Lan-prekarietateak osasun mentalari eragiten dio

UPV/EHUko Opik taldeak egin duen azterlan baten arabera, nagusiki bi dira eragiten duten aldagaiak: soldata-maila eta, emakumeen kasuan, zaurgarritasuna.

UPV/EHUko Opik ikerketa-taldeak agerian utzi duenez, Euskadin, lan-prekarietateak, beste faktore ekonomiko batzuk alde batera utzita, eragin nabarmena du langileen osasun mentalean. Nagusiki bi dira eragiten duten aldagaiak: soldata-maila eta, emakumeen kasuan, zaurgarritasuna.

Opik taldeak burutu duen ikerketak lan-prekarietatearen eta Euskadiko soldatapeko gizon eta emakumeen osasun mentalaren artean den erlazioa aztertu du dimentsioaniztuneko ikuspegi batetik.

Ikerlana ‘Gaceta Sanitaria’ aldizkarian argitaratu da eta lan-prekarietatearen EPRES eskalan oinarritu da. Eskala horrek sei ardatz ditu: behin-behinekotasuna, soldatak, desahalduntzea, zaurgarritasuna, eskubideak, eta horiek erabiltzeko ahalmena. Ikerketan sei ardatz edo dimentsio horiek bananduta aztertu dira bakoitzak osasun mentalean izan dezakeen eragina zehazteko.

Ikerlanak agerian utzi duenez, bi dira eragin gehien duten aldagaiak: soldata-maila (bi sexuetan) eta zaurgarritasuna (emakumeen kasuan).

Opik ikerketa-taldeko Erika Valero Alzaga ikerlariak azaldu duenez, “prekarietateak ondorio negatibo oso garrantzitsuak ditu osasun mentalean eta, beraz, lehentasun politiko bat izan beharko luke kontuan hartzeak lanak oro har (ordainpeko lanak, eta zaintzako eta etxeko lanak) zenbateraino eragiten duen pertsonen bizitzan”. Valeroren ustez, “orain arte, kezka nagusia langabeziarekin amaitzea izan da, ikusi baita langabezian egoteak osasunean eragin negatiboa duela; baina ez da soilik enplegu bat lortzea bermatu behar; enplegu hori duina dela eta soldata-maila egokiak izateko aukera eskaintzen duela ere bermatu behar da”.

Emakumeen kasua are okerragoa da, normalean, kalitate okerragoko lanpostuak izaten dituztelako, gizonek baino kontratu mugagabe gutxiago dituztelako, soldata baxuagoak dituztelako eta lanaldi partzial gehiago betetzen dituztelako. Era berean, lan-prekarietatea handiagoa da gazteen eta egoera sozioekonomiko txarrean bizi direnen artean.