Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente izango zara beste behin. Zerk bultzatu zaitu berriz aurkeztera?
Hasieran zalantza handiak izan nituen; ez nuen garbi jarraitu nahi nuen ala ez. EGKn erreleborako erritmoak, zenbait kasutan, zailak izan daitezke. Izan ere, lan erritmo egokia hartzen duzunerako legealdia bukatzear dela ikusten duzu. Gainera, pandemiaren eragina ere hor da eta, hori ikusita, orain, agian inoiz baino gehiago, egonkortasun bat izatea positiboa dela deritzot. Une honetan hainbat aldarrikapen garrantzitsu ditugu administrazio publikoei helarazteko eta hori egin beharreko zerbait da. Gainera badira jada abian ditugun zenbait egitasmo eta nik jarraitzeak horiekin aurrera jarraituko dela bermatzen du.
Bestalde, maila pertsonalean, babes handia sentitu dut. Hainbat elkarte gerturatu zaizkit nire asmoaren inguruan galdetzeko, nolabait, pozik zeudelako nik egindako lanarekin. Horrek jarraitzeko erabakia erraztu dit, babes hori gabe, seguruenik, az bainuen jarraitu behar.
Pandemia garaian gazteriaren jokabidea zorrotz kritikatzen ari da gaueko aisialdian izan diren zenbait jarrerengatik. Zein da EGKtik horren inguruan duzuen iritzia?
Uda osoa eman dugu gai horren inguruan hitz egiten. Garbi dago gazteon aldetik jarrera desegokiak izan direla, baina gure ustez horiek ez dira euskal gazteria ordezkatzen duten jarrerak. Gainera, ez dut uste gazteon gehiengoak egiten dituen jarrerak direnik. Askoz gehiago dira jarrera egokiak izan dituzten gazteak, boluntarioak, etab. ez dakit oso ondo zergatik, baina arreta gazteongan jarri da. Izan ere, gazteon artean jarrera desegokiak izan diren bezala, antzeko zerbait eman da beste hainbat kolektibo edo adin-taldetan. Baina kasu horietan, oihartzuna askoz ere txikiagoa izan da. Gure ustez kriminalizazio horrekin amaitu behar da eta gizarte bezala, pandemia edo arazo baten aurrean ematen den erantzunaren inguruan ere hausnartu beharko genuke.
Azken hilabeteetan EAEko gazteria zuzendari Agurtzane Llano eta Nafarroako Gazteria Institutuko zuzendari kudeatzaile Carlos Amatriain elkarrizketatu ditugu orrialde hauetan eta biak bat datoz Euskal Herriko gazteriaren diagnosian: enplegua eta etxebizitza dira erronka nagusiak. Zuek ere hala ikusten al duzue? Eta hala bada, zer da, zuen ustez egin beharko litzatekeena edo eska dakiekeena erakunde publikoei?
Gazteon kezka larriena da bizitza-proiektu duin bat sortzeko aukera izatea. Garbi dago bizitza-proiektu duin bat aurrera atera ahal izateko aipatzen dituzun bi alderdi horiek, alegia, enplegua eta etxebizitza, ezinbestekoak direla. Enpleguaren kasuan, gazteon artean nagusi den kontratuen behin betikotasun-maila oso kezkagarria da, bereziki emakume gazteen artean. Etxebizitzari dagokionez, alokairuen prezioak gehiegizkoak dira batez beste gazteok jasotzen dugun soldatak aintzat hartuta. Europatik gomendatzen denez, etxebizitzara bideratu beharko litzatekeen soldataren proportzioa % 30ekoa da eta, une honetan, Euskadin, gazte batek bere soldataren % 60 bideratu behar du.
Testuinguru horren aurrean, neurriak hartu behar dira ezinbestean. 2008. urteko krisiaren ondorioak pairatu behar izan ditugu eta, orain, pandemiak eragin duen krisi berri horren ondorioei ere aurre egin behar izango diegu. Enpleguaren arloan, adibidez, praktika eta beka kontratuekin amaitu behar dela uste dugu, horiek ez baitute enpleguan egonkortasuna lortzen laguntzen. Ikuskaritzak ere maizago egin beharko lirateke langileak, kasu honetan, langile gazteak, legez dagozkien kontratupean daudela bermatzeko. Etxebizitzaren arloan, berriz, alokairu sozialaren aldeko apustua egiten dugu eta hutsik diren etxebizitzen erregistro bat ere egin beharko litzateke horiei irtenbidea emateko. Etxebizitzen parke publikoa handitzeak ere arazo hori arintzen lagunduko luke.
