Itziar Nogeras zientziaren dibulgazioan lan egiten duen Elhuyar Fundazioaren zuzendari nagusia da. Krisian den gizarte aurreratuenetan zientzia zutabe nagusia bilakatu da, baina hala ere, gazteen artean ez omen dago zientziarekiko bokazio handirik. Gazteria eta zientziaren arteko harremana eta zientzia euskaraz dibulgatzea izan dira elkarrizketa honen ardatz nagusiak
Nola baloratuko zenuke Euskal Herrian zientzia dibulgazioaren inguruan egiten den lana, eta espresuki Elhuyarrek egiten duena?
Oro har, gizarteari zuzendutako zientziaren dibulgazioan Elhuyar nahiko bakarrik egon dela esango nuke. Duela bost urte kazetaritza sari bat jaso genuen eta ‘Rara avis’ izena eman zigun egunkari oso ezagun batek. Nire aburuz, zientzia dibulgazioa aurrera doa, are gehiago Lisboako Ituna eta gero. Bertan, gobernuek zientzia gehiago sustatu behar zutela zehazten zen eta hori guztia nabaritu da. Esate baterako, hor dira zientzia asteak eta duela hamar urte ez ziren beste hainbat ekintza. Oraindik lan handia egiteke dago, batez ere eragile desberdinen arteko elkarlanean.
Dibulgazioari dagokionez, Euskal Herrian den maila zientziarekin bat al dator?
Argi dago Euskal Autonomia Erkidegoan erakundeek zientziaren aldeko apustu garbia egin dutela eta horrek bere emaitzak izan dituela. Horrek ez gaitu mugatu behar eta kontutan izan behar dugu zientziak oraindik ibilbide luzea egin dezakeela. Nik ez nuke esango hemen gaizki gaudenik, baina aurrera egin behar dugu.
Zientzia euskaraz dibulgatzeak are zailago egiten du Elhuyarrek egiten duen lana?
Zaildu baino mugatu egiten gaitu, publikoa mugatuagoa baita. Elhuyar ikuspegi zientifiko batetik sortu zen baina euskararen normalizazioa ere kontutan hartu zen. Euskaraz aritzeak euskaldun publikora mugatzen gaitu, baina dibulgazioa bertako hizkuntzan ere egin behar dela uste dugu. Gainera, euskal hiztunen kopurua gora doa.
Baina euskara zientzia esparruan landu ez izanak nolabait lana zaildu egingo zuen terminologia dela eta, ezta?
Hori da hain zuzen ere eman zaion perspektiba. Dena den urte horietan guztietan lan handia egin da eta euskara normalizatu eta modernizatu egin da. Garbi dago zientziarik gabe hizkuntza bat eta gizarte bat ez direla ezer. Elhuyaren lotura hori egiten dugu, eta hizkuntza alde batetik utzita, zientzia oraindik gizartetik nahiko urruti dagoela uste dut. Eta alderantziz, gizartearen jakintza zientziatik.
Nola aldatu da zientziaren dibulgazioa urte hauetan guztietan IKTen agerpenarekin?
Oso denbora tarte laburrean papera kanal ia bakarra izatetik oso marginala izatera pasa da. Gaur egun Internetek paradigma berria ekarri du eta iraultza bat suposatu du. Oso kanal potentea da eta hainbat aukera ematen ditu, baina era berean, zailtasun batzuk ere baditu, hala nola, sortutako edukiak finantziatzeko moduak etab… Aldaketa teknologikoak izugarriak izan dira eta mundu digitala nagusitu da. Elhuyarren ahalegin etengabea egin dugu garai berrietara egokitzeko.
Zein da zure ustez gazteen artean zientzi bokazioak duen indar gutxiaren arrazoi nagusia?
Ezin gara topikoetan erori, baina egia da egoera ez dela guztiz positiboa. Izan badira egoera hobea izateko baldintzak, baina ezin dugu ahaztu gazteengan eragin handiena familiak berak duela. Helduengan zientziarekiko interesa eskasa bada, gazteengan ere urria izango da.
Zientzia behar bezala landu al da hezkuntza munduan? IKTen erabilerak zientziarekiko iritzia hobe dezake?
Elhuyarrek hezkuntza mailan ere lan egiten du eta egia da gai hauekiko atxikimenduaren baitan emaitza hobeak edo txarragoak lortzen direla. Orokorrean, lan garrantzitsua egiten ari da nahiz eta estatu mailan PISA azterketaren arabera emaitza oso onak lortu ez. Hor ere bestelako eztabaida ere bada, azken finean, edukiez gain, zientziak dituen balioak ere irakatsi beharko liratekeela azpimarratzen baita: sormena, pertseberantzia… Teknologia berriak lagungarriak izan daitezke, baina teknologia baliabide bat besterik ez da, eta hori ondo uztartzen jakin behar da. Teknologia hutsaren erabilerak ez du ezer ziurtatzen.
Elhuyarrek gazteen interesen inguruko ikerketa amaitu berri du. Zein dira atera dituzuen ondoriorik esanguratsuenak?
Hurbilpen bat da eta Euskal Herria osoko 10 eta 17 urte bitarteko mila gazterekin egin dugu lan. Emaitza orokorraren baitan, gazteentzat zientzia garrantzitsua dela ikusten da, baina lanbideen inguruan galdetzean zientzia lanbideak ez dira lehentasunen artean azaltzen.