Bizikleta eta oinezko gehiago klima-aldaketaren aurka
©Shuterstock.com

Euskal gizartean adostasun zabala sortzen duen gai bat bada, hori klima-aldaketaren gaia da. Euskal gizarteak, 10 puntuko eskalan batean 8,1 punturekin, arazo larri baten aurrean gaudela ulertzen du. Iritzi hori Europar Batasunaren batezbestekoaren (8,0) gainetik dago, baina estatuko batezbestekoaren (8,5) azpitik.

Maiatzean Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak aurkeztu zuen “Klima-aldaketa eta energia-trantsizioa” txostenaren arabera, euskal biztanleriaren % 73aren ustez klima-aldaketaren efektuak jada nabarmenak dira. Aipatu txostenean azpimarratzen denez, euskal herritarrak gero eta gehiago jabetzen dira klima-aldaketaren eta energia-ekoizpenaren eta -kontsumoaren arteko erlazioaz. 2017. urtean, biztanleriaren % 39k zioen harreman hori estua zela eta, gaur egun, berriz, % 51k. 18 eta 29 urte bitarteko gazteen artean erlazio hori garbiago ikusten da: gazteen % 70ak uste hori du.

Energia-kontsumoa

Garraioak azken energiaren heren bat kontsumitzen du Europar Batasunean. Energia horren proportziorik handiena petroliotik dator, eta horrek esan nahi du garraioa EBko berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen zati handi baten erantzule dela eta, ondorioz, nabarmen laguntzen duela klima-aldaketa. Gainerako sektore ekonomiko gehienek, adibidez, energiaren ekoizpenarenak eta industriarenak, 1990etik isurketak murriztu dituzten bitartean, garraioaren isurketek gora egin dute. Gaur egun, EBko berotegi-efektuko gasen isurketa guztien laurdena baino gehiago dira.

Copernicus Atmosferaren Zaintzarako Zerbitzuak egin duen txosten baten arabera, Europa osoan erregai fosilek sortutako nitrogeno oxidoen (NOx) eta CO2-aren emisioak murriztu egin ziren COVID-19 pandemiaren lehen olatuan, kontinentean izan zen konfinamendu orokorrarekin batera

Aipatu txostenaren arabera, emisioen murrizketarik handienak abiazioan eta errepideko garraioan eman ziren. Herrialdeka, Italia, Frantzia, Espainia, Erresuma Batua eta Alemania izan ziren EB-28 barruan emisio guztien murrizketan gehien lagundu zutenak. Era berean, emisioen murrizketa handienak hiriguneetan eta hiriarteko errepide nagusietan eman dira. Eta murrizketa handiena nitrogeno oxidoetan (NOx) eta erregai fosilen CO2 emisioetan gertatu zen.

Aldi berean, NBEren Ingurumen Programak (NBIP) egindako txosten baten arabera, 2020. urtearen amaieran, “bidaiak murriztearen, industria-jarduera txikiagoaren eta pandemiaren ondorioz, aurten elektrizitate-sorkuntza txikiagoa izango da eta, horri esker, karbono dioxidoaren emisioak % 7an murriztuko direla aurreikusten da”.

Beraz, garbi dago, hiriko garraioa elikatzen duten erregai fosilek modu nabarmenean eragiten dutela klima-aldaketan.

Europako Mugikortasunaren Astea

1999az geroztik, urtero ospatzen da Europako Mugikortasunaren Astea, irailean. Ekimen horren bidez, herritarrak, arduradun politikoak eta enpresak sentsibilizatu nahi dira hirian autoa zentzuz erabiltzeak osasunean eta ingurumenean dituen ondorio negatiboen inguruan, eta, aldi berean, garraiobide alternatibo eta jasangarriak erabiltzeak (garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak) dituen onurak erakutsi nahi dira.

Europako Mugikortasunaren astea irailaren 16tik 22ra bitartean ospatu da eta astebetez, mugikortasun jasangarria sustatzen duten eta jardunbide egokiak eta neurri iraunkorrak bultzatzen dituzten hainbat jarduera garatu dira. Asteari amaiera emateko, hirietan “Kotxerik gabeko eguna” ospatzen da, hirietako trafikoaren gorakadarekin lotutako arazoei irtenbide berriak aurkitzeko ekimena.

