Jaiotza eta heriotzaren artean ematen den uneari deitzen diogu bizitza, animalion kasuan bitarte horretan hazi eta ugaldu ere ahal garelarik, nahiz eta gaitasun hau gizaki askok ez dugun bere osotasunean garatzen eta aurreneko urratsean geratzen garen sexua behin eta berriz errepikatuz sekula gaindituko ez dugun ikasgaia balitz moduan. Baina jaiotza bezala heriotza ere bizitzaren parte da, honetan ematen den unetxo bat besterik ez, eta nahiz eta bizitzaren antonimotzat jotzen den, egia esan ez dago bizitza eza definitzeko hitzik.
Erlijio desberdinek modu partikularrean azaldu digute bizitzaren zentzua gizakiaren historian zehar. Baina erlijioak baino lehen beraien sortzaileak daude, eta horiek beti gizakiak izan dira, berdin zaigularik azkenean sortu duten erlijioa zein izan den. Erlijio guztien hasierako puntuan beraz gizaki bat dago beti, zein bere unean konturatuko zen gure azaletik haratago ere badagoela bizitza, eta ingurumari horretatik mugatzen gaituen larru azaletik barrurakoa bizitzaren partetxo bat besterik ez dela, larru azala askotan muga fisikotik psikikora ere bilakatzen zaigularik, emozio eta sentimenduen muga izatera iritsiz.
Konturatuko zen bizitzaren osotasunaren parte izateko ezin zitzakeela bere sentimenduak mugatu, hori apurtzen ez dugun bitartean, osotasuna dela apurtuta izango dena eta heriotzaren unera itxaron behar izango dugula larru azaletik haratago dagoen bizitza guztiarekin bat egiteko, osotasun horren parte izateko berriz ere, horrela garelako jaio aurretik, eta horrela izango garelako ere hil ondoren, espazio eta denbora epeak gaindituz, infinitoarekin bat eginez berriz ere. Horregatik bere sentimenduak lau haizeetara barreiatzen hasiko zen zalantzarik gabe, maitasuna eta gorrotoa oztoporik gabe azaleratuz.Konturatuko zen onurarik handienak maitasunak ekartzen zizkiola, eta gorrotoak ezer gutxi onik ematen ziola. Horregatik maitasunez jantziko zituen bere ekintza guztiak eta modu horretan zuzenduko zitzaion jende guztiari. Jarrera honek jarraitzaile mordoa lortuko zituen eta ondorioz, munduan dauden erlijio mordoa sortzen joango zen. Maitasuna legoke beraz erlijioen oinarri nagusian, nahiz eta ondoren hauetako zenbaitzuk jatorri hori ahaztu eta basakeriaz aritu diren historian zehar jainkoaren izenean.
Guk gizakiok, maitasunaren izenean abestiak idazten ditugu baita olerkiak kantatu ere. Baina zaila eta askotan ezinezkoa suertatzen zaigu sentimendu hau hitzen beharrik gabe adieraztea, gizakiok berez sentimentalak baikara, hau da -hitz joko azkar bat eginez-, sentimenduak mentalki adierazten ditugu, eta gertaera honek erabat mugatu egiten gaitu, maitasun hori guztia gure pentsamenduan geratzera kondenatzen dugulako. Gehienez jota paperera eramango dugu, baina zeinen zaila suertatzen zaigun besarkada luzeak oparitzea. Egiten dugunean ordea, hain da haundia sentsazioa, hain da benetakoa, denbora eta lekuaren nozioa ere galtzera irits gaitezkeela. Hori baita bizitza osotasunean bizitzea, larru azalatik at eramatea maitasuna, pentsamendu erromantikoetatik maitasun ekintzetarako urratsa ematea.
Asko maite dudan lagun batek erakutsi zidan begiak itxi eta bizitzarekin bat egiten meditazioaren bitartez, pentsamenduak etortzen diren moduan joaten utzi eta izugarri handia den maitasun unibertsalaren parte garela sentitzen. Aitortu beharrean nago ez naizela sekula meditatzaile ona izan eta nahiago izaten dudala besarkada goxo batek maitasunari irekitzen dion bidea, sekula gainditzen ez dudan sexu ikasgaia ere oso ongi etorria suertatzen zaidalarik kasurik gehienetan. Hala ere, zergatik ez esan, begiak itxi eta pentsamenduez hustu naizen gutxi horietan, azaldu ezingo nukeen bake eta maitasun mugaezinean murgildu naiz, osotasunaren parte izan naiz une horietan, bizitzaren parte. Horrela gainditu dut heriotzari nion beldurra, une hori iristen zaidanean bizitzaren parte izaten jarraituko dudala badakidalako, edozein erlijiok asuntu honi jarri ahal dizkion apainduretatik haratago. Ez dago jainkoen beharrik honetaz jabetzeko. Hilko naizenean ez dezala inork esan hilik nagoela, zuzenagoa izango baita esatea “Gotzon hil egin da, baina lasai e, bizirik darrai”.
Gotzon Sanchez