Juan Hernández: “Enpresa transnazionalak inpunitate osoz aritzen dira”

Donostiako Udalak ‘Eskubideak salgai’ titulupean hitzaldi programa antolatu du. Programa honen barruan, UPV/EHUko irakaslea den Juan Hernándezek ‘Enpresa transnazionalak Giza eskubideen aurrean’ hitzaldian legeak enpresa hauen defentsan eta hiritarren defentsan dituen aldeak azaldu ditu. Juan Hernández, irakaslea izateaz gain, Hegoa eta OMALeko kidea ere da eta Herrien Epaitegi Iraunkorrarekin ere laguntzen du.

Enpresa transnazionalen funtzionamenduak giza eskubideen defentsarekin topo egiten duela salatzen duzu. Zertan datza eskubideen urraketa hori?

Enpresa horiek inolako kontrola ez duen botere politiko, ekonomiko eta juridikoa dute. Ondorioz, inpunitate osoz jarduten dute. Giza eskubideen urraketa sistematikoa da, sistema kapitalistaren barruan kokatzen dena. Enpresa horiek kontrolatzeko eratu diren sistemak ez dira eraginkorrak. Enpresa horiek edozein herrialdera iristen direnean bertan aurkitzen duten legedia logika neoliberalera moldatuta dago. Gainera, giza eskubideei dagokion nazioarteko legedia oso ahula da eta ez da gai merkataritza zuzenbideari aurre egiteko. Asimetria handia dago eta joera gero eta alde gehiago egongo dela da. Nazioarte mailan, enpresa transnazionalen eskubideak modu koertzitiboan defendatzen dira, baina garapen bidean diren herrialdeetako biztanleen eskubideak, berriz, oso modu ahulean defendatzen dira.

Enpresa horien funtzionamendu hori zenbait kapitalista bihotzgabeen gauza da ala sistema kapitalista beraren muinean kokatu beharko genuke?

Horixe da sakoneko eztabaida. Garbi dago sistema honetan enpresa transnazionalak oso gustura aurkitzen direla. Kontutan hartu behar dugu, gaur egun, sistema eraikita dagoen moduan, gutxiengo batek gehiengo soziala kontrolatzen duela. Sistema osoa enpresa horien mesederako eraikita dago eta, ondorioz, gutxiengo batek baliabide gehienak kontrolpean ditu. Enpresa horien azken xedea ahalik eta etekin gehien lortzea da eta horretarako, giza eskubideak urratu behar badituzte, ziur izan hala egingo dutela. Latinoamerikan honen inguruko eztabaida askoz ere aurreratuagoa dago.

Munduan diren hainbat gatazka armatuen atzean enpresa transnazionalak aurkitzen direla salatu ohi da. Baieztapen hau egia al da?

Nire esperientziagatik Latinamerikako kasua azaldu ahal dut. Kasu honetan, bere garaian ziren gobernu neoliberalek enpresa hauen sarrerarako testuingurua prestatu zuten: pribatizazioa, desregularizazioa eta estatuaren atzerapena politika publikoetan. Hiru zutabe hauetan oinarrituta ia Latinamerika osoa pribatizatu zen eta estatuak soilik politika errepresiboetan indartu ziren. Indar ekonomikoek estatu hauetako politikariak ‘erosten’ saiatzen dira (hauetako asko gaur egun gartzelan dira) eta hau posible ez dutenean, indarra erabiltzen dute.

Latinamerikan hau guztiari aurre egiten dioten zenbait estatu buru daude (Chavez, Morales, Correa…) Mendebaldeko herrialdeetan politikari hauek gogor kritikatzen dira. Zer deritzozu honen inguruan?

Bai, aipatzen dituzun estatu hauek guztiak ‘gaizkiaren ardatza’ ezizenarekin bataiatu dituzte. Nik ez dut esango estatu hauek perfektuak direnik baina garbi dago sistemak atsegin ez duen zerbait egiten ari direla. Izan ere, estatu hauetan, sistema kapitalistaren arauen berrirakurketa bat egiten ari dira, eta sistemak ez du hau onartu nahi. Estatu hauek jokoaren erregelak aldatu nahi dituzte, hala nola, transnazionalen jarduera arautzen duten nazioarteko legediak aldatuz etab…

Sistema kritikatzen duen diskurtso hau gutxiengo baten diskurtsoa da ala hau izkutatzeko ahaleginak egiten dira?

Herrialde garatuetan nagusi den pentsamoldea errealitatetik gero eta aldenduagoa dagoela esango nuke. Diskurtso nagusia gaur egun dugun sistema kapitalistaren defentsarena da. Nik ez dakit bestelako sistema posiblea den ala ez, baina garbi daukat sistema honek hondamendira garamatzala. Arazoak ez dira soilik garapen bidean diren herrialdeetan ematen; krisi finantzieroa dela eta Europan bertan ikusi dugu nork finkatzen dituen jarraitu beharreko politika ekonomikoak. Izan badira bestelako alternatibak, baina gainera, nire ustez sakoneko hausnartketa bat ere egin beharko litzateke. Mundu honetan gauza guztiak saldu edota eros daitekeela dirudi. Ondo dago pertsona batek dirua ez duelako bere gaixotasuna sendatzeko aukera ez izatea? Gutxienezko soldata bat badago zergatik ez gehienezko soldata bat? Horrelako eztabaidak bigarren maila batean geratu dira.

Honek guztiak konponbiderik al du?

Gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoarako irtenbide alternatiboak izan badira: bankaren nazionalizazioa, zerga aldaketa, zorren kontuak… Nire ustez sistema kapitalista ahituta dago; giza eskubideak gero eta baztertuagoak daude eta honek eztanda egingo du. Etorkizuna eraikitzeko, demokrazia modeloa birplanteatu beharko genuke (bestelako partehartze modeloak bilatu beharko genituzte), estatuen modeloa ere zaharkituta geratu da… Egun batetik bestera aldatu ezin diren gauzak dira, baina funtsean eskubideen piramidea aldatu behar da, eskubideak goiko partean jarriz eta merkatal eskubideak behekaldean. Nazioarteko legedia aldatuz aurrerapausoak eman daitezke, baina ez dago borondaterik.

Enpresaren Gizarte Erantzukizuna (EGE-RSC) delakoarekin ere oso kritiko azaltzen zara…

Enpresa transnazionalen aurpegi ona azaltzeko tresna izan da, baina gainera, enpresa bera sistemaren barruan artikulatzeko tresna ere bada. Enpresa bat garapen bidean den herrialde batera joaten denean ez du inolako arazorik bertako legediara moldatzeko, guztiz asimetrikoa delako. Bere jarduera zuritzeko edo, EGE planak garatzen dituzte, baina hauek guztiz boluntarioak dira, unilateralak eta betetzen ez badira ere, ez dago inolako erantzukizunik. Baina eztabaida errazagoa da, ez da inolako EGErik behar, nazioarteko legedia betetzeko konpromezua hartu eta akabo arazoa.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.