UNICEFek argitaratutako ikerketa baten arabera, 1.420 milioi pertsona baino gehiago, 450 milioi haur barne, zaurgarritasun hidriko handia den lekuetan bizi dira. Horrek esan nahi du munduko bost haurretatik batek ez duela eguneroko beharrak asetzeko ur nahikorik.
Australiako Unibertsitateko Future Industries Institute-eko ikertzaile talde batek milioika pertsonaren estres hidrikoa desagerraraz dezakeen prozesu esperantzagarri bat garatu du. Prozesu berriak itxaropena emango die planetako eremu behardunetan eta zaurgarrienetan bizi diren milioika pertsonei.
Haolan Xu irakasleak zuzentzen duen taldeak eguzkiaren argia bakarrik erabiliz edateko ur garbia eta segurua ekoizteko modua aurkitu du. Horretarako, itsasoko ur gazitik edo kutsatutako uretatik ur geza lortzea ahalbidetzen duen teknika perfekzionatu dute. Birziklatutako materialekin eraikitako makina bati esker, eta metro koadro bat uretik abiatuta, lau kideko familia batentzat egunero edateko ur nahikoa lor daiteke.
Teknika eraginkorragoa
Haolan Xuk berak azaldu duenez, “azken urteotan, edateko ur freskoa sortzeko, arreta handia jarri zaio eguzki-lurrunketaren erabilerari, baina aurreko teknikak ez dira oso eraginkorrak izan praktikan erabilgarriak izateko”.
Orain arte, lurrungailu fototermiko esperimental gehienak, funtsean, bi dimentsiokoak izan dira. Azalera laua dute eta, ontziratu gabeko uraren eta inguruko ingurumenaren ondorioz, eguzki-energiaren % 10 eta % 20 artean galtzen dute.
Aitzitik, Xuk eta bere taldeak hiru dimentsioko lurrungailu bat garatu dute, hegats formakoa, bero-disipadore baten antzekoa.
Esan bezala, teknologia hori gai da, metro koadro bat uretik abiatuta, lau laguneko familia bati egunean behar duen edateko ur kantitatea emateko. Gainera, garatu berri den teknika hori orain arte erabili izan den alderantzizko osmosia baino askoz merkeagoa da.