa desberdinek ezagutzera eman dutenez, gure planetaren bataz besteko tenperatura 0,5ºC-ean hazi da azken mendean. Horrela ikusita, ez dirudi tenperatura igoera handia denik, baina berotze horrek eragin izugarriak izan ditzake gure planetan. Adibidez, denbora tarte berean, aipatu tenperatura hazkunde horren eraginez itsasoaren maila 15/20 zentimetrotan hazi dela ziurtatzen dute adituek.

Tenperatura altuek jitoan diren icebergen urtzea eragin dezakete. Horrek ez luke ozeanoen mailaren igoera eragingo, icebergak flotatzen duten izotz puxkak baitira eta ur gainean egon ahal izateko bere pisuaren baliokide den ur bolumena higitzen dute. Baina tenperatura hazkundeak eta icebergek badute zeresana ozeano mailaren igoeran. Icebergak kostalderaino iristen diren glaziar izoztuetatik askatu diren izotz puxkak dira eta, noski, zenbat eta tenperatura altuagoa orduan eta aukera gehiago horrelako izotz puxkak askatzeko. Glaziar batetik askatzen den puxka bakoitza ozeanora iristen den bakoitzean, horren maila igo egiten da, baina hori bai, oso neurri hautemaezinean.

1995an Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak 2100. urterako ozeanoen mailen inguruko zenbait iragarpen argitaratu zituen. Horrela, talde honen arabera, mende honen amaierarako itsasoaren maila 15 eta 95 zentimetro artean igoko da. Itsasoaren mailaren hazkundea hedapen termikoaren eta kasko polarren urtzearen ondorioa izango da. Itsaso mailaren hazkunde honek eragin handiak sortuko ditu kostaldean diren hirietan, bereziki ekaitzak direnean.

Adituen ustetan, tenperatura hazkunde erritmo horrek kasko polarraren urtzea eragin dezake eta, horrekin batera, ozeanoen mailaren igoera. Kasko Polar handiena Antartikan aurkitzen da. Bertan, planetan den izotzaren % 90 inguru aurkitzen da. Han den izotz masaren tamaina imajinatzeko, kontutan izan behar da bertan pilatzen den izotz geruzaren bataz besteko altuera 2,13 kilometrotakoa dela. Antartikan den izotz guztia urtuko balitz ozeanoen maila 61 metro inguru haziko litzatekeela kalkulatu da. Zorionez, Antartikan bataz besteko tenperatura -37ºC-ekoa da eta, beraz, momentuz, ez dirudi horren arriskua dagoenik.

Ipar poloan, berriz, izotz geruza ez da hegoaldean bezain lodia. Hemen, kasko polarra itsasoaren gainean dago eta urtuko balitz, ez luke hainbesteko eragina izango ozeanoen mailan.

Beraz, kezkatzeko arrazoirik bada? Bai. Izan ere, ozeanoen maila igoeran eragin zuzenena bertan den uraren tenperatura da. Itsasoko urak bere dentsitaterik handiena 4ºC-etan lortzen du. Tenperatura honetatik gora edo behera itsasoko uraren dentsitatea murrizten da eta, beraz, ur kopuru berberak espazio gehiago behar du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.