Giza eskubideen ikuspuntua indartzea oso garrantzitsua da eta gure egunerokoan zeharkako balore bezala txertatzea ezinbestekoa da. Horretarako, beste hainbat kasutan bezala, hezkuntzak eta lehen eskutik bizitako esperientziak eragin handia izan dezakete. Bakoitzak ulertu eta bizi ondoren hausnarketak sakonagoak izan daitezkeelako, uste eta iritzietatik abiatu beharrean errealitate batetik abiatzen delako. Zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizun traumatikoei buruzko istorioak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka. Mundua  beste  begirada  batetik  ikustea  eta  beste pertsonen lekuan jartzea ahalbidetzen du-eta.

Ildo horretatik doa pasa den urtarrilaren 31n aurkeztu genuen etikasi programa. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin garatutako proiektu hau 2018an diseinatu genuen eta aurten, 2019an zehar, proiektu pilotua aurrera eramango dugu. Lehenik gazteekin bisitatuko ditugun lekuetara joan ginen aurrelanketa egin, kontaktuak finkatu eta aurrera eramango den egitaraua zehazteko.

Programaren helburua etikari (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea  da, kontzentrazio esparrua izateagatik markatuta gelditu diren edo indarkeria gordina jasan duten Europako hiri, herri eta zonalde esanguratsuetara bisita  hezitzaileak  eginez.  Esan bezala, aurten proiektu pilotua da eta, hori aurrera eramateko Auschwitz eta Belfast bisitatuko dira. Etorkizunari begira programa finkatzea, zabaltzea eta leku gehiago bisitatzea da erronka.

Proposatutako bidaia hezitzaileek ezarritako helburua bete dezaten, programak hiru fase izango ditu. Bi bidaietarako izena ematen duen orok, ikasgela zein ikasle, hausnarketa bat egin beharko du giza eskubideei buruz: batxilergoko ikasgelek bideo bitartez eta unibertsitateko zein Lanbide Heziketako ikasleek idatzizko lan baten bitartez. Bi kasuetan aurre formakuntza batekin osatuko da lehen fasea. Ostean, talde bakoitzak bere bidaia egingo du, aurrelanketan identifikatu diren usteak eta iritziak bisitatutako lekuetan gertatutakoarekin kontrastatzeko. Azkenik, bidaiaren ostean, ebaluazio modulua egingo da. Honetan partaideek, taldeka zein bakarka ikasi eta hausnartu dutena aztertuko da: bai euren prozesuari amaiera emateko zein lehen programa pilotu honen balantzea osatzeko.

Nola funtzionatuko du etikasi programak?

Lehen saiakera honetara, guztira, 60 plaza eskaini ditugu. Batetik, batxilergoko lehen mailako 30 ikasgela, besteak beste, Auschwitz (Polonia) sarraski-esparrua eta Krakovia bisita ditzaten lau egunez 2019ko ekainean. Kasu honetan, ikasgelak hautatu dira hausnarketa taldean egin dezaten, jorratutakoa aberasgarria eta interesgarriagoa izateko. Hauekin batera EGK-ko bi pertsona (ni neu eta bake eta bizikidetza teknikaria), ikasgela bakoitzeko irakasle bat eta formakuntza eskainiko dien pertsona joango dira. Bestetik, 30 Unibertsitateko lehen mailako ikasleak eta Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako zikloetako ikasleek bost eguneko bidaia egin dezaten Belfastera, Ipar Irlandara. Bigarren kasu honetan partaideek banaka eman behar izan dute izena eta 18 eta 30 urte bitarteko adinekoak izan behar zuten.

Orain arteko prozesuaren balorazio baikorra egiten dugu Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK). Deialdiak oihartzuna izan duela nabari dugu, hainbat ikastetxe eta gazteren galderak jaso ditugu gure hiru bulegoetan zein helbide elektronikoz eta orain arteko feedback-ean interes handia erakutsi digute. Programa oso aberasgarria izango dela ziur gaude. Hala ere, jakitun gara proiektu pilotua dela, lehen aldiz antolatu dugula tamaina honetako formakuntza-prozesu bat eta hurrengo deialdiei begira hobekuntza-proposamenak aztertzeko prest gaude. 

Maialen Olabe
EGKko presidentea

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.