Datorren uztailaren 25ean, eta pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, Andre Maria Zuriaren jaietako atarikotzat jotzen den 225 litrotako ardo-upelen lasterketa ospatuko da ohiko ibilbidean. Horrela, parte-hartzaileek Plaza Berritik abiatu eta Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatu, Mateo Moraza kaletik igo eta Lehendakari Agirre kaletik igaro ostean Plaza Berrira itzuli beharko dute. Guztira 24 taldek parte hartuko dute. Talde bakoitza bi blusa eta bi neskekin osatuko da. Talde bakoitzak, binaka, aipatu ibilbidea lautan osatu beharko du.
Lasterketaren arauen arabera, upelek etengabe biraka egon beharko dute eta taldekideren batek, gutxienez, upelari bultza egin beharko dio. Gaztedi Errugbi Taldeko kideak arduratuko arauak betetzen direla kontrolatzeaz. Arabako Atletismo Federazioko lagunak, berriz, kronometratzeaz arduratuko dira.
Lasterketa hiru kategoriatan banatuko da: mistoa, femeninoa eta maskulinoa.
Jai eguna
Ardo-upelen lasterketaz gain, beste hainbat jarduera izango dira egun horretan. Valentziako Kriptonita txarangak kuadrillen desfilea ireki eta girotuko du. Paul Urkijo zinemagileak, berriz, hasiera emango dio lasterketari goizeko 11etan.
Kategoria mistoan garaile suertatzen den taldeak Eguren Ugarte Upategiaren 225 litroko ardo-upela irabaziko du.
Ardo-upelen lasterketa Blusen eta Nesken Batzordeak eta Wine City elkarteak antolatzen dute elkarlanean. Ekimenak Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren babesa eta hainbat erakunde eta enpresen laguntza du, hala nola, Eguren Ugarte Upategia, Arabako Foru Aldundia, Boulevard Merkataritza-zentroa, Eroski, Cafés La Brasileña, El Corte Inglés, Arabako Atletismo Federazioa, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea, Arabako Errioxako Upategien Elkartea (ABRA), Arabako Txakolina eta Fideliza-Xabide Taldea.