Mugikorretarako jokoek kontsolek eta PCek elkarrekin baino diru gehiago sortzen dute

Smartphonetarako jokoek % 52ko merkatu kuota dute eta 2021. urtean zehar 80.000 milioi euro baino gehiago sortu zuten mundu osoan

NewZook ezagutzera eman duenez, bideo-jokoen merkatuak 157.400 milioi euroko diru-sarrerak sortu zituen 2021. urtean, aurreko urtean baino % 1,4 gehiago. Enpresa horren arabera, munduan 3.000 milioi jokalari inguru daude. Horietatik guztietatik erdia baino gehiago (% 55) Asia-Pazifikoko eremuan bizi dira.

Tradizionalki, bideo-jokoak kontsola eta ordenagailu pertsonalekin lotu izan dira. Baina horiek ez dira joko digitalen euskarri nagusiak; izan ere, gaur egun, gehiago jolasten da telefonoekin eta tabletekin. Eta sektorearentzat are garrantzitsuagoa dena: euskarri horietako aplikazioek diru gehiago sortzen dute. NewZook ezagutzera eman duenez, pasa den urtean, mugikorretarako jokoek kontsolek eta PCak elkarrekin baino diru gehiago sortu zuten. Zehazki, telefonoetarako jokoen industriak % 52ko merkatu-kuota izan zuen eta 80.000 milioi euro baino gehiago sortu zuen mundu osoan.

Oso hazkunde azkarra

Gainera, industriaren sektore hori da hazkunderik azkarrena duena, nagusiki, jendeak gero eta telefono hobeak erosten dituelako.

Bada hazkunde hori azaltzen duen beste arrazoi bat: pandemiaren eraginez, 2021. urtean zehar Microsoftek eta Sonyk bideo-joko nagusien garapena profil baxu batean izan dute. Bitartean, telefonoetarako jokoen garatzaileek hainbat joko berri jarri dituzte merkatuan eta horiei esker gero eta publiko zabalago batera iristen ari dira.

Sektoreak sortu duen diru horren ehunekorik handiena Txinako merkatutik dator: 27.770 milioi euro. Kopuru horrek, adibidez, Estatu Batuetan (13.190 milioi) edo Japonian (ia 12.000 milioi) sortutakoa bikoizten du. Alde horrek badu arrazoi bat: horrelako jokoak egiten dituzten garatzaile handienek (Genshin Impact jokoaren garatzailea den miHoyo edo Fortnite garatzen duen Tencent) Txinan dute egoitza nagusia.

NewZook aurreratzen duenez, bideo-jokoen sektoreak oso etorkizun oparoa izan dezake. 2024. urterako bideo-jokoen merkatu globalak 191.000 milioi euro sor ditzakeela iragarri du eta 100.000 milioi baino gehiago telefonoetarako jokoetatik etorritakoak izango dira.