Gogorik gabeko sexua bikotekideari atsegina emateko

Emakumeen Institutuaren ikerlan baten arabera, Espainiako emakume gazteek 10etik 6,6ko puntuazioa eman diote bere bizitza sexualari

Emakumeen Institutuak berriki ezagutzera eman duen azterlan baten arabera, Estatuko 18 eta 25 urte bitarteko emakumeen % 57,7k sexu-harremanak izan ditu ‘gogorik gabe’ bere bikotekideari ‘atsegina emateko’. Txostenean jasotzen denez, aipatu adin tarte horretako emakumeek 10etik 6,6ko puntuazioa eman diote bere bizitza sexualari.

Txostenaren arabera, koitoa duten lehen harremanetarako batez besteko adina 16,7 urte dira. Hori da, hain zuzen ere, gazteen artean gehien zabaldutako praktika (% 74,6), masturbazioaren aurretik (% 66,5). Harreman horietan gehien erabiltzen den antisorgailua kondoia da (% 83,6), baina hormona-prozedurek, eraztunek edo adabakiek ezarpen-maila nabarmena dute (% 54). Emakumeen % 27,7k dio antisorgailuen erabilera haiek jarritako baldintza dela.

Koitoa da gazteen artean gehien zabaldutako praktika (% 74,6), masturbazioaren aurretik (% 66,5)

Sexu-indarkeria da emakume gazteen kezka nagusietako bat. Heren batek dio iruzkin sexistak pairatu dituela gune publikoren batean eta ia erdiak izaera sexualeko irudiak edo iruzkinak jaso ditu sare sozialen bidez. % 36,3k nahi ez zituen zirriak pairatu ditu. Bestalde, 18 eta 25 urte bitarteko emakumeen % 60,7k adierazi du beldurra sentitu izan duela norbaitek eremu publikoetan indarkeria sexualen bat erabiltzeko aukera izan zezakeelako, eta % 41,6k beldurra sentitu du gaueko aisialdiko lekuetan.

Pornografiaren kontsumoan hasteko batez besteko adina 15,5 urtekoa da. Emakume gazteen erdiak dio pornografia kontsumitu izan duela Internet bidez. Txostenak agerian uzten duenez, online pornografia sozializaziorako eta sexu-hezkuntzarako gune bilakatu da. Sexuaren inguruko zalantzak eta kezkak dituztenean emakume gazteek, nagusiki, lagunengana (% 32,5) edo Internetera (% 24,9) jotzen dute.

Emakume gazteek ikastetxeetan jasotako sexu-hezkuntzari 4,4ko nota baino ez diote ematen. Horrek, argi uzten du emakume gazteek prestakuntza afektibo-sexual handiagoa eta hobea behar dutela.

Emakume gazte gehienek (% 65,2) jaso dute nolabaiteko sexu-prestakuntzarik beren ikastetxean; hala ere, gazte horien herenak (% 34,8k) ez du sexu-hezkuntzako programetarako sarbiderik izan ikasketa-lekuetan.

Gainera, emakume gazteek ikastetxeetan jasotako sexu-hezkuntzari 4,4ko nota baino ez diote ematen. Horrek, argi uzten du emakume gazteek prestakuntza afektibo-sexual handiagoa eta hobea behar dutela.