Irakurketa denbora: Minutu 1
Tokiko talentua sustatzea helburu duen “Bilbao Metal Pop-Rock” erakustaldiak 38. edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu du. Egitasmoa Aste Nagusiko musika programazioaren barruan finkatutako erakusleihoa da eta aukera paregabea eskaintzen die lehen urratsak ematen ari diren taldeei haien musika ezagutzera emateko. Erakustaldian parte hartu nahi duten talde zein bakarlariek datorren maiatzaren 30era arte izango dute izena emateko aukera online.
Bilbao Metal Pop-Rock
Bizkaiari lotutako talde eta bakarlariei zuzenduta dagoen lehiaketa honek tokiko talentua sustatu eta talde berriei ikusgarritasuna eman nahi die. Horrela, parte hartu ahal izateko taldeek Bizkaian erroldatutako musikariez osatuta egon beharko dute edo, kide bat.
Parte hartu ahal izango dute musika estilo ezberdinak lantzen dituzten taldeak zein bakarlariak: Metal, Pop, Rock, Folk, RAP edo Hip Hop bezalako estiloen proposamenak onartuko dira. Salbuespen bakarra Jazza da, deialdi honetatik kanpo geratzen dena.
Tokiko eszenan aniztasuna sustatzeko helburuarekin, epaimahaiak bereziki baloratuko ditu emakumeek osatutako taldeak, baita euskaraz abesten duten horiek ere.
Izena ematea osatzeko, online inprimaki bat bete beharko da eta lau abesti mp3 edo wav formatuan atxikitu, taldearen edo artistaren argazki bat (jpg, bmp edo png formatuan), eta musika historial bat doc, docx edo pdf formatuan.
Kazetari eta musika arloko adituez osatutako epaimahai batek 15 proposamen hautatuko ditu. Musikari horiei Villasound 2025 lehiaketan Aste Nagusia saria irabazitako taldea gehituko zaie. Guztira, 16 emanaldi izango dira edizio honetako kartela osatuko dutenak.
Kontzertuak Bilboko Aste Nagusian izango dira Bilborock Aretoan, egunean bi emanaldirekin: 20:00etan eta 21:00etan. Emanaldi bakoitzak 45 minutu inguruko iraupena izango du eta beste abesti batzuen bi bertsio edo egokitzapen izan ditzake.







