UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea

Hainbat urtez erregai fosiletan oinarritutako energia-iturriak ordezkatzearen beharraz hitz egin da. Etorkizunean gero eta handiagoa den energia-eskaerari energia berriztagarriekin bakarrik erantzuteko gai izango garela uste duzu?
Azken 200 urteetan izan den garapen industriala oso prezio baxuetan eskura izan den energia fosil ugariari esker eman da. Testuinguru horretan, lehen aldiz, bi muga oso garbiei egin behar diegu aurre. Lehena, fisikoa da eta erreserba fosilen edukiera mugatuari lotuta dago. Bigarrenak ingurumenarekin du harremana: ezin dugu planeta berotzen jarraitu. Energia berriztagarriak beharrezko alternatiba badira ere, muga garrantzitsuak dituzte eta egun den eskaerari nekez erantzun ahal diote. Mugen artean, adibidez, dentsitate energetiko txikiagoa eta iturri horien aldizkako izaera azpimarratu behar dira. Gainera, kontuan izan behar dugu ordezkapen teknologiko baterako eskatzen diren mailetara iristeko, energia fosilen kopuru handiak behar direla eta, horrek topo egiten du kontsumoa gutxitu beharrarekin eta mugatua den planeta baten erreserba materialekin. Horregatik, egun diren kontsumo-mailak ezin direla mantendu eta planetak dituen muga biofisikoetara egokitzen den eredu sozioekonomiko bat garatu behar dela ulertu behar dugu.

Azken urteetan gas naturalaren aldeko apustu garbia egin da petrolio eta berriztagarrien arteko energia-iturri iragankor gisa. Energia-iturri garbia da?
Gas naturala, funtsean, metanoa da, eta metanoa da karbono kopuru gutxien duen hidrokarburoa. Zentzu horretan, karbono dioxidoaren emisioan eragin txikiagoa du. Hori horrela izanda, garbi dago hobe dela gas naturala erretzea petrolioa edo ikatza erretzea baino. Hala ere, kontuan izan behar dugu metanoa bera berotegi-efektua duen gasa dela eta 20 urteko epearen barruan horren eragina karbono dioxidoaren eragina baino 86 aldiz handiagoa dela. Hornidura-katean hautematen oso zailak diren ihesak ematen direla aintzat hartzen badugu, gas naturalaren erabilerak ingurunean duen eragina ez da hain garbia eta hainbat alderdiren baitan geratzen da: gasaren jatorria, garraiatzeko sistema, azpiegituraren egoera, etab. Horrela, egin berri diren ikerketek azaldu dutenez, Errusiatik inportatutako gasak ingurunean duen eragina ikatza erretzearena baino handiagoa da.

Euskal Herrian, beste hainbat lekutan bezala, fracking prozesuaren bidez gasa erauzteko aukera aztertu da. Ideia horren alde daudenak diotenez horrelako tokiko-erauzketak energia-independentzia handiagoa emango liguke. Zein da zure iritzia horren inguruan?
Jada azaldu dudan bezala, frackinga bezalako tekniken agerpena energia merkearen amaieraren sintoma garbia da. Prezio altuko testuinguru batean, frackinga energia fosilen negozio-eredua bizirik mantentzeko saiakera bat bezala ulertu behar da. 2015. urtean Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaltzen zenez, petrolio-erreserben heren bat, gas naturalaren erreserben erdia eta ikatz-erreserben % 80 lur azpian utzi beharko lirateke Parisko Hitzarmenaren ondorioz adostutako planetaren tenperatura-mugak ez gainditzeko. Erreserba berriak aurkitzeko egiten den edozein inbertsiok egin behar dugunaren aurka egingo luke. Hori guztia teknika horrek lurraldean eta bertan diren biztanleengan dituen ondorio hondatzaileak kontuan hartu gabe.

