Nork esaten du lehenago ‘maite zaitut’?

Nazioarteko talde batek egin duen ikerlan batek azaltzen duenez, harreman heterosexualetan gizonek ematen dute lehen pausua

Bikote askorentzat bada inflexio puntu bat hitz ‘magikoak’ esaten direnean: maite zaitut. Harremana bide onetik doanaren sintoma bat da, baina nork esaten du lehenago ‘maite zaitut’?

Eskoziako Abertay Unibertsitateko irakasle Christopher Watkinsek zuzendu duen nazioarteko ikerketa baten arabera, harreman heterosexualetan, gizonek beren maitasuna aitortzen dute, batez beste, bikotekidea ezagutu eta 108 egunetara; emakumeek, berriz, 123 egunetara esan ohi dute.

Gizonak lehenago

Ikerketa zazpi herrialdetan burutu da: Australia, Brasil, Erresuma Batua, Frantzia, Kolonbia, Polonia eta Txile. Zazpi herrialde horietan gizonak dira lehen urrats hori ematen dutenak; salbuespen bakarra Frantzia litzateke.

Ikerlanerako 1092 emakume eta 336 gizon inkestatu dira eta arestiko harreman bati buruz galdetu zaie. Inkestatuei harremanaren inguruko lau galdera egin zitzaien: noiz hasi zinen pentsatzen zure sentimenduen berri eman behar zeniola zure bikotekideari?; nork eman zuen lehen urratsa?; zenbat denbora pasatu zen elkarrekin ateratzen hasi eta ‘maite zaitut’ esan arte?; eta, nola hartu zuen bikotekideak aitorpen hori?

Ikerketaren ondorioek erakusten dutenez, gizonek, batez beste, 70 egun behar dituzten maiteminduta daudela pentsatzen hasteko. Emakumeek astebete gehiago behar omen dute.

‘Maite zaitut’ esateko hilabete gehiago behar izaten da eta bai emakumeen kasuan bai gizonen kasuan, aitorpen hori oso modu onean hartzen da.

Ikerlarien ustez, herrialde bakoitzean den gizonen eta emakumeen arteko proportzioa aldagai garrantzitsua izan daiteke. Horrela, gizonen proportzioa handiagoa den herrialdeetan, gizonek ‘maite zaitut’ lehenago esateko joera dute, antza, beste lehiakideren batek aurre har ez diezaion. Emakumeen proportzioa handiagoa den lekuetan, berriz, gizonen aitorpen hori sexu-harremanak izateko aukerak bizkortzeko egiten omen da.

Ikerketak azaltzen duenez, sexu-intimitatearen mailakatzea (maitasun-aitorpenaren bidez) errazagoa da gizonezkoek estalketa-aukera handiagoak dituzten eta emakumeen promiskuitatea ohikoagoa den inguruneetan.