Zuek harreman zuzena duzue Eusko Jaurlaritzarekin. Nola hartzen dituzte horrelako proposamenak?
Guk harreman zuzena dugu bai Gazteria Zuzendaritzarekin bai Etxebizitza Sailarekin, adibidez, Gaztelagun programaren kasuan, ekarpenak egiteko. Oraindik ibilbide luzea egiteko dago, baina erakundeetan jarrera positiboa sumatu dugu eta gazteon egoera hobetzeko asmoa bada. Aipatu dudan Gaztelagun egitasmoaren kasuan, adibidez, guk egindako ekarpenei esker laguntza horiek jaso ahal izateko baldintzak erraztu ziren.
Azken egunetan, hedabideetan euskal hezkuntza sistemaren inguruan hausnarketa sakon bat egiteko beharra azaldu da: euskalduntze arazoak, hizkuntza modeloak gainditu beharra, publiko/pribatu dikotomia… gazteen iritzia kontuan hartu ahal da hausnarketa horretan? Horren inguruko iritzirik al duzue?
Hezkuntzarena guk jorratzen dugun lan-ildoetako bat da, baina aipatzen duzun sistemaren inguruko hausnarketa hori nahiko berri da eta, horretan lanean gauden arren, oraindik ez dugu, erakunde bezala, diskurtso zehatz bat. Harremanak ditugu aipatzen duzun hausnarketa horretan parte hartzen ari diren Hezkuntza Kontseiluarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin eta informazioa biltzen ari gara gure diskurtso propioa garatzeko.
Hasieran pandemiaren inguruan hitz egin dugu. Garbi dago osasun-egoerak guztiz baldintzatu duela gazteen bizitza, baina, agian, bereziki, aisialdia. Izan ere, udan gazteontzat antolatu ohi diren hainbat ekimen bertan behera geratu dira edo modu mugatuan garatu dira: udalekuak, boluntariotza… Nola bizi izan duzue hori guztia?
Urte zaila izan da. Neurri asko ezarri dira, denbora gutxira aldatu izan direnak eta horrek protokoloak egokitzeko zailtasun handiak eragin ditu. Aisialdiaren esparrua, agian, eta udarara begira, agian, gogorrena udalekuen prestaketa lana izan da. Elkarteek lan bikaina egin dute eta horri esker udalekuak egin ahal izan dira eta, gainera, modu egokian egin dira. Baina horren atzean lan handia izan da eta baita zalantza asko ere. Zentzu horretan, etengabeko harremana izan dugu Gazteria Zuzendaritzarekin aldaketa horien guztien berri izateko eta horiek elkarteei pasatzeko.
EGKn jorratzen duzuen beste esparruetako bat berdintasunarena da. Zein da, esparru horretan lehentasuna? Eta horrekin lotuta, zoritxarrez, urte osoan zehar eraso sexisten inguruko hainbat berri entzun behar izan ditugu, baita gazteen artean ere. Zer egin daiteke horren aurrean?
Gai horren inguruan lan-ildo ezberdinak jorratzen ditugu. 16 eta 30 urte bitarteko emakume bat, emakume izateagatik erasotzen dutenean edo erasotzailea aipatu adin-tarte horretan dagoenean, protokolo bat aktibatzen dugu. Salaketa publiko bat da, jazotakoa salatzeko eta horrelako egoeren aurrean zer egin behar den azaltzeko. Gure ustez, puntu honetan hezkidetza ezinbesteko elementua da. Txikitatik ikasi eta barneratu behar dugu berdintasuna. Guk hezkidetza lantzeko egitasmoak garatu izan ditugu, hasieran hezkuntza formalean eta orain, baita hezkuntza ez formalean ere, astialdi elkarteetan Alboanekin batera. Egia da gai horren inguruan gero eta kontzientziazio handiagoa dagoela, baina errealitatea da desparekotasuna oraindik agerikoa dela gure gizartean, eta ez bakarrik erasoen kontuagatik. Horrekin guztiarekin amaitu behar dugu, baina nola? Esan dudan bezala, gakoa hezkidetzan legoke. Txikitatik ikasi behar dugu gizonak eta emakumeak bereizten gaituzten estereotipo horiek guztiak alboratzen.
