UPV/EHUk, Vicomtech-ek, Tekniker-ek, Ikor-ek, IMH-k eta UZEIk Adimen Artifizialeko teknologietan oinarritutako euskarazko elkarrekintza-irtenbideak ezartzeko proiektua garatu dute. Aipatu egitasmoaren xedea da langileen eta makinen arteko elkarrekintza-mekanismoak ezartzea, horiei esker, zenbait prozesuren produktibitatea errazteko eta hobetzeko. Adimen Artifizialeko teknologia aurreratuenak erabiliz, langileen eta makinen artean hizkuntza naturaleko interfazeak garatu nahi dira. Teknologia horiekin, ahotsa ezagutzeko eta sintetizatzeko eredu neuronalak optimizatuko dira, eta, gainera, makinetan bertan kokatutako gailu elektronikoetan integratu ahal izango dira, bai eta automatismoetan ere, hedapenek eragin ditzaketen pribatutasun-, segurtasun- eta latentzia-arazoak saihesteko. Horretarako, ezinbestekoa da corpusa edukitzea, erabilera-domeinuko dokumentuetatik datorrena, kasu honetan, industria-ingurunetik.
Teknologia garatzeko erabilera-kasu gisa erabiliko diren hiru ingurune definitu dira: zenbakizko kontrolen programazioa, fabrikazio- eta muntaketa-prozesuak eta mantentze industriala.