Hotzikara

“Zerua ateri eutsiko dio eta izozteak sortuko dira euskal geografiako hainbat lekutan”. Negua iristearekin batera, termometroak behera egin du. Askok elur-egunen zain daude, eskiatzera joateko irrikitan; beste askok, aldiz, egunak zenbatzen negua noiz igaroko den zain. Hau da, bi pertsona mota daude eta bi elikagai mota daude ere bai: hotza gustuko dutenak eta beroa nahiago dutenak.

XIX. mendearen bukaeran, hozkailuak elikagaiak kontserbatzeko era irauli zuen. Hotzaren aplikazioak (7˚ eta -60˚ bitartean) jaki askoren bizi-iraupena luzatu du eta haien koloreari, zaporeari eusteak. Batekin jaio gara etxean eta ezinbestekoa zaigu. Erabiltzeko erraztasuna eta ohitura, elikagai fresko oro bertan gordetzera garamatza. Eta ez da beti beharrezkoa edo komenigarria. Esaterako, zertan dira antzekoak banana eta anana? Itxuraz oso diferenteak dira, baina biak fruituak dira. Izena antzekoa dute. Biak horixkak dira. Potasio eta triptofano iturri ona dira (kirolarientzat egokiak). Eta gune tropikaletan ohikoak dira, hau da, beroa dute gustuko. Horregatik, frigorifikoan gorde behar ez diren jakien adibide dira. Egia da bananaren azala beltz jartzen dela, eta atzera egiten gaitula; baina horrek ez dio haragiari eragiten. Hori bai, azkarrago heltzen da eta bere erabilgarritasuna murrizten du. Bestalde, ananak, zuritu gabe eta babesik gabe (tupper-rik gabe) hozterakoan, zukua (ura) galtzen du. Eta zertarako nahi dugu freskatzen ez duen fruitu fresko bat?

taberna askok patatak frijitu aurretik uretan hozkailuan gordetzen dituzte, gozotasuna areagotzeko eta erakargarriagoak bihurtzeko

Zerrenda luzea da, eta baliteke batzuek zu harritzea. Esaterako, tomateak ondo kontserbatzen du, baina ez da heltzen eta gustugabe geratzen da. Justu jogurtaren kontrakoa, zaporea hobetzen diola, baina bizitza baliagarria murrizten dio. Gazta freskoak beti hotza behar duen bitartean, gazta-heldua urdindu egiten da. Zitrikoak (mandarina, limoia, kiwia…) pixkanaka usteltzen dira eta laranja zukuaren zaporea asko garrazten da —ziur noizbait gertatu zaizula—. Hamaika fruitu eta barazki daude zerrendan. Batzuk aipatzeagatik, udarearen azala hondatzen da, sandiak karotenoak galtzen ditu, eta pepinoa bigundu egiten da.

Patatan jarri nahi dut arreta, produktu bitxia delako. Ez da batere komeni gordinik gordetzea, oso azkar hondatzen direlako eta almidoia azukre bihurtzen delako berehala. Horregatik, taberna askok patatak frijitu aurretik uretan frigorifikoan gordetzen dituzte, gozotasuna areagotzeko eta erakargarriagoak bihurtzeko; baina diabetesa duten pertsonentzat ez da batere komenigarria. Berez, oso ospe txarra izan du beti, gizentzeko ospea. Baina hau aldatu egin da. Orain dela gutxi arte, ez genekiena da almidoia egosi ondoren, 24 orduz hozteak onuragarria dela digestiorako. Hau da, almidoia erresistente bihurtzen da eta bere horretan iristen da kolonera, non gure bakterio onuragarrientzako elikagai izaten da. Horri, elikadura prebiotikoa deritzogu. Pre-hitzak, lehentasuna adierazten du, alegia, alferrik da probiotikoak sartzea (jogurta, ore masa ogia) gero hesteen giroa zaintzen ez bada. Giro freskoa!

Nerea Segura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.