Aurtengo ediziorako Europako Batzordeak, “Mugikortasun jasangarria, osasuntsua eta segurua” gaiaren barruan “Zure osasunagatik, mugi zaitez modu jasangarrian” leloa aukeratu du. Horrela, antolatzaileek gure udalerrietan modu jasangarrian mugitzeko moduekin harremana duen osasun fisikoan eta mentalean jarri nahi izan dute arreta. Gai horren aukeraketarekin, gainera, koronabirusak eragin duen pandemian pairatu behar izan ditugun gorabehera guztiak gogoratu nahi izan dira eta, aldi berean, Covid-19ak eragin duen osasun-krisi baten ostean sor daitezkeen aukeren inguruan hausnartzera gonbidatzen du. Izan ere, helburua da iaz hasi ziren mugikortasun aktiboa areagotzea eta emisio gutxiko edo batere gabeko mugikortasuna erabiltzea bezalako joerak Europako hiri nagusietan finkatzea eta berotegi-efektua eragiten duten gasak murrizten laguntzea.

Aurtengo edizioan munduko 51 herrialdetako ia 3.000 hirik hartu dute parte ekimen horretan. Horien artean, Euskal Herriko hainbat udalerri aurkitzen dira.

Mugikortasun jasangarriago baten alde

Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako “Klima-aldaketa eta energia-trantsizioa” inkestaren arabera EAEko biztanle gehienak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko udalek har ditzaketen hainbat neurriren alde daude. 

Txosten horren arabera, euskal biztanleriaren gehiengo zabal bat, % 93, oinez ibiltzea eta bizikleta erabiltzea sustatzearen eta hiriguneetan garraio publikoa bultzatzearen aldekoa da. Hiritarren % 62 horrelako neurriak hartzearekin guztiz ados azaltzen da eta % 31 nahiko ados.

Era berean, biztanleen % 71 ibilgailu kutsagarrienei zerga gehiago ezartzearen aldekoa da. Kasu horretan, % 37 guztiz ados azaltzen da eta % 34 nahiko ados. Klima-aldaketaren aurkako borrokan azken neurri horrek beste zenbait neurrik baino adostasun-maila txikiagoa lortzen badu ere, azpimarratzekoa da 2017az geroztik gehien garatu den neurria dela. Izan ere, duela lau urte neurri horren alde zeudenak % 59 ziren eta, orain, berriz, %71.

Nola mugitzen garen 

Euskadin, familien % 71,3k, gutxienez, ibilgailu bat du bere erabilera pertsonalerako. Ibilgailuen kopurua udalerriaren tamainarekin harreman estua du. Horrela, zenbat eta txikiagoa izan udalerria orduan eta erabilera altuagoa. Familiaren diru-sarrerek ere eragin handia dute. Kasu horretan, sarrera handiagoak dituzten horiek ibilgailu propioa erabiltzeko joera handiago dute.

Iaz Eustatek familiei egin zien ingurumenaren inguruko inkestan jasotako datuen arabera, batez beste, familia bakoitzeko 1,4 ibilgailu daude. Kopuru hori 1,1 eta 1,9 artean dabil zenbait aldagaien baitan: udalerriaren tamaina, familia osatzen duten kideen kopurua, diru-sarrerak… 16 urtetik gorako biztanleen artean garraio pribatua (% 39,2) eta, nagusiki, kotxea (% 38,4) dira mugitzeko modu nagusiak. Oinez edo bizikletaz egiten diren joan-etorriak ere garrantzitsuak dira (% 37,6). Garraio publikoa da gutxien erabiltzen dena (% 22,9), eta bere erabilera 5,8 puntutan jaitsi da.

Eustatek egin duen inkestan ikusi ahal denez, azken hilabeteetan pairatu dugun osasun-egoerak, hein handi batean, garraioaren eta mugikortasunaren inguruan ditugun hainbat ohitura eta balorazio baldintzatu ditu. 

