Gasteizko Udalak indarkeria matxista prebenitzeko kanpaina bat burutuko du Santiago jaietan eta Gasteizko zaindarien jaietan. Kanpaina berria Udalak ekainean abian jarri zuen ‘Sarean seguru, errebelde eta alai Libre Izan Nonahi’ udako kanpainaren barruan kokatzen da.
Santiago egunaren bezperan, 20:00etatik 00:00etara, sentsibilizazio gune bat jarriko da Aiztogile eta San Frantzisko kaleen bidegurutzean.
Andre Maria Zuriaren jaietan, indarkeria matxistari aurre egiteko jarduketei eta prebentzioari buruzko informazioa jasotzeko gunea (“gune morea”) jarriko da. Aurten ere, gune hori Posta eta Independentzia kaleen artean egongo da. Zerbitzua abuztuaren 4an 17:00etatik 23:00etara, eta abuztuaren 5etik 9ra 18:00etatik 22:00etara egongo da zabalik.
Puntu horietara hurbiltzen direnek “tatooak”, mugikor-euskarriak, jaietako zapiak eta txartel-zorro (flyer) bat eskuratu ahal izango dituzte. Horien bidez, indarkeria matxistari buruzko informazioa eta horren inguruan kontzientziatzeko informazio eskaini nahi da.
Arabako hiriburuak jarduera-plan espezifiko bat du egun berezi horietan gerta daitezkeen erasoak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko. Horri esker, 24 orduko arreta-zerbitzuak bermatzen dira, gizarte-larrialdietako udal-zerbitzuetan indarkeria matxistaren arloan trebatutako langile espezializatuekin.
Kanpainaren lehenengo fasea
Indarkeria matxista prebenitzeko udako kanpainaren lehen fasea amaitu berri da Gasteizen, Gamarrako, Mendizorrotzako eta Estadioko igerilekuetan dagoen sentsibilizazio- eta prebentzio-dispositibo ibiltari batekin.
Uztailaren lehen hamabostaldian, kirol-instalazio horien erabiltzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte jarrera horiek identifikatzeko, prebenitzeko eta horiei aurre egiteko informazioa eta tresnak. Gainera, horretarako diseinatutako merchandising-a lortu ahal izan dute, hala nola igerilekuko txanoak, izakinak agortu dituztenak.
Kanpaina honen bigarren alderdia hiriko jaiak dira; izan ere, Santiagon edo Andre Maria Zurian gertatuko den moduan, informazio-gunea Judimendi eta Zabalgana jaietan egon da, eta datorren irailean ospatuko diren Zaramagako jaietan gauza bera gertatuko da.