XVII. mendearen hasieran, Shakespearek “Otelo, Veneziako mairua” antzezlana idatzi zuen. Lan horretan, Otelo protagonistak, guztiz jeloskor, Desdemona erailtzen du. Horregatik, pertsona batek bere bikotekidea desleiala dela sinetsita duen nahasmendu eldarniotsua Oteloren sindromea izenarekin ezagutzen da. Funtsean, Oteloren sindromea nahasmendu bat da eta hori pairatzen duten pertsonek uste dute bere bikotekidea desleiala dela nahiz eta hori pentsatzeko arrazoirik ez izan. Nahasmendu hori Zelotipia izenarekin ere ezagutzen da eta ez dagoena ikusarazten dizu.
Jeloskortasuna giza arrazari datxekion sentimendua da: normala da jeloskortasuna izatea edo noizbait eduki izana. Normalean, jelosia azaltzen da maite dugun pertsona horrek beste pertsona bati arreta ‘gehiegi’ eskaintzen diola sentitzen dugunean. Adituek azaltzen dutenez, jelosia, oro har, segurtasunik ezarekin eta norbere buruarekiko konfiantzarik ezarekin lotuta dago. Oteloren sindromearen kasuan, desleialtasunari buruzko usteek eragin ohi dute pertsonak kontrol handia izatea bikotearen jardueretan, eta jokabide obsesibora ere iristen da. Kasu horietan, nahasmendua duen pertsonak jasotzen duen informazio guztia interpretatzen du ustezko desleialtasunaren baieztapen gisa.
Oteloren sindromeak emakumeei eta gizonei eragiten die, baina are gehiago azken horiei.
Estatistiken arabera, nahasmendu hori ohikoagoa da berrogei urtetik gorako pertsonetan, baina psikologoek ohartarazi dutenez, gero eta ohikoagoa da horrelako kasuak pertsona gazteagoetan ikustea. Sexuari dagokionez, Oteloren sindromeak emakumeei eta gizonei eragiten die, baina are gehiago azken horiei.
Sarritan, bikoteetan jelosia gauza positibo gisa ikusten da; maitasun-froga moduko bat, alegia. Baina jeloskortasuna obsesio bihurtzen denean, bikotean gatazka-maila nabarmen handitzen da, eta horrek antsietate- edo depresio-nahasmenduak ere eragin ditzake.