Lurraldeka, Gipuzkoa da garraio pribatua gehien erabiltzen duena (% 44). Araban berriz, oinez edo bizikletaz egiten diren joan-etorriak dira nagusi (% 44,6). Bizkaian oreka handiago dago garraio pribatuaren (% 36,3) eta oinez/bizikletaz egiten diren joan-etorrien artean (% 34,8).

Oinez/bizikletaz egiten diren joan-etorriak ugariagoak dira hiru hiriburuetan (% 45,1). Udalerri txikiagoetan, berriz, garraio pribatua nagusitzen da (% 56,9)

Generoaren arabera, alde handiak daude batetik bestera mugitzeko orduan. Hala, garraio pribatua da gizonek gehien erabiltzen duten mugikortasun eredua (% 48,5), eta emakumeekin alderatuta (% 31,0)alde handia dagoela azpimarratu behar da. 

Emakumeak, berriz, oinez edo bizikletaz mugitzen dira gehienbat (% 41,7), eta gizonekin alderatuta, 8,4 puntuko aldea dago. Garraio publikoa da gutxien erabiltzen dena, generoa edozein dela ere, baina emakumeek gehiago erabiltzen dute, gizonek baino % 9,1 gehiago.

Bizikletaren gorakada geldiezina

Iaz inoiz baino bizikleta gehiago saldu ziren Espainian. Datu historikoak ematen ditu AMBE – Espainiako Marka eta Bizikleten Elkarteak urtero argitaratzen duen bizikleta-sektorearen zifra-txostenak.

Txosten horren arabera, pasa den urtean 1,5 milioi bizikleta baino gehiago saldu ziren, hots, aurreko urtean baino % 24,10 gehiago. Kontsumitzaileek gehien eskatzen duten bizikleta mota, oraindik, mendiko bizikleta izaten jarraitzen du, baina gorakada handienak bizikleta elektrikoetan (+% 48,9) eta hiriko bizikletetan (+% 46,4). Salmenten igoerak isla izan du kategoria guztietan: osagaien salmentek % 21,7an hazi dira eta bizikletan ibiltzeko arroparen kasuan, igoera % 13koa izan da.

AMBEren ustez salmentetan izan den igoera hori osasun egoeraren ondorioa izan da. Izan ere, “bizikletaren sektoreak modu osasungarriago eta jasangarriagoan mugitzeko eta aisialdiaz eta kirolaz gozatzeko gizartearen eskaera handiaz baliatu da”.

Iraultza elektrikoa bizikletan

AMBEren txostenaren arabera, mugikortasun elektrikoaren iraultza sendotu egin da, saldutako 200.000 unitateen (212.635) muga urte bakar batean gainditu baita. Espainian, bizikletaren batez besteko prezioa, batez beste, 865 euroraino igo da (+% 21,7). Hazkunde hori, nagusiki, bizikleta elektrikoek izan duten salmenten igoeran oinarritzen da, modelo horien batez besteko prezioa 2.648 eurokoa baita. Hortaz, bizikleta elektrikoa lehen postuan dago fakturazio-bolumenean, mendiko bizikletaren gainetik.

Europako beste hainbat herrialdetan bezala, Estatuak ere bere iraultza elektrikoa bizi du pedalei eraginez. Izan ere, bizikleta elektrikoak adin eta egoera fisiko guztietako pertsonak hurbiltzen ditu kirola egitera eta bizikletan ibiltzera, eta distantziak eta orografia oztopo izateari uztea eragiten du.

Horregatik guztiagatik bizikletaren sektoreak garai oparoak bizi ditu. Sektorearen fakturazioa % 40 hazi zen 2020an, eta, guztira, 2.607,38 milioi euro fakturatu zituen.

Osasun- eta ekonomia-egoera gorabehera, sektoreak aurreko urteetako enplegu-mailei eutsi die, hazkunde txiki batekin. Gaur egun, 22.000 familia baino gehiago daude zuzenean sektoreari lotuta Espainian, eta, aldi berean, denda eta tailerretako enpleguek ere gora egin dute.

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.