132.000 euro Gipuzkoako ikerlari gazteentzat

Gipuzkoako Foru Aldundiak 11 beka banatzeko deialdia argitaratu du. Bekadun bakoitzak 12.000 euro jasoko ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak ikerlari gazteentzako beka programa bat jarri du martxan ikerketa eta berrikuntza egitasmoak gara ditzaten.

Guztira 11 beka emango dira eta horietako bakoitzak 12.000 euroko diru-hornidura izango du. Beka horien xedea ekonomia zirkularraren, energia-jasangarritasunaren eta klima-aldaketaren inguruko ikerketa, berrikuntza, zabalkundea, informazioa eta komunikazioa sustatzea da.

Hamaika beka horietatik bost ekonomia zirkularrera, prebentziora, berrerabilerara, gaikako bilketara eta hondakinen birziklapenera bideratuko dira.

Halaber, energia aurreztea, energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera helburu duten bi proiektu finantzatuko dira.

Azkenik, 4 proiektu finantzatuko dira klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta/edo klima-aldaketara egokitzeko eta klima-aldaketari buruzko informazioa eta komunikazioa lortzeko.

Deialdia

Proiektuek hasi gabe egon behar dute, originalak izan behar dute eta aurretik argitaratu gabeak. Deialdia Zientzia, Ingeniaritza, Arkitektura eta Komunikazioa adarretako tituludunei zuzenduta dago, bai LHko goi-mailako moduluetakoei, bai unibertsitateko prestakuntzakoei. Eskaerak internet bidez egin beharko dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bidez.

Azken sei urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi erdi euro baino gehiago bideratu ditu 44 gazteren ikerketa-proiektuak laguntzeko. Bekadunen hiru laurdenak sektorean jarraitzen du lanean, eta erdiak,  beka egin zuen enpresan jarraitzen du lanean. Beka gehienak, erdia baino gehiago (% 54) ekonomia zirkularraren inguruko ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko izan dira. Heren bat (% 32), berriz, klima-aldaketarekin lotura duten egitasmoetara bideratu da eta % 14 energia ardatz duten proiektuei. Gainera, ikerketen % 70 inguru emakumeek egin dituzte.

Deialdi honetan esleitutako bekei esker garatu diren proiektuak esparru akademikoan eta lurraldeko ikerketa-zentroetan eta enpresetan garatu dira. Beken % 54 unibertsitateetan garatu dira (EHU, Tecnum eta Mondragon Unibertsitatea), eta gainerakoa, berriz, enpresa-sektorean, hala nola Emaus, Aguas del Añarbe, Ekolber, Ekograss eta Aranzadi.