ABEN Euroeskualdeko gazteek nortasun kultural partekatua dute

Gazteak Mugaz Gaindi programak AEN Euroeskualdeko indarguneak eta ahuleziak aztertu ditu gazteen ikuspegitik, baita euren kezkak eta eskaerak ere

Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup Formation-ek sustatu duten Gazteak Mugaz Gaindi programaren ondorioak aurkeztu dira Donostian. Iaz abian jarri zen programan Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearekin lankidetzan egin da eta, bertan, 16 eta 32 urte bitarteko hogei bat gaztek parte hartu dute.

Ondorioak

Aurkeztutako ondorioen artean, azpimarratzekoa da Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako gazteek nortasun kultural partekatua dutela, eta euskara eta euskal kultura elementu egituratzaile gisa hartzen direla, besteak beste. Gainera, gazteak jakitun dira Euroeskualdearen potentzial kultural, sozial eta ekonomikoaz, baina deitoratu egiten dute errealitate administratibo eta juridiko desberdinek hezkuntza- eta lan-aukerak murrizten dituztela, frustrazioa eta desberdintasuna sortuz.

Gabezia nagusien artean, garraioaren gutxiegitasuna aipatzen da, kultura- eta hezkuntza-elkarreragina mugatzen baitu, eta horrek elkarrekiko aberastasuna dakar. Halaber, mugaren bi aldeetako etxebizitzaren egoerak emantzipazioa oztopatzen du, eta, horrekin batera, gazteen proiektu pertsonalak eta familiarrak gauzatzea. Bestalde, parte-hartzaileek ingurumen-erronken kontzientzia osoa erakutsi dute, eta ingurumena gehiago errespetatzen duen eredu baterantz aldatzeko ekarpen positiboa egiteko borondatea adierazi dute.

Hala eta guztiz ere, erakunde sustatzaileen iritziz, Gazteak Mugaz Gaindi programak Euroeskualdeko gazteen arteko kultura-nortasuna indartzen, gizartearen parte-hartzea sustatzen eta espiritu ekintzaile eta berritzailerako giro egokia sortzen lagundu du.

Azkenik, proiektuak agerian utzi du oso garrantzitsua dela kulturen arteko elkarrizketa sustatzea, errespetua bultzatzea eta aniztasuna baloratzea; ikusten da desberdintasun administratiboek eta oztopo burokratikoek zaildu egin dezaketela mugaz gaindiko proiektuak eraginkortasunez ezartzea; eta beharrezkoa dela kulturarteko ikaskuntzaren, eleaniztasunaren eta trebetasun ekintzaile eta berritzaileen aldeko hezkuntza- eta prestakuntza-programak indartzea, gazteak prestatuz lan-munduaren erronkei aurre egiteko eta Euroeskualdearen garapenean laguntzeko.

Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup Formation-ek etorkizuneko proiektuetan Gazteak Mugaz Gaindi programatik ateratako ondorioak kontuan hartzera animatu dute.

Helburuak

Gazteak Mugaz Gaindik helburu hauek ezarri zituen:

  • Euroeskualdeko herritarrak ardatz hartuta, Gazteen ezagutza eta bizitza soziala, ekonomikoa eta kulturala sustatzea
  • Euroeskualdeko lurraldeetako gazteen lankidetza eta ahalduntzea bultzatzea, partekatutako balioak identifikatuz.
  • Euroeskualdearen lurraldeen arteko ezagutza indartzea, lurralde-proiektu espezifikoak diseinatuz.
  • Mugaren bi aldeetako gazteen arteko harremanak sustatzea.
  • Euroeskualdeko hainbat lurraldetako gazteen eragile, gizabanako eta erakundeen arteko sare bat sortzea, elkarren ezagutza indartzeko eta gazteen beharrei heltzeko.
  • Gazteen arteko mugaz gaindiko lankidetza garatzea hainbat sektoretan.
  • Gazteen artean kontzientzia kritikoa garatzea, gai garrantzitsuen inguruko hausnarketa eta azterketa sustatuz.
  • Euskara aberastasunaren adierazle bihurtzen laguntzea lurraldeetan, hizkuntza komun horren erabilera baloratuz eta sustatuz.

Gazteek esparru publikoan parte har dezaten sustatzea, erabakiak hartzen eta gizarte inklusiboagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzen parte hartuz.