Gazteon partaidetza aldatu da; elkartegintza mantentzen da, baina gazte askok ez dute inolako loturarik elkarteekin eta gai zehatz baten inguruan kezka dutelako parte-hartzen dute.
EGK-k EAEko hainbat gazte erakunde biltzen dituen erakundea da. Zein nolako harremana duzue Nafarroako eta Iparraldeko gazteekin?
Nafarroako Gazte Kontseiluarekin oso harreman estua dugu eta hainbat egitasmo garatzen ditugu elkarlanean. Elkarlan hori Eusko Ikaskuntzak sustatutako Gazte Agorari esker areagotu da. Bertan elkartu gara EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko gazteak. Iparralderen kasuan ez da EGK edo NGK bezalako erakunderik eta Gazte Agoratik horrelako zerbait sustatu nahi da.
Etikasi programaren bigarren edizioa abian jarri duzue. Zein da programa horren xede nagusia?
Etikasiren xede nagusia da, bidaien bidez, etika eta giza eskubideen inguruan ikastea. Lehenengo deialdia 2019. urtean izan zen eta Belfastera eta Auschwitzera egin ziren bidaiak. Egitasmoa hiru fasetan banatzen da: giza eskubideen inguruko formakuntza, bidaia eta ebaluazioa norberak zein prozesu bizi izan duen ikusteko. Pasa den urtean, pandemiaren eraginez, bigarren edizioa izan behar zuena bertan behera geratu zen. Aurten berriro ekin diogu programari, baina birformulazio bat egin dugu. Horrela, atzerrira bidaiatu beharrean, aurtengo edizioan Lemoiz eta Pasaia/Errenteria eskualdea bisitatuko dugu. Gune horiek gurean bizitakoaren inguruan hausnartzeko eta lanketa egiteko aukera emango digute.
Gure herrian egoera politiko latza bizi izan dugu azken hamarkadetan. ETAk bere jarduera utzi zuenetik hamar urte igaro dira. Nola bizi du egungo gazteriak hori guztia?
Euskal Herrian bizi izan den gatazka politikoaren inguruan, oro har, ezjakintasun handia dago gazteen artean. Isiltasuna nagusitu da; ez da gai horren inguruan hitz egiten. Gure ustez horrek ez du laguntzen. Ez da eztabaidan sartu behar, baina gai horren inguruan hitz egiteko espazioak behar dira: testigantzak entzun, iritzi ezberdinak partekatu… Horren guztiaren inguruan hitz egiten bada ez dugu gertatutakoa ahaztuko eta ikaspen bat lortuko dugu. Garbi dago gaur egungo gazteentzat gai hori ez dela lehentasuna, baina horren inguruan hitz egiteko aukera izan denean gazteek parte hartu dute.
Nafarroan berriki argitaratu duen txosten baten arabera, gazteen parte-hartzea ohiko erakundeetatik kanpo ere bideratzen da. EAEn gauza bera gertatzen ari dela ikusi al duzue?
Gazteon partaidetza aldatu da; elkartegintza mantentzen da, baina gazte askok ez dute inolako loturarik elkarteekin eta gai zehatz baten inguruan kezka dutelako parte-hartzen dute. Horrek adibidez, isla izan du EGKren funtzionamenduan: lehen bakarrik elkarteetan ziren gazteek parte-hartu ahal zuten eta orain zabalik da edozein gazterentzat. Pandemiak ere eragin handia izan duela esango nuke. Aurretik parte-hartze maila altua zen, baina pandemia ostean, orokorrean, jendea nekatuta dagoela dirudi. Partaidetza zaila izaten ari da. Momentu gogorrak bizi izan ditugu eta osasun-mentala zaindu beharreko zerbait bilakatu da: etorkizunarekiko kezkak, sozializaziorako arazoak…