The New York Times egunkari entzutetsuak sarean arrakasta itzela lortu duen Wordle hitz-jokoa erosi du. Hedabideak azaldu duenez, gero eta garrantzi handiagoa eman nahi diote gurutzegramei eta bestelako entretenimendu ereduei, beti ere, 2025. urtean 10 milioi harpide izateko xedearekin. Hedabideak jokoagatik ordaindu behar izan duen kopurua 7 digitukoa omen da. Hori bai, jokoak doakoa izaten jarraituko du orain arte bezala.
Egunkariak zuzenean erosi dio jokoa bere sortzailea den Josh Wardle-i. Wardle software ingeniaria da Brooklynen.
Wordle
Jokoa oso sinplea da: bost letra dituen hitza asmatu behar da eta horretarako sei ahalegin daude. Toki zuzenean dauden hitzak lauki berde batekin azaltzen dira. Letra toki zuzenean ez bada lauki hori baten barruan aurkezten da. Hitz sekretua osatzen ez duten letrak grisez markatzen dira.
Jokoa hainbat hizkuntzetan jokatu daiteke, horien artean, euskaraz. Asmatu beharreko hitza egunero eguneratzen da.
Wordle arrakasta handia izan du hiru hilabete baino gutxiagoan. Joan den urrian Josh Wardlek jokoa sareratzea erabaki zuen bere familiaren artean oso arrakastatsua zela ikusi ondoren. Sareetan, ohikoa da jokalariek beren akatsak eta igartzeak egunero partekatzea. The New York Timesek ezagutzera eman dituen datuen arabera, iazko azaroaren 1ean jokoak soilik 90 erabiltzaile zituen. Urte berriarekin batera jada 300.000 ziren eta une honetan sei milioi pertsona baino gehiago aritzen dira egunero Wordle-n.