Hain industrializatuta dagoen eta ia baliabide energetiko fosilak ez dituen Europa bezalako lurralde batean energiaren gaiak garrantzi handia du. Zer egin daiteke Errusia bezalako herrialde erauzleekiko menpekotasuna ekiditeko?
Bai, hala da eta, Euskal Herriaren kasuan, egoera are eta larriagoa da. Europan den energia-dependentzia mailarik altuenetakoa dugu, alde batetik, industria-kontzentrazioa handia dugulako eta, bestetik, biztanleria-dentsitate handia dugulako. Horrek oso posizio ahulean kokatzen gaitu datozen hamarkadetan izan daitezkeen aldaketen aurrean. Subiranotasun handiago bat, halabeharrez, berriztagarrien garapenetik eta prozesuen eraginkortasun energetikoetatik etorriko da, sozialak zein industrialak. Hala ere, epe ertainean ez dut uste subiranotasun energetikorik lortzeko aukera izango dugunik. Epe luzera, gure baliabideekin bateragarri diren egitura sozialetara jo beharko dugu eta horrek aldaketa sakonak eskatuko ditu.

Zein puntutaraino baldintzatzen dituzte politika publikoek egun nagusi diren energia-iturriak? Gas naturalaren gaian, adibidez, inbertsio oso garrantzitsuak egiten ari dira eta berriztagarrien kasuan, berriz, ‘Eguzkiaren zerga’ izan dugu Estatuan.
Merkatu energetikoen ustezko liberalizazioa eta teknologien arteko lehia eman bada ere, politika eta inbertsio publikoek oso paper garrantzitsua jokatzen dute energia-esparruaren konfigurazioan. Eusko Jaurlaritzak gasaren azpiegitura sustatzeko egin dituen ahaleginak edo Madrilgo Gobernuak ezarri zuen ‘Eguzkiaren zerga’ errealitate horren adibide bi ditugu. Gaur egun ikusi ahal den moduan, segurtasun energetikoaren eta Errusiarekiko menpekotasunaren aitzakiarekin, Europan gas eta elektrizitatearen inguruko azpiegitura erraldoi pribatuak sustatzen ari dira, partzialki, europar fondo publikoekin finantzatzen ari direnak. Horren adibide garbia dugu, adibidez, Gatika eta Cubnezais (Frantzia) artean egin nahi den goi-tentsioko itsaspeko interkonexioa. Proiektu horren aurrekontua 1.700 milioi euro ingurukoa da eta heren bat Europako Inbertsio Bankuak finantzatuko du. Erabaki politiko horiek agertoki energetikoa baldintzatzen dute eta deszentralizatutako modelo berriztagarri batentzako mehatxu bat dira.

Energia berriztagarriekiko trantsizio-bide horretan energia nuklearrak protagonismoa hartzea zentzuzkoa litzateke?
Berotze globalaren arazoa ezin da arrisku nuklearra erlatibizatzeko erabili. Zentral nuklearrak apustu arduragabeak dira, ez bakarrik horien historia laburrean, zoritxarrez, ezagutu ditugun istripuengatik, baita horietatik eratortzen den zaborra kudeatzeko dugun ezintasunagatik ere. Gizarte bezala, kontsentsu handia izan behar dugu energia nuklearraren bideraezintasun sozial, ekonomiko eta ekologikoaren inguruan; arazo energetikoaren analisi ekonomiko soil batek egun martxan diren zentralen bizitza luzatzera eraman gaitzake eta horrek, istripuren bat ematen bada, oso eragin kaltegarriak izan ditzake.

Baliabide fosilen ustiapena energia lortzeko klima-aldaketaren jatorri nagusietako bat da. Egun indarrean den modeloa ahalik eta lasterren aldatu behar da ala jada beranduegi da?
Une honetan esan dezakegun gauza bakarra da bihar jada beranduegi izango dela. Ulertu behar dugu atzera bueltarik ez duen gurutzebide batean gaudela eta gizarte bezala egoera horri buelta emateko beharrezkoak diren erabaki sendoak hartu behar direla. Karbonoan baxuak diren gizarteetara iristeko izaera teknologikoa eta soziala duen trantsizio bat hasteko unean gaude. Egun dugun informazio guztia izanik, eta aipatu trantsizio hori abian jartzeko aukera izanik, bihar ulergaitza egingo zaigu lehen pausu hori egiteko erabakiak lehenago hartu ez izana.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.